Zuzenean
«Esperimentazioa ez da ulertu behar eta zentzu batean positiboa da»
Zertan dabilen baino, zertan ez dabilen da galdera egokia. Hainbat proiektu ditu eskuartean Garazi Navasek (Usansolo, 1995). Tradizioa eta esperimentazioren uztarketa, eginkizun baino, dohaina du. Oviedoko (Asturias) Kontserbatorioko irakaslea da eta han-hemenka dabil soinuarekin jolasean.
«Esperimentazioa ez da ulertu behar eta zentzu batean positiboa da»

Zein harreman duzu akordeoiarekin?
Nik akordeonistatzat hartzen dut neure burua, horiek dira nire ikasketa ofizialak, goi mailakoak. Musikenen kasu honetan. Txikitatik hasi nintzen jotzen, zazpi urtetatik uste dut. Oso irakasle on bat izan nuen txiki-txikitan. Uste dut garrantzitsua dela motibazioa sartzen dizun norbait eta instrumentua gustatzen jakon norbait ondoan izatea. Oso maitagarria zen Maite eta berengatik hasi nintzen. Apurka-apurka gero eta afizio handiagoa, gero eta konpromiso handiagoa eta gero eta klase gehiago hartzen hasi nintzen. Musika masterra eta postgradua egin nituen eta oraintxe bertan akordeoi irakaslea naiz. Beraz bai, akordeonista naiz. Gero beste gauza batzuk ere bai, pixka bat iruzurgile moduan (barreak).
Hortaz, saiatzen ari zara zuretzat Maite izan zena beste haur batzuentzat zu izaten?
Orain dela gutxi arte umeen irakasle nintzen, baina oraintxe goi mailako ikasleekin nabil. Oviedon ematen dut klasea. Nagusiak dira, 20 urtekoak. Haurrak ez dira, baina oso ondo jotzen dute eta asko maite ditut (barreak). Afizioa sustatu baino, pixka bat kontrakoa da egin beharrekoa: lasaitu, konfiantza eman eta halako gauzak.
Aintzat hartzen den instrumentua da akordeoia?
Estatusa guztiz galdu du, garai baten Euskal Herrian akordeoia pianoaren modukoa zen, mundu guztiak ikasten zuen. 45-50 urtetik gorako norbaiti galdetuz gero, musika ikasi badute, gehienek akordeoia zer edo zer ikasi dute edo hasi ziren ikasten. Gehienek gorroto dute baita... Eta bai, estatus guztia galdu du, trikitixak eremu guztia jan diolako. Eta ez da txarra ere ez, garaiak badatoz eta badoaz. Zazpi urteko ume batentzat nik uste gauza bera dela instrumentu bat ala bestea hartzea. Nire kasuan, Maite egon zen hor erdian. Maite flautako irakaslea balitz flauta hartuko nukeen.
Zazpi urteko Garazi horrek zein ibilbide egin du esateko ‘ni musikaria naiz, musika ikasketak egingo ditut eta hau nire ogibidea izango da’?
Ez dut eduki oso argi, inoiz ez dut esan musikaria izango nintzenik. Nik berez Biologia ikasi behar nuen. Selektibitatea egin nuen eta ikastolan gogor egin nuen nota ona ateratzeko. Baina gero, kontua zen kontserbatorioko erdi mailak sei urte irauten duela. Batxilergoa erdi-mailako bosgarren mailan nengoela amaitu nuen eta beraz beste urtebete falta zitzaidan kontserbatorioan amaitzeko. Unibertsitatea hasten banuen pentsatu nuen ezingo nuela erdi-maila bukatu, asko da.
Nahikoa kostatzen zitzaidan institutuan biak uztartzea. Kontserbatorioan amaitu eta selektibitateko nota gordetzea erabaki nuen, hurrengo urtean unibertsitatera joateko. Baina urte horretan gauza asko gertatu ziren. Lehiaketa bat irabazi nuen. Eta horrez gain, probatzearren, Musikenen sartzen saiatu nintzen. Eta lortu. Eta hala hasi nintzen, oso garbi izan gabe. Musikeneko hirugarren mailan konturatu nintzen hau lanbide bat zela. Ez nekien posible izango ote zen horretaz bizitzea. Klaseak emanez bai, baina kontzertuekin ez. Eta kontzertu dezente ditut. Ez nuen uste horrela ibiliko nintzenik.
Salbuespena da zure kasua?
Ez dut nire burua salbuespentzat. Baina ez nuen espero inolaz hainbeste joko nuenik.
«Europan zehar dauden zirkutoetan emakume batek bakarrik jotzea baino gauza askoz apurtzaileagok daude»
Usansolokoa zara; Bilbo Handiko metropoliaren hurrengo geruzakoa. Eta akordeoia. Hori nola uztartzen da?
Ondo uztartzen da. Herri txiki batean bizita, beti ibili izan naiz dantza taldearekin jotzen. Horrek beste modu batera hezitu nau musika tradizionalean. Gu kontserbatoriora Bilbora joaten ginen, baina gero dantza taldearekin herrian aritzen ginen. Horrek asko aberasten zaitu. Musikan ez dabilen jendeak pentsatzen du akordeoia musika instrumentu tradizional bat dela. Eta gero kontserbatoriora zoazenean ez duzu inoiz musika tradizionala jotzen. Beti da klasikoa, organo baten moduan hartzen da. Orduan, hiria hain gertu izatea baina aldi berean herri batean bizita, nik uste dut behintzat instrumentuaren bizitza aberasteko oso polita dela.
