Zuzenean
«Animikoki pixka bat ukituta, baina bertsiorik onena emango dugu Gascan»
Bera Berak Superkopako porrota atzean utzi nahi du, Beti Onaken aurkako derbiarekin Ligari hasiera on bat emateko. «Animikoki pixka bat ukituta, baina bertsiorik onena emango dugu Gascan», azaldu digu Anne Erauskin kapitainak NAIZ irratian.
«Animikoki pixka bat ukituta, baina bertsiorik onena emango dugu Gascan»
Denboraldia ez du nahi bezain ondo hasi Bera Berak. Pasa den asteburuan Rocasaren aurka Superkopa galduta, Jon Begiristainen taldeak ezin izan du lehen garaikurra eskuratu. Anne Erauskin kapitainak aitortu du «pena handia» izan zela, «batez ere taldea gehiago egiteko gai delako». Carmen Arroyoren lesioak ere kezka eragin du. Orkatilan hezur hausturarik ez duela jakina da, baina proba osagarrien zain daude lesioaren nondik norakoak zehazteko. «Arduratuta dago ez dakielako zer duen, oraindik itxaroten gaude», azaldu du Erauskinek.
Dena den, hori ahaztu eta Ligan jarri nahi izan du fokua ermuarrak. Beti Onak aurkari, euskal derbi batekin emango diote hasiera donostiarrek Ligako denboraldi berriari. «Euskal derbi batekin hastea, hasteko modu oso polita da», adierazi du kapitainak. Superkopako porrotak taldearen animoetan eragina izan duela aitortu arren, Erauskinek konfiantza du: «Animikoki pixka bat ukituta, baina bertsiorik onena emango dugu Gascan».
Ezin izan 12. Superkopa etxera ekarri, 25-23. Porrota Rocasaren aurka. Ez da, noski, denboraldia hasteko modurik onena, baina nola dago taldea? Nola zaudete?
Egia esan, pena handia izan zen. Jokoan zegoen lehenengo titulua ez lortzeak amorrua ematen digu. Eta gainera jakinda talde honek gauzak hobeto egin ahal dituela. Egia da akats larregi izan genituela eta Rocasa bezalako talde baten aurka akats horiek asko zigortzen dira. Ikasi beharko dugu partida honetatik. Asteazkenean daukagun lehenengo partida eta horretan daukagu jada begirada jarrita.
Porrota ez ezik, lesioak ere bai. Carmen Arroyorena. Jakin badakigu ez duela hezurra hausturarik orkatilan, baina proba mediko gehiago egingo dizkiote lesioaren larritasuna zehazteko.
Arduratuta dago, oraindik ez dakielako zer daukan. Egia da ez daukala hezurrik hautsita eta hori notizia ona da. Baina oraindik itxoiten gaude ea berririk daukagun.
Baja garrantzitsua, noski.
Bai, bai. Egia da beste baja bat azkenean. Esther [Somaza] badaukagu lesionatuta, Elke [Karsten] ere, orain beste bat. Alde horretatik ez dugu izan zorte onik, baina espero dugu denbora gutxirako izatea.
Finalari dagokionean, iaz ere Rocasa izan zen hiruko koroa eskuratzeko aukerak zapuztu zituena Ligann eta orain Superkopan. Bera Beraren buruhaustea izaten ari al da azken boladan?
Badirudi baietz. Pixka bat amorrua eman zigun horregatik ere. Aurreko urtean Liga galdu genuen haien aurka eta orain Superkopa ere. Guk gurean zentratu behar gara. Azkenean gauzak ondo egin behar ditugu, bestela edozein talderen aurka galdu dezakegu. Hori horrela da. Egia da aldaketa nabarmenak izan ditugula taldean, baina hori ez da aitzakia. Nik uste bueno aurre-denboraldi oso on bat egin dugula eta sentsazio horiekin gelditu behar gara. Pena bat izan da larunbatekoa, baina oraindik Liga ez da hasi; beraz, lasai egon behar gara. Partida bat edonork galdu dezake. Orain Ligan jarri behar dugu gure begirada.
Euskal derbia dator Ligako estreinaldian. Partida polita denboraldia hasteko.
