Zuzenean

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Switch 2ko etorkizuneko izarrak eta Nintendo Direct bikoitza

The Legend of Zelda: Ocarina of Time, Metroid Ravenous eta Kirby and the World Beyond, Switch 2ko etorkizuneko izarrak Nintendo Direct bikoitza ikusi ahal izan dute bideojokozaleek. Kojima zuzendariak Xbox-era jo du, PlayStation-ek ia Physint ezeztatu ondoren.

Switch 2ko etorkizuneko izarrak eta Nintendo Direct bikoitza

Loading player...

Nintendok ikasturte berria indar betean hasi du. Nintendo Direct emanaldi bereziekin, Switch 2aren etorkizunera begira jarri dira, bideojoko berriak erakutsita, eta, aldi berean, The Legend of Zelda sagaren 40. urteurrena ospatu dute.

Link heroiaren ibilbideari eskainitako zuzenekoaren erabateko protagonista uda aurretik iragarritako The Legend of Zelda: Ocarina of Time berregitea izan da. Azaroaren 5ean kaleratuko dela aditzera emanda, lehen jokagarritasun bideoa eskaini ziguten arduradunek, nostalgiaz betetako guneak eta pertsonaiak aldaketa nabarmenekin Switch 2ra eramateko prest agertuta.

Direct orokorrean bestelako tituluak ikusi ditugu. Egokitzapenak eta Switch 2 Edition bertsioak nagusi izan baziren ere, bi berritasun handi ezagutu genituen: 2027an estreinatuko diren Metroid Ravenous eta Kirby and the World Beyond. Fire Emblem: Fortune’s Weave, Resident Evil berregiteak, Persona 6 eta 4 Revival, Monster Hunter Wilds, Professor Layton and the New World of Steam eta askoz gehiago igaro ziren Kiotokoen emanalditik.

PlayStation eta Xbox ere hizpide eduki ditugu asteon, zehazki, Hideo Kojima sortzailearengatik. Izan ere, Physint, Metal Gear Solid sagaren oinordekoa, desagertzeko arriskuan egon da… eta, azkenean, salbatu egin da. PlayStationek Kojima Productionsekin elkarlanean aritzeari uko egin diola iragarri zuen, baina Xboxekin akordioa iragarri du garatzaile japoniarrak.

Blizzard taldearen ohiko BlizzCon ekimena jarraitzeko aukera eduki dugu, gainera. Overwatch, World of Warcraft edo Diablo jokoen zaleei zuzendutako azokak denetariko ekintzak biltzen ditu, baina Blizzarden iragarpen ofizialei begira jarri gara, albiste interesgarriak egon baitira: StarCraft tiro jokoa, Diablo VI eta WarCraft IIIren Forsaken Kingdom espantsioa aurkeztu dituzte, besteak beste.

Bukatzeko, euskarazko bideojoko berria ekarri dugu irratsaiora: Live Cycling Manager 2026. Xagu Studios donostiarrak Android eta iOS gailuetan kaleratutako txirrindularitza simulagailu jokoen eguneratze handia doan joka dezakegu.

Jaurlaritza Logoa