Une esperimentalago batean al zaude orain?
Musikenen nengoenetik sartu nintzen musika esperimentalean eta gustua hartu nion. Akordeoiak asko du emateko eta asko deskubritzeko. Gainera, edonora eraman dezakezun instrumentua da, ez da pianoa, soinu asko du eta ez da anplifikatu behar. Erraztasun asko ematen ditu, oso moldagarria da eta bertan sartu nintzenetik ez naiz atera. Egia da agian orain esperimentalean jarraitzen dudala, baina oso irekia nago eta denetarik egiten dut. Batzuk gehiago ezagutzen naute dantza taldeengatik, orain Oinkarirekin nabilela, adibidez, edo musika tradizionalagatik; eta beste batzuek gauza oso frikiak egiten ditudalako. Antzerkian edo klasikoan egindakoengatik ere bai. Bakoitzak nire aurpegitxo bat du. Pertsona irekia naiz eta saiatzen naiz guztiarekin ikasten eta gauza berrietara zabalik egoten.
Esperimentazio edo kontu ‘friki’ horietan muga al da ulergarritasun falta?
Nik uste ez dela ulertu behar, eta zentzu batean positiboa dela. Ez dakizulako zer espero edo ez dakizulako zer entzungo duzun. Jendeak akordeoiaren irudi oso konkretua du orokorrean. Musika tradizionalarena, 70-80ko hamarkadetan nola akordeoi orkestak asko ibiltzen ziren Euskal Herrian edo ‘Mariaa Jesus y su acordeón’ eta halako moduan, adineko pertsonen kasuan. Gero ikusten zaituzte zu, gauza arraroak jotzen eta harritu egiten dira oso azkar. Niretzat hori positiboa da. Laster hausten dituzulako aurreiritzi guztiak. Hor badago beste instrumentu batzuek ez duten gauza bat.
Emakume bat akordeoia jotzen huts-hutsean. Front woman periferikoago bat izan zaitezke?
Normala da galdetzea baina ez dut asko pentsatzen horretan eta ez dut horrela egiten, ‘emakume bat naiz eta hemen nago bakarrik jotzen’ pentsatuz. Nik jotzen dut asko gustatzen zaidalako eta musikarengatik, soinua nahi dudalako. Badakit gero politikoki baduela zentzu eta esanahi bat. Baina beti esaten da gerora. Kontua da zirkuitu edo zirkulu esperimental horretan zaudenean ez dela hain arraroa. Gauza da ez dela ikusten, periferikoa edo undergrounda delako. Musika klasikoa jotzera ateratzen zarenean jendea harritzen da. Musika tradizionalarekin ere bai. Ez da normala izaten emakume bat egotea, Oinkarirekin egiten dudan moduan, bakarrik akordeoia jotzen, kantatzen eta perkusioa jotzen. Dena batera. Normalean mutila edo gizon bat izaten da ohikoagoa musikari printzipal bezala. Baina mundu undergroundean ez dago mugarik, hori aspaldi zeharkatua dago. Europan zehar, adibidez, hori ez da kuestionatzen den zerbait bat honezkero. Zirkuitu horietan emakume batek bakarrik jotzea baino gauza askoz apurtzaileagok daude.
«Ezer ez da benetakoa ez betikoa. Orduan, hortik ateratzen bazara, aske zara eta nahi duzuna egin dezakezu»
Eta Euskal Herrian badago halako espazio edo zirkuiturik?
Sare nahiko indartsu bat dago eta denok ezagutzen dugu elkar. Normalean ez dagoena dirua da, beti gertatzen den moduan, baina publikoa ere badago. Egia da adin tarte zehatz bateko jendea dela, 40 eta 50 urte ingurukoa, baina jende gaztea ere sartzen ari da. Kontserbatoriotik edo musika mundutik etorri baino, arte mundutik iristen ari dira gazteak. Elektronika eta soinu-artearen mundutik. Nik uste irekiagoak direla eta gauzak probatzera eta entzutera joaten dira. Kontserbatorioetan hori asko kostatzen da. Normala da. Leku interesgarri asko daude gainera. Azkoitiko Matadeixen esaterako gauza oso-oso ederrak egiten dira eta jende talde jatorra dago. Oso irekiak daude eta denetarik egiten dute: antzerkia, musika... denetarik. Espazioa ematen dizute eta ez dizute mugarik jartzen gainera. Gero, adibidez, Tabakalera instituzio publiko bat izanda, ofiziala, musika undergroundak ere badu bere txokoa. Bilboko Azkuna Zentroan edo Artiumen Gasteizen ere gauzak egiten dira. Eta jendea etortzen da beti. Beti gara jende berdina, hori ere egia da.
Bitartean folk taldean ere jotzen duzu. Zein erabilera egiten dugu tradizioaz?
Niretzako ez da arraroa musika tradizionala eta abangoardia uztartzea. Instrumentuak berak hori baitu, akordeoia, kontzertukoa, handia, oso instrumentu modernoa baita. Idatzita dagoen musika akademikoa 70tik aurrerakoa da. Beraz, abangoardia eta esperimentazio asko dago baita kontserbatorioan ere. Jendea harritzen da fandangoa jo eta gero elektronika jotzen dudalako. Niretzako ez da aldatzea. Osotasun batean ulertzen dut. Gero, tradizioaren kontuarekin manipulazio handia dago. Zer den benetakoa eta zer den betikoa... Ezer ez da benetakoa ez betikoa. Hortik ateratzen bazara, aske zara eta nahi duzuna egin dezakezu.



