Zuzenean

Peli Lekuona | Hegoi Belategi
Elkarrizketa
Garbiñe Aranburu
LAB sindikatuko koordinatzaile nagusia

«Greba egun berean egin arren, Euskal Herritik Euskal Herrirako greba bat izango da»

Etxebizitza larrialdi betean, LABek ere greba egingo du azaroaren 11n. Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaileak argi du «etxebizitzaren arazoa iraultzen hasteko ezinbestekoa dela etxebizitzak negozio izateari uztea». 

«Greba egun berean egin arren, Euskal Herritik Euskal Herrirako greba bat izango da»

Loading player...
Etxebizitza larrialdiaz aritu da Garbiñe Aranburu NAIZ Irratian.
Etxebizitza larrialdiaz aritu da Garbiñe Aranburu NAIZ Irratian. (Jon Urbe | Foku)

CCOO eta UGT sindikatuek maizterren sindikatuaren eskaria bere egin dute eta greba orokorrerako deialdia egin azaroaren 11rako (asteazkena). Halako greba deialdi bat egiteko arrazoiak ez dira berriak LAB sindikatuko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranbururentzat. Edozein kasutan, sindikatu abertzaleak ere greba egingo du, argi utzita euren esparrua Euskal Herria eta euskal langileria direla. Zentzu honetan euren aldarrikapenak Hego Euskal Herriko aginteriengana zuzenduko dituzte, etxebizitza larrialdia iraultzen hasteko eskumenak badituztela iritzita. 

Etxebizitza larrialdiaren aurrean greba orokorraren tresnatzat jo duzue, baina nola islatuko da kalean? Alegia, zer paper joka dezake sindikalismoak afera honetan? 

Guk garbi daukaguna da greba egun berean egin arren, Euskal Herritik Euskal Herrirako greba bat izango dela. Gogora ekarri nahi dudana da Euskal Herrian kalean eta lantokietan borroka sindikal eta sozial ugari eman direla azkeneko urteetan. Etxebizitza langileen pobretzerako arrazoi nagusietako bat da, kapitala eta bizitzaren artean daukagun talka horren adibide nagusietako bat. Hemen badago sakoneko talka bat, langileen aldeko politikak, politika birbanatzaileak edo kapitalaren agenda erreakzionarioaren artekoa eta zentzu horretan, Euskal Herria martxan dago. 2023an zaintza sistema publiko baten aldeko greba orokor batetik gatoz. Gero Palestinaren aldeko lanuzte bat, udaberrian lanbidearteko gutxieneko soldataren aldeko greba orokorra arrakastatsu bat eta esan bezala, hainbat borroka sindikal piztuta daude. Oran etxebizitzaren gaiarekin gauzak azkartu dira larrialdi egoera batean bizi garelako. LABek etxebizitzaren eremuan ere sindikalismoa egiteko erabakia hartua dauka eta guzti horregatik uste dugu azaroaren 11n grebara jotzeko arrazoiak eta aukerak eraikiak daudela. 

CCOOk eta UGTk deitu dute greba orokor hau. Zer izango da, greba bateratua edo paraleloa?

Greba egunean egingo dugu bat, baina guk garbi daukaguna da Euskal Herritik Euskal Herrirako greba esaten dugunean, etxebizitza eskubidearen aldeko greba bat, soldata duinen aldeko greba bat ere izan behar dela. Hor interpelazio bikoitza egingo dugu, bertako patronalei eta bertako instituzioei, Gasteiz eta Iruñeko gobernuei. Soldaten eremuan eta bereziki etxebizitzaren gaiarekin, larrialdi egoera iraultzeko behar diren neurri estrukturalak hartzeko eskumen zabalak dituzte Gasteiz eta Iruñeko gobernuek. Guk eskatuko duguna da autogobernua ere langileen mesedetan erabili dadila eta bestelako politika batzuk egin daitezela. Interpelazio horietan Euskal Herrian ere tokia izango du greba honek, bertako agenteei ere dei egingo diegulako eta neurri zehatzak eskatuko dizkiegulako.

