Zuzenean

2023ko hauteskundeetan bezala, Podemos eta ezker konfederala delakoaren parte diren gainerako alderdiak banatuta aurkeztuko dira Espainiako Estatuko Hauteskunde Orokorretara, azaroaren 29an. Negoziazioek kale egin ostean, euren posizioa aldarrikatu du NAIZ Irratian EAEko Podemosen Idazkari Nagusiaren alboko Miren Echevestek, «PSOEren ezkerrera gauden bakarrak gu gara estatu mailan». Ziurtatu du Echevestek, saiakera egin dutela eta EAEn, behintzat, duela aspaldi ari zirela hitz egiten Sumarrekin foru eta udal hauteskundeei begira, estatuko hauteskundeen deialdiak egoera aldatu zuen arte; «harrigarria iruditu zaigu zergatik ez zuten ezta eseri nahi izan honetaz hitz egiteko».
Gaur egun ezkerretik «politika egiteko bi estrategia» agerian gelditu direla uste du Echevestek, eta Fronte Zabala osatzen dutenena PSOErekin erabat lerratzea dela. «Guk argi daukagu Alderdi Sozialistari interpelatu behar zaiola eta deseroso sentiarazi behar zaiola mugitzeko eta kalean ikusten ditugun aldarrikapenak errealitate bihurtzeko. Beste aldean, Fronte Zabalean sartu diren alderdien estrategia da Alderdi Sozialistarekin batera tandem moduan aurkeztea, azken legealdiko bide beretik jarraitzeko», azaldu du Echevestek.
Podemoseko ordezkariak uste du PSOE eroso dagoela hauteskundeok ultraeskuinaren aurkako erretorikara mugatzen, baina gogora ekarri duenez, «gauzak ez daude ondo». Kaleak dionari erreparatu eta politika zentzu horretan egitea funtsezko deritzo, «Alderdi Sozialistak planteatzen duen gauza bakarra da ultraeskuina gelditzea eta berarekin doazenak tandemean gauza bera eskaintzen dute, PSOE gobernura eramatea ultraeskuina gelditzeko. Ultraeskuina denok gelditu nahi dugu. Baina horretaz harago zer egingo dugu kalean dagoen nekea eta haserrea baretzeko?».
Ezinbestekoa den ultraeskuinarekiko borrokaz harago «bakea, etxebizitza eta lana» aldarrikatu ditu Echevestek herritarrek indar politiko aurrerakoien alde egin dezaten.
Lekuan lekuko errealitateak
Podemosek argi utzi nahi izan du, alderdi hau izan dela negoziazioak erkidego eta lurralde bakoitzak dituen ezaugarrietara egokitu dituena eta Fronte Zabala, berriz, ildo estatala lehenetsi duena. Lekuan leku, ezkerraren aukerak indartzeko modurik eraginkorrena delakoan, Katalunian Podemosek ERCrekin lortutako «lankidetza akordioa» defendatu du alderdi moreko ordezkariak. «Beraiek badaude lan bat egiten bere lurraldeetan indartsu izateko eta orduan edozein akordio egin behar zen errealitate horiek errespetatuta. Hori da ERCrekin egin duguna, errespetatu beraien errealitatea, beraien indarra, aldarrikapenak eta guk babesa eman, trukean beraiek ere guri babesa emanez», ondorioztatu du.
ERCrekin lortutakoa bezalako akordio bat izan da ere Valentzian Compromisekin. Aldiz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan halako estrategiarik aztertu ote duten galdetuta, «ez dira baldintza egokiak eman», erantzun du Echevestek, «nik ez dakit askoz gehiago».
Zaintza, lehentasuna
2016ko Hauteskunde Orokorretan EAEn Unidas Podemos alderdi bozkatuena izan zenetik, etengabeko gainbehera jasan du Podemosek euskal lurraldeetan. Espainiako Gobernuan egon izanaren higadurarekin eta botere politiko, judizial eta mediatikoaren erasoekin lotzen du gainbehera hori Miren Echevestek, baina hemen jarraitzen dutela gogoraraziz, «bizirik gaude eta aurkezten gara berriz ere esateko gauzak aldatu behar direla».
Bien bitartean, 2027ko maiatzaren 23an egingo dira Udal eta Foru hauteskundeak eta Echevestek zerrendaburu bezala errepikatuko du Gipuzkoan. «Gizarte politikak dira lerro gorriak. Badauzkagu zahar-etxeetan eta eguneko zentroetan lan egiten duten zaintzaileak oso egoera prekarioan. Inork ez du ukatzen eta ardura Aldundiarena da».
Podemoseko hautagaiak gogora ekarri duenez, Eider Mendozaren Foru Gobernuarekin lortu zuten akordioa «ez da bete». Gainerakoan, politika fiskal aurrerakoiago bat aldarrikatu du, gaur egungo errenta taulak berrituz eta Bizkaian nagusitu den eredua alboratuz. Era berean, politika ekologistak eta feministak euren lehentasunen artean jarraituko dutela berretsi du Miren Echevestek.


