Zuzenean

Uztailaren amaieran jakinarazi zieten Kaleko Afari Solidarioak taldeko kideei euren jarduna debekatuta gelditzen zela Jon Insausti alkatearen aginduz, aurretik inolako abisurik eman gabe. Asteek aurrera egin ahala, kolektiboan gero eta argiago dute debeku hark, udal gobernutik emandako argudioekin baino, aporofobiarekin lotura duela, alegia, jende pobrearekiko beldur eta aurreiritziekin. «Ikusten denez, udalarentzat eta hiriko zenbait presio talderentzat oztopo bat gara postal irudi horretan», azaldu du Samiñe Irigoien KASeko kideak.
Batez beste, kalean bizi ziren 300 laguni ematen zien otordua KASek, horietako askorentzako eguneko bakarra eta bestelako baliabiderik eskuratzeko aukerarik gabe. Debekuak Gipuzkoako hiriburuan estali nahi den errealitate batekin zerikusia duela justifikatzeko, garaian Insaustik berak emandako hiru argudio nagusiak ekarri ditu gogora Irigoienek, «espazio publikoaren erabilera, elikagaien trazabilitate eza eta segurtasun gabezia». Hiriaren egunerokotasunari eta beste giza talde batzueri erreparatuz erantzun dio boluntarioak alkateari, emandako arrazoiak oinarririk gabekoak direla azaltzeko.
Espazio publikoaren erabilerari dagokionez turista eta herritar gehienek egiten duten erabilerari begiratzeko eskatu du Irigoienek, «nik uste dut Donostiara joan den edonork ikusi duela eremu publikoaren erabilera nolakoa den. Kaleak terraza bat dira, denak ari dira kalean jaten, edozein lekutan ilarak egiten». Era berean, trazabilitateaz, «ostalaritzari aplikatzen zaion exijentzia bat partikularrei exijitzea ez zaigu bidezkoa iruditzen», azaldu du Irigoienek, «aiton edo amon batek bilobari merienda parkean emateko trazabilitate arazoak egon daitezke?», galdetu du.
Azkenik, segurtasunik ezari dagokionez, Irigoienek berak, KASek bezala askotan, onartu egin du «segurtasun arazoak egon litezkeela, baina beste edozein ekimenetan egon daitezkeen bezala, futbol partida baten inguruan edo gaueko aisialdian ere». Hori dela-eta, Irigoienek berretsi duenez «konponbidea ezin da izan ekimen horiek debekatzea baizik eta neurriak hartzea ahalik eta egokien aurrera ateratzeko».
Debekuaren ostean izandako bileran, KASek luzatutako behin behineko lankidetza eskaintzari ere muzin egin ziotela ekarri du gogora KASeko kideak. Izan ere, Insausti alkateak iragarritako baliabide gehigarriak heldu arte, euren jardunarekin jarraitzeko prest agertu ziren boluntarioak. Eta bide batez, udal gobernutik agindutako horren zain jarraitzen dutela kritikatu du Samiñe Irigoienek, «hilabete daramagu debekua eman zenetik eta oraindik promesak ez dira bete».
Boluntariotzaren kriminalizazioa
Lehen unetik zorrotz ibili dira Donostiako udaltzainak KASen ohiko otordu banaketarik ez dela gauzatzen ziurtatzeko. Azkenaldian berriz, hainbat boluntario ogitartekoak banatzen ibili direnean ere poliziaren presioak jasan dituzte. «Udaltzainak etengabe gure atzetik ibili dira», Irigoienek kritikatu duenez, «identifikazioak egin eta isunen mehatxuak».
Jarduera honetan eta beste batzuetan dabiltzan boluntarioak auzolanaren eredurik argiena direlakoan, hauen lana kriminalizatu ordez, babestera deitu du KASeko boluntarioak.


