Zuzenean

Metak Estatu Batuetan aurrean duen auziak berriz ere mahai gainean jarri du sare sozialek haur eta nerabeengan duten eragina. 29 estatuk Facebook eta Instagram nahita diseinatu izana leporatzen diote konpainiari, erabiltzaile gazteak plataformetan ahalik eta denbora gehien mantentzeko eta jokabide konpultsiboak sustatzeko. Maialen Garmendia Larrañaga EHUko irakasle eta EU Kids Online ikerketa taldeko ikertzaile nagusiak gaiaren inguruko gakoak eman ditu NAIZ Irratian.
Garmendiaren arabera, Metaren negozio eredua bera dago eztabaidaren erdigunean. «Metaren negozioaren oinarrian erabiltzaileen arreta eta datuak eskuratzea dago», azaldu du. Horregatik, plataformaren helburua ahalik eta erabiltzaile gehien izatea eta horiek sarean ahalik eta denbora gehien mantentzea dela nabarmendu du. «Negozio horrek erabilera konpultsiboa sustatzen du, zalantzarik gabe».
Algoritmoek ere paper garrantzitsua dute horretan. Erabiltzailearen aurreko jokabidea eta interesak aztertuta, gustuko izan ditzakeen edukiak eskaintzen dizkiote etengabe. «Algoritmoak ahalegintzen dira guk gogoko ditugun edukiak azaleratzen, eta horrek erabilera konpultsiboa sustatu eta denbora gehiago bertan egotera garamatza», azaldu du.
Nerabeak, bereziki zaurgarri
Scroll infinitua, erreprodukzio automatikoa, atseginen kontagailuak edo etengabeko jakinarazpenak bezalako tresnek bereziki eragiten diete haur eta nerabeei. Garmendiaren esanetan, adin horietan oraindik ez dago erabat garatuta edukiak modu kritikoan interpretatzeko gaitasuna. «Nerabeek oraindik ez dute jarrera kritikoa guztiz garatu, eta horregatik eduki horiek indar handiagoz eragin diezaiekete».
Medikuntzak gaur egun ez du sare sozialen mendekotasuna diagnostiko gisa aitortzen, eta horregatik egokiagoa iruditzen zaio «erabilera problematikoaz» edo «gehiegizko erabileraz» hitz egitea.
Muga eguneroko bizitzan eragiten hasten denean dagoela azaldu du. «Arazoa da Interneten erabilerak haurrei eguneroko bizitza modu normal batean garatzea eragozten dienean». Adibide gisa jarri ditu eskolara ez joatea, eskolako lanak ez egitea, lagunekin ateratzeari uztea, kirola baztertzea edo lo orduak murriztea gailuari lotuta jarraitzeagatik.
Kausa eta ondorioa bereizteko zailtasuna
Sare sozialen erabilera eta antsietatea, autoestimu baxua, gorputz irudiaren inguruko arazoak, bakardadea edo loaren nahasmenduak lotzen dituzten ikerketak badauden arren, Garmendiak zuhurtzia eskatu du kausalitateaz hitz egiteko garaian.
«Oso zaila da kausalitatea frogatzea», azaldu du. Sare sozialen erabilera beste faktoreetatik guztiz isolatzea ia ezinezkoa dela dio.
Gorputz irudiarekin lotutako edukietan, ordea, arriskua handia izan daitekeela azaldu du, bereziki nerabeen eta nesken kasuan. Gazteek urte luzez izan duten gorputz perfektua izateko presioa sare sozialetan areagotu daiteke, algoritmoek interes bera duten gero eta eduki gehiago erakusten dituztelako. «Sare sozialetako edukia publizitatea baino askoz pertsonalagoa da, eta horrek presioa indartu dezake», ohartarazi du.
Alfabetatzea, debekuaren aurretik
Horren aurrean, Garmendiak alfabetatze digitalaren beharra azpimarratu du. «Oso garrantzitsua da haur eta nerabeengan jarrera kritikoa sustatzea; sareetan agertzen den guztia ez da egia».
Ikertzailearen ustez, eskoletan sare sozialak soilik debekatu beharrean, erabiltzen irakatsi behar zaie gazteei. «Debekatu baino, sare sozialen erabileran hezi behar da, haur eta nerabeek jarrera kritikoa garatu dezaten».
Plataformen ardura ere jarri du erdigunean. «Ez dago zalantzarik Metak bere negozioa eta irabaziak lehenetsi dituela», adierazi du. Halaber, Metak adinari egokitutako edukiak eskaintzen dituela dioen mezua zalantzan jarri du: «Hori gezurra da. Metak nahi duena erabiltzailea bertan kateatuta mantentzea da».
«Erantzukizuna partekatua da»
Gazteen sare sozialen erabileraren ardura familien gain soilik jartzea ere kritikatu du Garmendiak. «Erantzukizuna partekatua da». Gurasoek arreta eta laguntza eskaini behar dutela azaldu du, baina «enpresek ere euren erantzukizuna onartu eta bete behar dute».
EU Kids Online taldeak egindako azken ikerketetan aldaketa bat antzeman dutela azaldu du. Gurasoek gero eta gehiago erabiltzen dituzte kontrol teknologikoko tresnak, hala nola Google Family Link bezalako aplikazioak, baina harreman eta elkarrizketa bidezko bitartekaritza ez da neurri berean indartu.
Horren ordez, haurrak Internet erabiltzen hasten direnetik interesa erakustea proposatu du: zertan ari diren galdetzea, norekin hitz egiten duten edo zer eduki ikusten dituzten jakitea. «Gurasoen bitartekaritza lehenbailehen hasi beharko litzateke», nabarmendu du.
«Debekuak ez dira bidea»
Sare sozialak erabiltzeko gutxieneko adina igotzea edo adingabeei sarbidea debekatzea bezalako proposamenen aurrean ere kritiko azaldu da.
Australiako esperientzia aipatu du, eta debekuak indarrean jarrita ere gazte askok horiek saihesteko moduak aurkitzen dituztela azaldu. «Debekuek ez dute inoiz emaitza onik eman, beti saiatuko direlako horiek saihesten».
Horregatik, plataformen diseinua aldatzea, haurren babesa sendotzea eta alfabetatze digitala sustatzea lehenetsi ditu. «Plataformen diseinua aldatzea beharrezkoa da», adierazi du, eta amaieran argi laburbildu du bere jarrera: «Debekuak ez dira bidea».



