Zuzenean

Hurrengo astelehenean, Telesforo Monzon LABek antolatuta, ‘XXI. Mendeko Euskal Herrirako Udal Polizia-eredua’ izenburua duen mahai inguruan parte hartuko du Aitzol Osa Ondarroako udaltzainburuak. NAIZ Irratian izan da gaur, eta segurtasun-indarrek, zein Euskal Herriak berak, aurretik duen erronka «makala» ez dela onartu du, segurtasun-eredu propioak garatzeko beharra azpimarratuz.
Osaren iritziz, polizia-ereduaz hitz egiten denean, segurtasun-ereduaren gaineko gogoeta egin behar da, izan ere, Ondarroako udaltzainburuaren esanetan, lehena bigarrenaren ondorio da. «Segurtasun-eredua poliedro baten gisa ikusten dut. Polizia erpin bat baino ez da poliedro horretan; ongizatea, hirigintza edota osasungintza segurtasun-ereduaren parte dira ere».
Ondarroaren kasuan duten arazorik handienak, edota segurtasun faltarik handienak, buruko gaitzak eta drogomenpekotasunaren ondorio dira
«Nik uste dut soilik polizia-ereduaz hitz egitea akats bat dela. Hego Euskal Herrian falta zaiguna da segurtasun eredu propioa markatzea, eta ondoren, hortik abiatuta, polizia-ereduaz hitz egitea ere». Osak udalerrietako udaltzainez hitz egingo du mahai inguruan, eta ildo horretan nabarmendu du «‘errepublika txiki’etatik ‘errepublika handi’etara» sortutako segurtasun-ereduak landu behar direla, herriek euren eredu propioak garatuz, udalerri bakoitzaren beharrei egokituta.
Ondarroaren kasuan duten arazorik handienak, edota segurtasun faltarik handienak, kasuistika zehatz bati erantzuten diola azpimarratu du: buruko gaitzak eta drogomenpekotasuna. Horregatik nabarmendu du erronkari ongizatearen eta osasungintzaren ikuspegitik erreparatzeko beharra, eta hori konpondu ezean, soilik poliziak egoerari itzulia ematea pentsatzea «akats larria» dela ziurtatu du.
Helburu hori lortzeko asmoz, 2023an Lea-Artibain EH Bilduren gidaritzapean zeuden hiru udalerrik, prozesu bat martxan jarri zuten Udaltzaingoaren jarduna tokiko beharrei egokitzeko. Osak «esperientzia oso gogorra» izan zela onartu du. Laguntzarik izan ez zutela baino, bidean oztopo ugari izan zituztela deitoratu du.
Hainbat botere eragilek hiru udalerriek martxan jarritako ekimena «konpetentzia» moduan ikusi zutela iritzi du, nahiz eta Osak haien ideia konpetentzia bezala ikusten ez duten, baizik eta tokian-tokiko erronka eta beharrei aurre egiteko beste aukera moduan. «Nik uste dut pentsatze horrek, betikoaren aurrean alternatiba bat dagoela ikusteak, kezka sortu duela sektore batzuetan».
Nolakoa izan beharko luke Udaltzaingoak?
Udalerrietako segurtasun-indarrek Ondarroan nolakoak izan beharko luketen galdetuta, alguazilaren figura ekarri nahi izan du gogora Ondarroako udaltzainburuak, beste herrietako udaltzainek ere bereganatu beharko luketen elementu gisa.
Alguazilaren figura galtzear dagoela deitoratu du, eta udaltzainek egunerokoan denetariko lanak egiten dituztela nabarmenduz, ez estuki segurtasunari orokorrean jendeak lotzen dizkionak, poliziek herritarrenganako hurbiltasuna berreskuratzeko nahia azpimarratu du. «Apaltasuna itzuli behar da, lan publikorako zerbitzurako grina».
Bizkaiako udalerriaren kasuan udaltzain izateko bigarren betebehar gisa, euskara jarri du ardatz. «Herri euskaldun batean bizi gara. Gure egunerokotasunean komunikaziorako euskara menperatzea ezinbestekoa da, ez soilik hizkuntza eskakizun zehatz bat izatea».
