Zuzenean

Elena Rosales, Nerea Etxaniz eta Jon Ander Galarraga Kutxa Fundazioko Gipuzkoa Kutxa Solidarioko kideak eta aurtengo Aztarna Solidarioaren parte hartzaileak izan dira lehen saioan, tartearen nondik norakoen inguruan solasean eta denboraldiaren berritasunak aurreratzeko. Saioa irratitik jarraitzen dutenentzat ohar garrantzitsua aurten: aurrerantzean astelehenetan 12.15etan izango da emisioa.
Aztarna Solidarioan Gipuzkoa Solidarioko kide diren elkarteak ekartzen dituzte irratira astero, eta lehen astelehen honetako lehen saioan, Gipuzkoa Solidarioa bera ekarri dute programaren gidaritzaz arduratuko diren kideek. Baina, zer da Gipuzkoa Solidarioa? Elena Rosalesek laburbildu duenez, elkarteei bisibilatea eta egiten duten lanagatik aitortza emateaz arduratzen dira, baina ez dira horretara bakarrik mugatzen, izan ere, arlo logisitikoan ere aritzen dira.
Entitateei ikusgarritasuna emateaz gain, kide diren elkarteei prestakuntza ematen diete, erakundeen eraldaketa digitalean oso garrantzitsua baita, horrela modu eraginkorragoan lan egin eta jende gehiagorengana heltzeko. Bestalde, entitateak indartsuago izaten laguntzeko zerbitzuak ematen dituzte, eguneroko laguntza tekniko baten ikuspegitik planteatu ahal izateko; besteak beste, bilera gelak uzten dizkiete elkarteei beren bilerak eta planifikazioa aurrera eramateko.
Gipuzkoa Kutxa Solidarioko kideek bertan parte hartzeko bi baldintza betetzearekin nahiko dute. Lehenik, Gipuzkoan elkarte edo fundazio gisa erregistratuta egotea, edo Gipuzkoan egoitza soziala edo oinarri soziala izatea. Bigarrenik, irabazi asmorik gabeko entitatea izatea. Izen ematea egin edota informazio gehiago eskuratzeko www.gipuzkoasolidarioa.info webgunean sartzea dute interesatutako elkarte ekosozialek, horrela bilera bat adostu eta modu erraz batean Gipuzkoa Solidarioko kide izatearen abantailez gozatzeko.