Garbi daukaguna da Euskal Herritik Euskal Herrirako greba esaten dugunean, etxebizitza eskubidearen aldeko greba bat, soldata duinen aldeko greba bat ere izan behar dela.

Bestetik, guretzako garrantzitsua da ere soldatak eta etxebizitza lotzea eta guretzako ezinbestekoa da berriro ere lanbide arteko gutxieneko soldataren euskal esparruaren aldeko aldarrikapen hori bertan presente egotea. Gogora ekarri nahi dut udaberriko greba horretan gutxieneko soldata hemen erabaki ahal izatea izan zela aldarrikapen zentraletako bat. Greba egunean badago konfluentzia, baina grebaren izaeran eta aldarrikapenetan badira desberdintasunak. 

Gutxeneko soldatari dagokionez, Espainiako Estatuko sindikatuek aldarrikapen horrekin lotu dute ere greba deialdia. Estatuko sindikatuek ez zuten babestu bertako greba. 

Soldaten aferaz bai hitz egiten dutela, baina guretzat euskal esparruaren errespetua oinarrizko printzipio bat da. Gogoratu behar duguna da CCOOk eta UGTk zer jarrera izan zuten. Ez zuten babestu lanbidearteko gutxieneko soldata propio bat izateko eskumenaren alde egin genuen Herri Ekimen Legegilea. Eta ez hori bakarrik, euskal esparruaren kontrako adierazpenak egin zituzten bere garaian. Kasu horretan espainiar identitate zentralista bat nagusitu zen bi sindikatu hauetan, ulergaitza dena langileen ikuspegitik, azken batean posizio hori mantentzeak patronala besterik ez duelako laguntzen. Datuek oso garbi uzten dutena da espainiar Estatuko gutxieneko soldata hori ez dela nahikoa Euskal Herrirako eta bi sindikatu hauek hartu zuten jarrerak ekartzen duena da Estatuko gutxieneko soldata eta bertako gutxieneko soldataren arteko diferentzia hori patronalaren poltsikoetan gelditzea. Beraz, beraien identitate espainiarra nagusitu zen, euskal esparruaren kaltetan eta hori guretzako bada marra gorrietako bat. 

Badira ere, hilabete batzuk LAB sindikatua ikusten dugula etxebizitza larrialdian inplikatzen eta kaltetuei babesa ematen. Sumatu duzue sindikalismoak ekarpen bat egin behar duela?

Bai, erabaki hori hartua daukagu, etxebizitza momentu honetan langileen pobretzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu delako. Eta etxebizitza eskubidearen alde, errentismoaren eta espekulazioaren kontra maizterrekin batera antolatu eta lan lerro sindikal bat martxan jartzeko erabakia hartuta daukagu, ekintza sindikala egitekoa etxebizitzarekin eta ari gara horretan, Emaitzak izaten ari gara eta jendearen aldetik oihartzuna positiboa da. Erandion maizterrarekin antolatu gara, Gasteizen, Iruñean... baditugu hainbat eta hainbat adibide eta maizterrekin batera egiten ari garen lan horren emaitza izan dira, besteak beste, pasa den asteburuan lau hiriburuetan deitutako mobilizazioak. Eta mobilizazio horietan ikusi da jendea kalera atera dela eta mobilizazio horiek ere arrakastatsuak izan direla. Beraz, bai, garbi ikusten duguna da sindikatu batek langile guztien eskubideak defendatzeaz gain, langileen bizi baldintzen alde borrokatuko badu, ezinbestean etxebizitzaren eremuan ere antolatu behar duela eta ekintza sindikala egin behar duela. Apustu hori egin dugu eta berresten gara apustu horretan. 

