Zuzenean

Itxaso Leon Kareaga
NAIZ Irratia

«Bilboko Aste Nagusia euskaldunontzako espazio aske bat izatea nahi dugu, eta izango da»

Maialen Gago GUKAko kideak NAIZ Irratian adierazi duenez, «ezinbestekoa da euskaraz programatzea» eta, zentzu horretan, «konpromiso berriak hartzeko prest» agertu dira mugimendutik zein Bilboko Konpartsetatik.

«Bilboko Aste Nagusia euskaldunontzako espazio aske bat izatea nahi dugu, eta izango da»

Loading player...
Maialen Gago, NAIZ Irratiko Bilboko estudioan.
Maialen Gago, NAIZ Irratiko Bilboko estudioan. (NAIZ Irratia)

Bilboko Konpartsek eta GUKAk euskara sustatzeko ‘Aste Nagusian euskara nagusi’ dinamika aurkeztu zuten astelehenean «inor ere albo batera ez uzteko» konpromisoarekin. Horrez gain, Aste Nagusia «euskaldunontzako gune segurua» izatea nahi dute kolektiboek. Maialen Gago GUKA plataformako ordezkaria da eta Bilboko estudioetara bertaratu da ostegun honetan, dinamikaren berri emateko.

Bi kolektiboek batera egindako azterketa zorrotzaren ondoren ondorioztatu zuten hainbat neurri abiatzeko beharra zegoela, eta euskara sustatzeko konpromisoa hartzekoa. Euren irakurketaren arabera, azken urteetan konpartsek urrats handiak eman dituzte euskarari dagokionez, esaterako, «lantalde eta batzordeetako funtzionamendua euskaldunagoa da orain, komunikazio kanalak ere irizpide euskaldunagoekin lantzen dira, euskaraz den programazioa indartu da...».

Hala, uste izan dute bazela unea barne-mailan emandako urrats horiek guztiak kanpora begira ere adierazteko eta, zentzu horretan, bi helbururi erantzungo dien kanpaina bat proposatzeko: «batetik, adieraztea Aste Nagusia eta jai gunea euskaldunontzako espazio aske bat izatea nahi dugula eta izango dela. Bestetik, gaur egungo euskararen errealitatearen azterketa zorrotz bat egitea eta, errealitate horretatik abiatuta, konpromiso berriak zehaztea».

Euskararen presentzia zenbakitan

Datuak xehatzen hasita, bi eragileek espero zuten hutsunerik handiena txosnetako bafleetatik ateratzen den musikan topatzea, eta hala izan da: musika horren % 27 izaten da euskaraz. Gagok balioan jarri du izaera oso desberdina duten konpartsen artean egindako ariketa, izan ere, «badira euskararen helburua oso berezko duten konpartsak eta badira beste helburu batzuekin sortu zirenak». Hala ere, datu orokorrak positiboak dira, oro har erditik gora daudelako gehienak zenbateko horretan. Nork bere apustua indartzeko helburuz, «batzuek zehaztuta zituzten kuota batzuk jada, eta kuota horiek zorrozteko konpromisoa hartu dute; beste batzuek esan dute orain arte ez dutela euskararen faktorean arretarik jarri eta aurrerantzean ere kuota berriak ezarriko dituztela».

Muntaketetan aritzen diren lagunen euskara gaitasunaren zein erabileraren portzentajeak ere ekarri dituzte mahaigainera konpartsakideek eta GUKA mugimendukoek. Erabilera hori sustatzeko, «konpartsa batzuek ohartarazi dute gai horretan arreta jarriko duen figura bat zehaztuko dutela, eta besteren batek esan du eutsiko diotela euskarari, aurrekoak egiten ez duen arren ulertzen duelako».

Txandetan ere nabaritu daiteke euskararen erabilerak sortzen duen afera, baina euskarazko arreta bermatzea eta lehen hitza euskaraz izatea posible da euskaldunak ez diren txandalarien artean ere. Izan ere, badira urte batzuk hiztegitxoak sortu zituztela, txosna batean ohikoak diren produktuak eta zenbakiak itzultzeko. Gagoren hitzetan, «konpartsa askok hartu dute konpromisoa txandalariek zein eskatzera doazenek eskura izan ditzaten».

Programazioan jarri dute fokua hurrenik, badirelako ekintzak «erdaraz direnak eta euskaraz izan zitezkeenak». Errealitate hori iraultzeaz gain, euskaraz izango diren horiek indartzea ere proposatu dute.

Edonola ere, kanpo-komunikazioaren gehiena euskaraz egiten dutela konpartsek ondorioztatu dute, % 84, eta horrez gain gauza batzuk euskaraz bakarrik komunikatzeko konpromisoa hartu dute orain. Datu «adierazgarria» da, aditzera ematen duelako, zailtasunak zailtasun, «nahi edo hautu bat egon badagoela gehienetan».

Erantzukizunez gain, erantzule anitzak

Bilboko Konpartsen egitarautik at, bestelako eragileak ere agertzen dira Aste Nagusia eraikitzeko eginkizun horretan. Badira beste hainbat eragile eta instituzio jai-giroan ekarpena egiten dutenak eta, beraz, horietako bakoitzak bere esku dagoena egin dezan deia egin dute.

Bilboko Udalak osatu duen eskaintza ez dute aztertu oraindik GUKAn, baina aztertu zuten otsailean eta martxoan Bilbao Kirolak-en udaltegietan eta antzokietan zegoen euskararen presentzia, eta hor konprobatu zuten «hutsaren hurrengoa» zela.

Hori dela eta, mugimendua sortu zenetik errepikatutako ideia berretsi dute; euskarak hautuak behar dituela, «bai indibidualak, bai politikoak», egungo egoeraz jakitun, korrontearen kontra egiteko prest egongo den jendearenak. Behar ditu «aukerak eta espazioak» ere, uneoro korrontearen aurka ibili behar ez izateko – horrexegatik sortu nahi izan dute Aste Nagusian euskaldunentzako espazio eroso bat –. Baina, guzti horren gainetik, euskarak «eskubideak eta hizkuntza politikak» behar ditu, eta nabaritu dute Bilboko Udalaren aldetik ez dela ildo horretan behar beste egiten ari.

Negozio partikularrei ere gonbita egin diete, haiek ere jar dezaten euren aletxoa euskararen alde. «Inoiz gertatu izan zaigu Bilboko tabernaren batean, aurreko turistari ingelesez artatzen jakin eta euskaraz kafesne bat eskatzean no te entiendo bat jasotzea». Horrelako egoerak ekiditeko, txandalariekin egingo duten ariketa bera proposatu dute; lanerako oinarrizkoak diren termino horiek ikasi eta praktikatzea, arreta duin bat eskaintzeko bidean.

Kanpainarekin batera, bi eragile bultzatzaileek adierazi dute euskaraz funtzionatzea edo programatzea «ezinbestekoa» dela eta, hala ere, «konpromiso berriak» hartzeko prest daudela. Izan ere, jaiak badira une bat «harreman berriak sortzeko, emozioak pizteko eta amesten dugun herri horretarantz hurbiltzeko bederatzi egun sortzeko. Beraz, hori guztia euskaraz izateak badu bere balioa». Ahaztu gabe, noski, bederatzi egun horien ostean euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiten jarraitu beharko zaiola.

Jaurlaritza Logoa