Zuzenean

Maria Laespada Lazpita

Donostiako memoriaren mapa: fusilatze-lekuak

Donostiako memoriaren mapa (III). 

Donostiako memoriaren mapa: fusilatze-lekuak

Loading player...
Amarako burdin zubiaren obretan 2009an aurkitutako gorputzetako bat
Amarako burdin zubiaren obretan 2009an aurkitutako gorputzetako bat (Aranzadi Zientzia Elkartea)

1936ko udan, estatu-kolpea oraindik Donostiako kaleetan erabakitzen ari zenean, bat-bateko indarkeria izan zen nagusi lehen asteetan. Autoritate garbirik ez zegoen testuinguru hartan talde armatu ezberdinek epaiketarik gabeko hilketak egin zituzten, nahiz eta Donostiako Defentsarako Batzordea sendotu ahala indarkeria mota horrek behera egin zuen. Aldi berean, auzitegi herritarren bidez heriotza-zigorrak ere ezarri ziren. Fusilatzeak Ondarretako kartzelan, Polloen, Aieten edo Burdin Zubiaren inguruan egin ziren, besteak beste. Ondarretan gertatu zen pasarterik larrienetako bat uztailaren 30ekoa izan zen, kartzelaren aurka oldartu eta 53 kolpista preso fusilatu zituztenean.

1936ko irailaren 13an Donostia frankisten esku geratu zenean, fusilatzeen izaera aldatu egin zen. Iñaki Egañaren datuen arabera, matxinatuek 369 errepublikazale donostiar hil zituzten, horietatik 232 Donostian bertan. Errepresioa ez zen aurreko indarkeriaren jarraipen edo ispilu simetrikoa izan, baizik eta botere berriak antolatutako sistema baten parte. Gobernu Zibila, kartzelak eta Justizia Militarra errepresio-egituraren barruan txertatu ziren, eta fusilatzeak ez ziren 1936ko lehen hilabeteetara mugatu, urteetan luzatu baitziren. Ulia, Bidebietako tiro-zelaia, Udal Gas Fabrikaren ingurua edo Burdin Zubia izan ziren Donostian erabilitako fusilatze-lekuetako batzuk.

Fusilatzeen geografia, gainera, ez zen Donostiako udal-mugan amaitzen. Ondarretako kartzelan preso zeuden pertsona asko atera eta inguruko herrietara fusilatzera eraman zituzten, besteak beste, Hernanira. 1936ko udazkenean Hernani Gipuzkoako epaiz kanpoko fusilatzeen gune nagusietako bat bihurtu zen, eta 200 pertsona inguru fusilatu zituztela kalkulatu da.

Aztarna gutxiko fusilatzeak

Fusilatze hauek ikertzeko zailtasunak ere handiak dira. Epaiz kanpoko hilketek aztarna dokumental gutxi utzi zuten, hainbat heriotza ez ziren erregistro zibiletan edo hilerrietako liburuetan jaso eta beste kasu batzuetan dokumentatutako heriotza-kausak ez ziren benetakoak. Honek historialarien lana zaildu eta urteetan luzatu du, Burdin Zubian, adibidez, 1936ko urrian fusilatutako gutxienez zazpi errepublikanoren gorpuzkiak 2009ko obrak arte ez ziren aurkitu. Horrelako aurkikuntzek erakusten dute fusilatzeen historia ez dela 1936an amaitzen, hamarkadak geroago ere gorpuak bilatzen eta gertatutakoa argitzen jarraitzen da.

Jaurlaritza Logoa