Zuzenean

Kuba, Bizi Iraultza podcastaren bigarren atalak, hain beste belaunaldi borrokalari inspiratu dituen gertakari historikoa jasotzen du, Kubako Iraultzari eta bere fase armatuaren osteko lehen urteetan ekarri zituen aldaketa handiei. Epopeiatik asko duelako M26 gerrilla osatuko zutenek lortutakoa; Moncada kaserna hartzeko saiakeraren porrota 1953an, garaipen politiko bat izango zelako eta aurretik etorriko zenaren isla.
Granma ontziak erasopean lur hartu zuen eta gerra abiatu aurretik ere mugimendua desagertzear egon zen. Sierra Maestran gerrillarien kanpaleku soil bat zena, gizarte eredu herrikoi bat martxan jartzeko saiakera bilakatu zen. Mendikatean alternatiba gorpuztuta eta herriaren babesarekin, gerrillak ekialderantz eta mendebalderantz zutabeak bidali zituen, Santa Clara estrategikoa hartzeko jarraian, Fulgencio Batista diktadorea ihes egitera behartuz 1959ko urtarrilaren 1ean.
Ez zen amaiera bat izan, baizik eta zerbait berriaren hasiera. Politika benetan iraultzaileak gauzatzeko unea orduan heldu baitzen EHUko irakasle Luismi Uhartek gogora ekarri duenez, «lehen urteetan emandako aldaketak izan ziren asko eta oso sakonak. Alde batetik esparru sozialean zegoen zor historikoa herriarekiko ordaintzen hasi zen, hor daude alfabetizazio kanpainak, medikuak etab. Esparru ekonomikoan helburua zen egitura ekonomiko neokolonialari buelta ematea, eta hor aipatu behar dira enpresa handi eta estrategikoen estatizazioa eta nekazal erreforma, lurren banaketa. Eta nazioarteko politikan jakina, burujabetza nazionala erdigunean jartzea», azaldu du Luismi Uhartek.
70. hamarkadaren hasieran Granma probintziako sendi beltz eta umil batean jaiotako bi alabek goi mailako musika ikasketak garatu ahal izan zituzten, doan eta inolako oztopo edo aurreiritzirik gabe. Dana eta Dany Moya ahizpak musikari eta abeslariak dira, eta elkarrekin D´Capricho taldea osatzen dute, tartean Miren Agur Meabe edota Joseba Sarrionandiaren olerkiak musikatuz, euskaraz.

Dana Euskal Herrian bizi da eta Dany hamaika bider egon da. 2026ko udan egindako biratxoa baliatu du NAIZ Irratiak beraiekin bat egiteko. Dana Moyak aukera berdintasuna bermatzen zuen gizarte eredu batez hitz egin du, bere haurtzaroa oroitzean. «Baldintza guztiak gure alde egon dira, nahiz eta beltzak eta pobreak izan. Nire amona sei urterekin hasi zen lanean, jostun moduan. Oso ona izan zen eta preziatua aberatsen artean, baina sei urterekin lan egitea oso gogorra da. Ni sei urterekin hasi nintzen ikasten musika eskolan, doan eta berezko nituen musika gaitasunengatik».



