Zuzenean

Adin bat baduzue, gogoratuko duzue 2001. urtean oraindik ere disko-denda asko genituela, batez ere hirietan; CD-ak erosi eta entzuten zirela batik bat, baina musika pirata ere oso bogan zegoela. Izan ere, internet gure bizitzetan sartzen hasia zen dagoeneko, eta itsaso berri hartan topatutako abestiak deskargatzen hasiak ginen. Batzuek ordenagailuan bertan entzuten zituzten abesti horiek; beste batzuek, aldiz, musika-hautaketa askotariko eta bitxiak biltzen zituzten cd-ak sortzen zituzten deskarga horiekin. Nork ez ditu gogoratzen errotulagailuz izkiriatutako izenburua zuten zilar koloreko cd horiek discman aparatuen barruan?
Bazen ere, musika pirateatzen zutenen artean, beste azpi-espezie bat: lehenengoetariko mp3 irakurgailuak zituztenak. Garai guztiek eduki dituzte etorkizunera begira dauden modernoak, ezta? Telebistari dagokionez, halaber, bideoklipak botatzen zituzten kanalez ere gozatzen genuen garai hartan, musikaren alde bisualak jada pisu handia baitzuen 2001. urtean.
Funtsean, mundu digitala jada jokoaren arauak aldatzen hasia zen 2001. urtean; bai musika entzuteko moduei zegokionez, baita musikaren baitan ere. Pop musikak gero eta gehiago begiratzen zion elektronikaren munduari, hip-hopak soinu berriekin esperimentatzen zuen eta rock independentea egiten zuten bandak ere lehen lerroa okupatzen hasiak ziren.
Noski, 2001. urtea ere irailaren 11ko atentatuaren urtea izan zen, eta hori udazkenaren ateetan gertatu bazen ere, izan zuen inpaktua garaiko musikagintzan.
XXI. mendeko lehen urte hartan nazioarte-mailan izan zen hit handiei begira jarrita Kylie Minogueren ‘Can’t get u outta my head’ abestia gogora genezake, adibidez: edm estiloko patroi erritmiko hipnotikoa zuen abestia eta, noski, bere bideoklipean protagonismoa izan zuen kaputxadun soineko zuria.
Biana urte hartan ere proposamen freskoak etorri ziren. The Strokes taldea sortu zen New Yorken, rock&rollaren revival-a gurera ekarriz; musika eta animazioa nahasten zituen Gorillaz proposamen bitxiak bere lehenengo lan luzea kaleratu zuen; eta r&b-a gustuko dugunontzako urte bikaina izan zen, Alicia Keys eta bere Songs in A minor iritsi zirelako.
Euskal Herriko ekosistema propioa
Euskal Herriak, aldiz, bere erritmoa eraman izan du beti; eta halaxe zen 2001. urtean ere. Garai hartan, kantautoreen olatuak boladan jarraitzen zuen bitartean, rock musikaren indarberritze bat ere gertatu zen. Berri Txarrak taldeak ‘Eskuak, Ukabilak’ metal kutsuko diskoa atera zuen, ‘Oihu’ eta ‘Biziraun’ bezalako abesti eternalak oparitu zizkigun bertan. Rock komertzialagoaren alorrean, bestalde, Ken Zazpi taldeak bere estreinako lana kaleratu zuen, ‘Atzo da Bihar’; ‘Zenbat Min’ energikoa edota ‘Ezer ez da betiko’ balada barnebiltzen zituena. Mainstreametik apur bat urrunduz, ordea, Kuraiak izen bereko lehen lana ere argitara eman zuen 2001ean. Zin dagizut: artikulu hau irakurtzeaz bukatu eta ‘Egunsentian’ jartzen baduzu, revival sentsorial erabatekoa izango duzu.