Erandioko `Los Ocho´ deituriko eraikinean aurreikusia zegoen urria hasieran etxegabetze batzuk egitea. Espainiako Gobernuak onartu dituen dekretuekin, eten da etxegabetze arriskua edo bere horretan jarraitzen du? 

Badago nolabaiteko tentsio bat, linbo moduko bat, eta guk gatazka zehatz horretan eta besteetan negoziazioa eskatu dugu. Negoziatzeko aukera hori oraindik ez zaigu ireki, tentsio horretan mantentzen da egoera, baina garbi daukaguna da ez dugula etxegabetze bakar bat ere ontzat emango maizterrekin antolatuta jarraituko dugula. Erandion bertan egin zen mobilizazioan ere erakutsi zen herriak zer-nolako babesa ematen dien maizterrei. Ikusiko bagenu mugimendu bat badagoela, berriro ere ba aktibatuko genuke eta presio egiten jarraituko dugu.

Bihar indarrean sartuko den etxegabetzeen aurkako dekretuak, aurreikusten du bi urtez gutxienez etxegabetzeak egiteko aukera baztertzea. Nola ikusten ditu LAB sindikatuak dekretu hauek?

Dekretu horiek kaleko presioari esker iritsi direla pentsatzen dugu. Etxebizitzaren arazo estrukturalari bere osotasunean irtenbiderik emango ez dioten dekretuak dira, baina neurri handi batean presio horretatik eratorriak dira eta egia esan, eskubide batzuetan aurrera egitea suposatuko lukete, besteak beste, lehen aipatu dugun linbo horretan gutxienez babes gehiago izango lukete maizterrek. Hau esanda, guk ikusten duguna da eskuina eta eskuin muturra nola lerrokatu diren higiezinen patronalaren eta funts putreen interesen mesedetan, eta nola Junts, UPN baina baita EAJ ere, (bi dekretuekiko jarrera berdina ez duena mantentzen) posizio horietan lerrokatu diren. Guretzat hau erabat salagarria da. Bi dekretuek atera beharko lukete aurrera eta horiek baino neurri sakonagoak har daitezen lanean jarraitu beharko litzateke. Zer zentzutan? Argi duguna da etxebizitzaren arazoa iraultzen hasteko ezinbestekoa dela etxebizitzak negozio izateari uztea, etxebizitzarekin ezin dela espekulatu eta prezioetan eskua hartu behar dela, merkatuaren prezioetan esku hartu eta mugatu egin behar direla prezio horiek. Maizterrak babesteko neurri sakonagoak behar dira eta etxebizitza publikoko parkea handitu egin behar da.

Bi dekretuek atera beharko lukete aurrera eta horiek baino neurri sakonagoak har daitezen lanean jarraitu beharko litzateke. Zer zentzutan? Argi duguna da etxebizitzaren arazoa iraultzen hasteko ezinbestekoa dela etxebizitzak negozio izateari uztea.

Horiek dira sakoneko neurri nagusiak eta horietako batzuk Madrilgo Gobernuaren eskumena dira, baina beste batzuk EAE eta Nafarroako gobernuena. Horregatik, guretzat ere greba honetan garrantzitsua da bertako gobernuei ere interpelazio hori egitea. Bertako instituzioen aldetik ikusten ari garena da hartzen ari diren neurriek ez diotela egiturazko egoera horri erantzuten, egoerari erantzuteak higiezinen patronalarekin eta funts putreen interesekin talka egitea dakarrelako. Hori da muinean dagoena, kapitalarekin beste eremu batzuetan gertatzen den bezalaxe. Argi daukaguna da eskuin muturraren gorakadari aurre egingo bazaio, ezinbestean bestelako politika batzuk egiten direlako izango dela, politika birbanatzaileak erdigunean jartzen direlako, zerbitzu publiko sendoak ziurtatzen direlako, baina baita ere etxebizitzarako sarbidea modu unibertsalean herritar guztiei ziurtatzen zaielako. Hori egin ezean, agenda erreakzionarioa nagusitzen da. Eta horregatik, guretzat garrantzitsua da ere sindikalismoa egiten dugunean langile guztien errealitateari begiratzeko ikuspegi hori izateaz gain, sindikalismoa ikuspegi antiarrazista eta feminista batetik ere garatzea. 

