Zuzenean

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia
Elkarrizketa

«Baso suteen arazo larriari aurre egiteko baso-suhiltzaileen lana urte osoan ezinbestekoa da»

Nafarroa baso-suhiltzailerik gabe geratu da urrian. Xabier Plazaolak, Forestalak 365 plataformako kideak, erabakiak dakarren arriskuak aletu ditu NAIZ irratian: «Baso sute bat egon ezkero, herritarrak merezi duten arretarik gabe daude». Era berean, lan baldintzak hobetzeko eskaera egin du. 

«Baso suteen arazo larriari aurre egiteko baso-suhiltzaileen lana urte osoan ezinbestekoa da»

Loading player...
Nafarroako baso-suhiltzaileak protesta egin zuten Nafarroako Foru Diputazioaren aurrean
Nafarroako baso-suhiltzaileak protesta egin zuten Nafarroako Foru Diputazioaren aurrean (Xabier Plazaola)

Gaur-gaurkoz, Nafarroak ez du baso-suhiltzailerik; eta, behintzat, horrela jarraituko du azaroan eta abenduan. Xabier Plazaolak, Forestalak 365eko kideak, azaldu du epe horretan baso-suhiltzaileen kolektiboa «desagertzen» dela, eta Nafarroako Gobernuak hartu duen erabakia kritikatu du: «Ohiko suhiltzaileen ardurapean geratzen da baso suteak itzaltzea, eta horrek parkeak husteko arriskua dakar beste larrialdiren bat badago». 

180 baso-suhiltzaile langabezian

Erabakiaren ondorioz, 180 baso-suhiltzaile langabezian geratu dira, eta Plazaolak urte osoan lan egiteko eskaera egin du. Era berean, azken 20 urteetan aldaketarik eman ez dela salatu du: «Nafarroako Gobernuak urteak daramatza aitzakiekin».

Lan baldintzak ere jomugan jarri ditu baso-suhiltzaileak. Lehenik, «errotazio sistema handia» salatu du, eta plantillaren heren batek ez duela bi kanpaina baino gehiagotan lan egin azaldu. «Horrek eragin zuzena du gaitasun operatiboetan eta segurtasun baldintzetan», gehitu du. Bigarrenik, txandakatze tasa altua deitoratu ez ezik, «azken 40 urteetan» oposiziorik egin ez izana ere gaitzetsi du. Azkenik, egitura eskasaren arriskuak aletu ditu: «Baso suteen aginte espezialisten falta nabaria da, eta sutea nahi baino gehiago hedatzen denean, aginte egitura kolapsatu egiten da». 

Baso-suhiltzaileak lanean uda honetan
Baso-suhiltzaileak lanean uda honetan

Orain arte 180 baso-suhiltzaile zeuden soldatapean, 126 heren bateko lanaldian eta 54 hiru laurdeneko lanaldian. Plataformako kideak «eredu erreaktibo batetik prebentzio eredu batera» igarotzeko premia aldarrikatu du, «herri defendagarriak» sortzeko. Eredu hori «kudeaketa arlo estrategikoak identifikatzean» datza. Gainera, kanpaina inolako «entrenamendu maniobrak» jaso gabe hasten dutela gaitzetsi du.  

Eskumenen arteko gatazka

Nafarroako Gobernuko bi sailek badute zeresana auzian, eta gatazka horrek «are gehiago zailtzen du» auziaren konponbidea. Izan ere, Plazaolak azaldu du suteen gestioa suhiltzaileei dagokiela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari. Bestalde, paisaiaren kudeaketa beste sail bati dagokio, Ingurumenari. Plataformaren ustetan, bi departamentuek «gehiago» egin dezakete arazoari irtenbideari emateko, eta azken urteetako jarduna deitoratu du. «Inprobisazioa alde batera utzi behar dugu», adierazi du Plazaolak, eta 2027an 2022ko egoera errepikatu litekeela azaldu du. 

Plazaolak bere harridura azaldu du Ingurumen Departamentuaren menpe dagoen Orekan enpresa publikoak «esku hartu duelako». «Publizitate gutxirekin eta itzal askorekin makinak erosi eta 10 laguneko taldea osatu dute», adierazi du. Forestalak 365 plataformako kideak argi esan du Nafarroan «10 suhiltzailek eta bi bulldozerrek eragin mugatua» dutela. Plazaolak aurreratu duenez, plataformak bidea egingo du helburua bete arte: «Bide guztiak arakatu nahi ditugu, begetazioaren kudeaketetatik hasi eta babes zibileraino, prebentzioaren ikuspegiari dagokionean». 

Jaurlaritza Logoa