Zuzenean

Bigarren Kafea
Elkarrizketa

«Dantzari izateaz harro gaudela erakutsi nahi dugu»

Pasa den larunbatean Zizur Nagusian Euskal Herriko zazpi lurraldetako euskal dantzak ikusteko aukera izan zen lurralde guztietako dantzariak bildu baitziren Euskal Herriko Dantzarien Egunean. Xabier Mendizabal, Euskal Dantzarien Biltzarreko kideak dantzen egoera izan du hizketagai Bigarren Kafean.

«Dantzari izateaz harro gaudela erakutsi nahi dugu»

Loading player...

Trikitilari, pandero, txistu eta krixkitin soinuak izan ziren Zizur Nagusian larunbat arratsaldearen jabe. Dantzariz bete zen plaza eta zazpi lurraldetako dantza ezberdinak ikusteko aukera izan zen, aurtengo Euskal Herriko Dantzari Eguna ospatu baitzen Zizur Nagusian. 

Hamaika dantza talde elkartu ziren, ia tokirik gabe utziz plaza eta kolore eta forma ezberdinetako arropak soinean. Xabier Mendizabal, Euskal Dantzarien Biltzarreko idazkariak eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko lehendakariak azaldu zuen harrotasuna erakusteko eguna izaten dela beste hainbat gauzen artean: «Dantzari izateaz harro gaudela erakutsi nahi dugu».

Dantzari egunaren garrantziaz aritzeaz gain, Mendizabalek aipatu zuen euskal dantzek ibilbide gorabeheratsua izan dutela azken urteetan. «Duela urte batzuk erromeriek gainbehera izan zuten baina azkeneko urtetan dezente berreskuratu dira, plazetan jendea dantzatzen ikusten dugu», kontatu zuen, adieraziz dantza taldeez gain, plaza dantzak geroz eta indartsuago ari direla zabaltzen azken aldian. 

Hala ere, gehitu zuen egindako azterketek argitaratu dutela «Udalek geroz eta gutxiago kontratatzen dituztela dantza-taldeak», horregatik, taldeak aritzen direla eskaintzak egiten. Euskal kulturaren zati handi bat den dantza eremuaren gorabeherak, eta sortzen dituzten eremuez aritu da Bigarren Kafean Xabier Mendizabal. 

Jaurlaritza Logoa