Funts putreek zer nolako eragina daukaten ikusita, zergatik ez zaie mugarik jartzen?

Orain sortu den larrialdi egoera hau ez da egun batetik bestera sortu. Eta larrialdi egoera honetara iritsi baldin bagara izan da ez zaielako inolako mugarik jarri beraien zabalpenerako. Badakigu horien interes bakarra etekin ekonomiko azkarra lortzea dela eta ez dutela inolako moralitaterik, ez dutela inolako herri ikuspegirik, ez dutela inolako eskrupulorik. Etxebizitzaren merkatuan arazor nagusia ez da etxebizitza faltarena. Arazo nagusia da nola dagoen antolatuta etxebizitza merkatua. Arazo nagusia da errentistek nola estali duten etxebizitzaren merkatua eta horrek gero zer nolako ondorioak dituen. Hau gertatu da ez delako egon hori eragozteko erabaki politikorik. Horregatik, behin puntu honetara iritsita, gure ustez erabaki politiko ausartak hartzeko momentua da eta sakoneko arazoari heltzeko momentua, baina horrek errentisten eta espekulatzaileen interesekin talka egitea eskatzen du.

Guretzat greba honetan garrantzitsua da bertako gobernuei ere interpelazioa egitea. Bertako instituzioen aldetik ikusten ari garena da hartzen ari diren neurriek ez diotela egiturazko egoera horri erantzuten, horrek higiezinen patronalarekin eta funts putreen interesekin talka egitea dakarrelako.

 

Amaitzeko, gustatuko litzaidake oroitaraztea iraila hasieran izan zela Pradales lehendakariaren bilera erronda bat. Bertan izan zinen. Jakin nahi dugu nolako aldarrikapenak eraman zenituen bertara eta nolakoak izan ziren erantzunak. 

Bilera horretan egoera ekonomikoaz hitz egiteko aukera izan genuen, egoera makroaz eta egoera mikroaz, guretzako bereizi ezin direnak. Guretzat ekonomiaren hazkundea neurtzeko barne produktu gordina ez da adierazle egoki bat, adierazle kapitalista delako. Ezin da herri baten egoera ekonomikoa ondo dagoela esan, mikroa deitzen diogun hori, hau da, soldata duinik ez dagoen bitartean, prekaritatea nagusitzen den bitartean edo etxebizitzarako sarbidea jendeak ziurtatua ez daukan bitartean. Mikro hori hor dagoen bitartean, ezin da esan egoera ekonomikoa ona dela.

Beste ideia bat oso modu argian helarazi geniona izan zen eskuin muturraren gorakadarekin kezka adierazteak ez gaituela inora eramaten. Eta pixka bat lehen botatzen nuen haritik, ba bestelako politika batzuk eskatu genizkion lehendakariari. Eskatu geniona izan zen autogobernuak kontzertu ekonomikoak ematen dituen bitarteko eta aukera guzti horiek erabiltzeko herritarren aldeko politikak egiteko, politika birbanatzailea eta zerbitzu publiko sendoak egiteko, zerga politika berri baterako, patronalaren interesen neurrira eraikia izango ez dena. Hori egin ezean, agenda erreakzionarioak gurean ere lekua egiten jarraituko du. Hori errealitate bat da, gure herrian ere eskuinaren hedatze prozesu bat ematen ari da, jarrera matxistak eta arrazistak indartzen ari dira. Egia esan, bilera horretatik ez genuen norabide horretan inolako konpromiso argirik atera. Eta lehen bileran bezalaxe, ikusten duguna da Jaurlaritza honek jarraitzen duela langileen aldeko politikak bultzatu gabe. 

Jaurlaritza Logoa