Zuzenean

«Gaztetxea eta liburutegia proiektu bateragarriak dira»

Gernikako gaztetxea desalojatzeko hainbat saiakera egin ditu Udalak aurtengo udan, liburutegi berri baten proiektuaren aitzakipean. Jose Mari Gorroño alkatearen «mehatxu» eta «gezarruak» salatu ditu Egurre Gazte Asanbladak, Enaitz Arronategi kideak NAIZ Irratiari azaldu dionez.

 

«Gaztetxea eta liburutegia proiektu bateragarriak dira»

Loading player...
Gernikako gaztetxearen aldeko mobilizazioa
Gernikako gaztetxearen aldeko mobilizazioa (Egurre Gazte Asanblada)

Hamarkada batez Gernikan ez da gaztetxerik egon, harik eta joan den urteko udaberrira arte. 2025eko apirilaren 12an Egurre Gazte Asanbladako kideek herriko eskola zaharra okupatu zuten, hamahiru urte hutsik zeramatzana. Aurtengo udan, gazteak desalojatzeko hainbat saiakera egin ditu herri bizkaitarreko Udalak, liburutegi berri baten proiektuaren aitzakipean.

Gernikako Udalak 2008an aurkeztu zuen aurrenekoz udal liburutegi berriaren proiektua, baina aurrekontuak ez dira aurten arte onatu. Obrari ekin ahal izateko gaztetxea desalojatu nahi du Jose Mari Gorroño alkateak, zeinak irail hasieran ziurtatu zuen «datorren urtean liburutegia martxan» egongo dela.

Gaztetxearen kudeaketaz Egurre Gazte Asanblada arduratzen da, eta Gorroñoren argudioak «gezurretan» oinarritzen direla ziurtatzen du. Liburutegiaren inguruko eztabaida aspaldikoa da Gernikan, ikasleek luzaroan salatu baitute azpiegitura zaharkituta dagoela eta herriko beharrizanentzat txikiegia dela. Baina gazteek «proiektu elektoral» gisa irakurtzen dituzte Udalaren presak, liburutegi berriaren proiektuak ia hogei urte daramatzalako geldirik.

Harremanik ezean, mobilizazioak

Enaitz Arronategi asanbladako kideak ziurtatu duenez, tentsio egoera ekainaren 15ean hasi zen, Udalak gaztetxeko sarraila «modu ilegalean» aldatu zuenean; inongo prozedura judizialik ez jarraitu izana leporatzen diote alkateari. Gazteek eragindako presioari esker kaleratzea bertan behera gelditu zen, eta harrezkero behin baino gehiagotan bildu ziren Gorroñorekin egoerari alternatiba bat bilatzeko. Baina akordioetara ailegatu orduko Udalak harreman guztiak eten zituela salatu du Arronategik.

Desalojoa abuztuaren 24ean emango zelaz jakitun, gazteek ekimen ugari antolatu zituzten aurreko egunetan egoera salatzeko. Bi egun lehenago Picassoren koadroaren aurrean eskegi ziren, eta egunean bertan eserialdi jendetsua antolatu zuten Udaletxe barruan.

Abuztuan hastekoak ziren obrak geldituta daude oraindik, eta galera ekonomikoen ardura asanbladaren gain eroriko dela adierazi du alkateak. Gazteek, bestalde, gaztetxea eta liburutegia «proiektu bateragarriak» direla aldarrikatzen dute, negoziazioak berrabiarazteko deialdia eginez.

Jaurlaritza Logoa