Arkauti
Benetan herriaren beharrei erantzungo dien udaltzainen bila, «harrobi propioa» bilatu zuten, hau da, herriko eta eskualdeko jendea. Horretarako behin-behineko agente postuak esleitzeko lan-poltsa bat sortu zuten, eta emaitza oso ona izan zela azpimarratu duen arren, Lakuako Barne Sailarekin arazoak izan zituztela azaldu du.
«Gaur egun ordezkapenak egiteko, behin-behineko udaltzainak kontratatzeko, Arkautitik igaro behar da, Lakuaren exijentziak betetzen dituzula egiaztatzen duen kredentzialak izateko. Lan-poltsaren ostean, gure udaltzainei ez zieten ikastaro horietan parte hartzeko aukera ematen». Egun Arkautin formazioa jasotzen dute horrelako prozesuetatik eratorritako poliziek.
Administrazio epaitegira jo behar izan zuten auzi horren harira, bitan. Ondarroako udaltzainburuak gogora ekarri du 1985eko Oinarrizko Udalerrien Legeak jasotzen duenez, herriek euren funtzionarioak hautatzeko eskumen osoa daukatela, eta eskatzen dutela hori baino ez dela, «gure eskumenak errespetatzea». Lan-poltsaren gatazkaren ostean, LEPa zabaldu zuten, oso emaitza positiboekin ere, polizia buruak adierazi duenez.
Aldaketekiko erresistentziak
Berrikuntzen kontrako korronte bat dagoela berretsi du Osak. Egun Arkautiko akreditazioak eta ikastaroak jasotzen dituzten arren, hainbat eragozpen izan dituzte aurretik. Oztopoen atzean bi erantzule daudela nabarmendu du: Segurtasun-Koordinazioko Zuzendaritza eta Arkauti bera.
«Segurtasun-Koordinazioarekin kredentzialen inguruko arazoak izan ditugu, eta Arkautirekin ikastaroekin lotutakoak, lan-poltsatik zetozenei ez zietelako ematen formazioa». Gainera, Segurtasun-Koordinaziotik prebarikazio akusazioak heldu zitzaizkien, egindako izendapenak legezkoak ez zirela tartean. Muga guztien gainetik, segurtasun-eredu propioa garatzeko beharra aldarrikatu du.
Pistolaren erabilera, «azken parada», hori baino ez: «Zer eragin izan du AEBko poliziek gerrako armak eta blindatuak erabiltzeak? Kriminalizazioari dagokionez eraginik izan du? Fentaniloaren krisian? Armatze horrek ez du konponbiderik eman»
Bestalde, indar polizialak azken boladan bateratze-prozesu batean murgilduta daudela ziurtatu du, «miñonizazio-prozesu» batean. Itxura militarizatu bat lehenesten dela deitoratu du, eta uniformeen diseinuak beren kabuz soilik, esanahi bat duela, hain zuzen, eredu konkretu baten erakuslea dela.
Udaltzainak eta suzko-armak
Poliziak pistolak izatearen eztabaidaz aritu da ere. Argi utzi du bera gailu horien erabileraren kontra dagoela, eta horrelako bitartekoez hitz egitea «azken parada» dela azpimarratu du. Lehenbizi, Udaltzaingoa herri bakoitzaren arabera desberdina dela nabarmendu du, «asimetrikoa». «Ez da berdina udaltzain lanetan aritzea Bilbon, edo Ondarroan», argudiatu du.
Bigarrenik, azaldu du herrialde seguru batean bizi garen sentsazioa duela, eta gaur egun ez duela uste udalerri desberdinetako agenteek pistola eramateko beharra dutenik. Dena den, erabaki hori udal bakoitzaren baitakoa dela defendatu du.
Militarizazio dinamika bat dagoela iritzi du, eta AEBren adibidea jarri du. «Zer eragin izan du AEBko poliziek gerrako armak eta blindatuak erabiltzeak? Zer aldatu da? Kriminalizazioari dagokionez eraginik izan du? Fentaniloaren krisian? Armatze horrek ez dio konponbidea emango egoerari».
80ko hamarkadan, heroinak Hego Euskal Herria kolpatu zuenean, poliziak armak izatea eraginik izan ez zuela ekarri du gogora, eta droga menpekotasunarekin lotutako krisiak behin droga desagertu zenean eta kontzienziazio prozesu zabal bat eman zenean amaitu zela nabarmendu du, ongizatean oinarritutako segurtasun-ereduan enfasia eginez.


