Zuzenean
«Taldeak zugan konfiantza izateak asko laguntzen du»
Gorka Sorarrainek Caja Ruralen jarraituko du beste urte batez gutxienez. Profesional mailara berandu iritsi bazen ere, azken urteotan Nafarroako taldean bere maila sendotu eta aurrerapausoak ematen joan da. «Taldeak zugan konfiantza izateak asko laguntzen du», tolosarrak azaldu duenez.
«Taldeak zugan konfiantza izateak asko laguntzen du»

Gorka Sorarrainek laugarren urtea beteko du Caja Rural-Seguros RGA taldean beste urte baterako sinatu ostean. 2027an ere elastiko berdea jantziko du beraz tolosarrak. Berandu heldu zen profesional mailara, baina bere errendimendua hobera doa eta aurtengo denboraldian eskuratu dituen emaitzei begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko. «Taldeak zugan konfiantza izateak asko laguntzen du», adierazi du Sorarrainek NAIZ irratian, izan ere, kontratua luzatzeko proposamenak ez du ezustean harrapatu tolosarra. «Naturalki» etorri den zerbait dela gaineratu du, taldeak asmo hori zuela helarazi baitio urte osoan zehar.
2023an murgildu zen Sorarrain profesional munduan, eta ordutik denboraldirik txukunena eta erregularrena osatzen ari da. «Uda oso ona izaten ari da bereziki, eta zenbakietan ere ikusten da», dio tolosarrak. Besteak beste, Alemaniako Tourrean zazpigarren amaitu zuen sailkapen nagusian, eta gorabehera handiko ibilbideetan ere maila ona eman du.



