Zuzenean

Sei abesti eta asteburu bat Garate estudioan. Gisa horretara grabatu du bigarren diskoa Inner talde gernikarrak. Martxel Arkarazo teknika lanetan zutela, Garateko teilatupean sartu eta zuzeneko bat bailitzan ondu dute bigarren lana.
‘Lur promestuan lokatza’ izena eman diote, lokatz hori nolakoa den eta lur promestua zein izan daitekeen, ordea, norberak erabaki beharreko zerbait da. Tempo lasaian aritu dira orokorrean, oinarri erritmikoak egin beharreko lana benetan olioztatuta dagoela erakutsiz.
Geruza askorik ez dute abestiek, melodiek protagonismo handiagoa hartu dutela esan dezakegu bigarren disko honetan, eta hitzek ere berebiziko pisua dutela kantu guztietan. Eskaintza kantu berezi bat ere badago, ‘Dantzan’, beren lagun eta herri mugimenduko kide izan denaren Dabid Zelaiari eskainitakoa, diskoa sortzen ari ziren momentuan zendu baitzen, «pasioz iraultzaile, beti temati».
Diskoa aurre-salmentan dago Mirrik egindako diseinu potente eta guzti eta zuzenekoak ere laster abiatuko dituzte. Bitartean, entzun MusikHaria saioan Fidalekin izan genuen solasaldia eta, esan bezala, erabaki zer den lokatza eta zer lur promestua norberarentzat.



