Zuzenean

Donostiako Memoriaren Mapak: lur azpian geratutako memoria

Donostiako Memoriaren Mapak (IV): Lurperatze-lekuak. 

Donostiako Memoriaren Mapak: lur azpian geratutako memoria

Loading player...
Polloeko panteoi frankista
Polloeko panteoi frankista (Gorka Rubio | FOKU)

Polloe, Ulia, Ametzagaña eta Burdin Zubiaren ingurua dira Donostiako Oroimenaren Mapako lurperatze-lekuen atalean agertzen diren puntuak. Aldi errepublikanoan fusilatutako pertsonen gorpuak oro har Polloeko hilerrira eramaten ziren. Errepresio frankistaren baitan, berriz, hainbat biktima ezkutuan lurperatu zituzten, fusilatze-lekuan bertan edo haren inguruan. Hilketari, beraz, beste indarkeria bat gehitzen zitzaion: familiari senidea non zegoen jakiteko aukera kentzea.

Polloeko hilerrian 1940an eraikitako panteoi militar bat dago, estatu-kolpearen alde hildakoen oroimenerako sortu zena. Aranzadik 2022an egindako ikerketa batek, ordea, erakutsi zuen bertan gutxienez 17 miliziano eta gudari ere hobiratu zituztela, hain zuzen ere kolpisten aurka Donostiaren defentsan aritutakoak. Hamarkadetan panteoiak frankisten memoria goraipatzen zuen inskripzioa izan zuen, orain dela urte gutxi kendu zena. Gaur egun, bertan hobiratutako errepublikarrak gogoratzen dituen plaka bat dago.

Polloen urte luzez egon den inskripzio frankista, 2022ko argazki batean (Gorka Rubio / FOKU)
Polloen urte luzez egon den inskripzio frankista, 2022ko argazki batean (Gorka Rubio / FOKU)

Uliako gainean hainbat pertsona fusilatu eta inguru berean lurperatu zituztela jasotzen duten testigantzak daude, baina ez da exhumazio-lanik egin eta, beraz, ezin izan da baieztatu lur azpian gorpuzkirik dagoen. Ametzagañan, berriz, lekuko batek 1936an bide bazterrean lurperatutako gorpu baten kokapena adierazi zuen eta 2003an prospekzio arkeologikoa egin zen. Emaitza negatiboa izan zen, baina ondoren jasotako informazioaren arabera litekeena da gorpuzkiak urte batzuk lehenago lurpetik atera izana.

Burdin Zubiaren kasuari dagokionez, 2009an inguru hartako obretan guztira zazpi gorpuzki zituzten bi hobi aurkitu zituzten, eta ikerketa abiatu zen haien jatorria eta identitatea argitzeko. Kasu horrek, Polloe, Ulia eta Ametzagañakoekin batera, erakusten du Donostiako lurperatze-lekuen inguruko egoerak oso ezberdinak direla: batzuetan dokumentazioa eta identifikazioak daude, beste batzuetan testigantzak besterik ez, eta zenbait kasutan oraindik ere galderak erantzun barik jarraitzen dute.

Jaurlaritza Logoa