Bai. Egia esan, euskal derbi batekin hastea hasteko modu oso polita da. Denboraldiaurrean haien kontra jokatu dugu eta sentsazioak onak izan dira, baina orain beste gauza bat izango da. Nik uste dut ezin dugula erreferentzia asko hartu partida horretaz, azkenean gauzak pixka bat aldatu egiten direlako beti. Nik taldea ondo ikusten dut; animikoki pixka bat ukituta, baina badakit bertsiorik onena emango duela Gaskan Ligari hasiera emateko.
Beti Onak urtetik urtera aurrerapausoak ematen ari den taldea da. Zer-nolako partida aurreikusten duzu?
Beti Onak talde oso potentea da. Hasieratik intentsitate oso altu batekin irten beharko gara eta oso kontzentratuta Jonek esaten dizkigun indikazioekin. Ea zer moduz doan.
Aldaketatxo batzuk izan dira taldean. Baja garrantzitsuak: Tchaptchet, Ogonovszky, Laura Hernandez, Wiggins eta Mika Rodrigues. Fitxaketak ere bai: Fonkeng, Fresco, Amandine Balzinc eta Melinda Louis. Zenbateraino sumatzen dira faltan joan direnak eta nola egokitu dira jokalari berriak?
Egia da aldaketa garrantzitsuak izan ditugula aurten, baina aurredenboraldian jokatutako partidetan nik uste taldea jakin duela pixka bat berritzen eta saiatu gara ahalik eta gehien ezagutzen gure artean. Nik uste dut piña bat berriz sortzeko gai izan garela. Hau oraindik ez da hasi; beraz, ikusi beharko da hemendik aurrera dauzkagun partidetan. Nik uste dut talde oso potente bat sortu dugula eta gai izango izango garela hemendik aurrera jartzen ditugun helburuak lortzeko.
Fonkeng Beti Onak-etik dator. Beretzat partida berezia izango da asteazkenekoa. Pistaren bat eman al dizue aurkariaren inguruan?
Egia esan, ez. Elkar ezagutzen gara asko. Badira ez dakit zenbat partida aurka jokatu duguna. Beti Onak-ek ere aldaketa nabarmenak izan ditu, baina ikusi beharko da ea nork irabazten duen.
Eta entrenatzaile berriaz ere noski hitz egin behar dugu. Imanol Alvarezek egin zuen berea. Orain Jon Begiristainek hartu du erreleboa. Aski ezaguna noski klubean dagoeneko. Zer moduz berarekin?
Egia esan, oso ondo. Pena bat izan zen aurreko urtean Imanolek taldea utzi zuenean, baina bagenekien berritzearekin ere oso ondo egongo ginela, ezagutzen genuelako. Entrenamenduetan oso sentsazio positiboak transmititzen dizkigu eta jokatutako partidetan nik oso ondo ikusi dut. Beraz, pozik.
Aldaketa askorik jokamoldeari dagokionen edo ideia antzekoa mantentzen dira?
Ideia nahiko antzekoak mantentzen dira. Azkenean Imanolekin denbora asko egon da eta jokatzeko era pixka bat antzekoa da. Hala ere, egia da entrenatzaile bakoitzak daukala transmititzeko erabat eta horretan bai, pixka bat aldaketa nabari izan dela, baina ondo.
Urteko helburua Bera Bera ia beti guztia irabazteko hautagaia behintzat bada. Superkopa ez da posible izan, baina gainontzekoan Liga eta Kopa behintzat irabaztea izango da helburua noski edo borroka horretan egotea.
Bai, hori da. Borroka horretan egotea izango da helburua. Horrez gain, ea Europan aurrerapauso bat emateko gai garen. Urruti ikusten da, baina konturatzen zarenerako heldu da data.
Zure bigarren urtea izango da kapitain gisa, Maitane Etxeberriarekin batera. Gustura lan horietan?
Bai, bai, oso gustura. Aurreko urtean pixka bat urduri nengoen rol aldaketa horrengatik, baina aurten segurtasun gehiagorekin sentitzen naiz eta Maitane izanda alboan, plazer bat da. Azkenean Maitanek gauzak askoz errazago egiten ditu eta ba pozik berarekin partekatzea.



