Zuzenean
Onimusha PlayStation 2aren garaiko saga mitikoa dela esan daitekeen arren, urte luzez egon da atal berririk gabe. Birmasterizazio pare baten ondoren, irail hasieran jaso genuen Way of the Sword berria, eta Kioton girotutako abenturan barneratzeko aukera eduki dugu.
Premisa eta istorio berria aurkezten baditu ere, Onimusharen ohiko elementu guztiak berreskuratzen ditu azken jokoak; hau da, samuraiak, katanak, Genma deabruak, Oni botereak eta Erdi Aroko Japonia. Aldi berean, jokagarritasun ideia eta mekanika berriak txertatu ditu, akziora zeharo bideratuta: borrokak, batez ere buruzagi nagusien aurkakoak, dira tituluaren izar nagusiak.
Urtearen amaiera iristen gabiltza pixkanaka. Zer esan nahi du horrek? Euskarazko bideojokoen zaparrada datorrela. Azken saioan gure hizkuntzan jokatzeko prest dauden hiru titulu aurkeztu ditugu: Zestalari Jai Alai, Prop Sumo eta Darby is Here Forever.
DroidDeck aplikazioari begira jarri gara, baita. Android gailuetan instala daitekeen programa honek SteamOS dakar mugikorretara zein kontsoletara: Valve-n FEX, Steam ARM zein beste hainbat tresna erabilita, PCko jokoak —X86/x64 gailuetakoak, alegia— Androiden exekutatzea ahalbidetzen digu Steam Big Picture interfazearekin.
Ninja Theory lantaldea, bestalde, desagertzear dagoela dirudi. Xbox-en berrabiatze prozesuaren parte da, baina estudio beteranoa beste argitaletxe bati saltzeko asmoa zegoen. Azkenean, badirudi ez dela horrela izango, eta Senua berria desagertzeko arriskuan dago.
Star Citizen-en oinarritutako Squadron 42 kanpainak datorren urtean estreinatzeko asmoa berretsi du; gauza bera dio Forza Horizon 6ren PlayStation 5 bertsioak.
Laguntzaileak:



