Zuzenean

AEBtako agintaldi erdiko hauteskundeak, Midterms deiturikoak, izan ditugu hizpide NAIZ Irratian, Ibai Azparren eta Urtzi Urrutikoetxearekin batera egindako analisian. Ordezkarien Ganberako 435 eserlekuak eta Senatuko 35 jokoan daude, baita gobernadore karguak eta tokiko hainbat ardura ere. Hauteskundeek Donald Trumpen agintaldiaren bigarren erdian izan dezaketen eragina aztertu dute bi kazetariek, «Kongresuaren kontrolak presidentearen jarduna baldintzatu» dezakeela nabarmenduz.
Kanpainetako gastu handia eta finantzaketa sistema ere izan dituzte aztergai. Azparrenek azaldu duenez, «publizitate politikoan 11.200 milioi dolar baino gehiago gastatu dira», eta super PAC deituriko batzordeek eta emaile handiek gero eta pisu handiagoa dute. Bestalde, Urrutikoetxeak Michigan, Texas, Ipar Karolina eta beste hainbat estatutako lehia aztertu du. Bereziki, «komunitate latinoaren botoak izan dezakeen eragina» nabarmendu dute, ekonomiaren egoera eta Trumpen migrazio politikak kontuan hartuta.
Azkenik, hauteskunde hauen emaitzek 2028ko presidentetzarako lasterketan izan dezaketen eraginaz aritu dira. Alderdi Demokrataren barruko joera progresisten eta zentristen arteko lehia, eta Alderdi Errepublikanoaren etorkizuneko norabidea izan dituzte hizpide. Bi kazetariek azpimarratu dute emaitzetatik harago, hauteskunde hauek «datozen urteetako panorama politikoa ulertzeko» garrantzitsuak izango direla.



