Zuzenean

Udan geroz eta ohikoagoa den moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistemak pairatzen dituen murrizketak agerian geratzen dira. Osasun Publikoaren Aldeko plataformak horren aurkako errefusa adierazi du beste behin, eta Mireia Saiz, OPAko bozeramaileak, datorren udazkena «beroa» izango dela iragarri du, mobilizazioak gauzatzea aztertzen ari baitira, herritarrekin, beste plataforma batzuekin eta sindikatuekin elkarlanean.
Osakidetzak urteko garai honetan jasaten dituen murrizketak udara mugatzen ez direla salatu du Saizek. «Urtez urte errepikatzen den arazoa da, ez bakarrik udan, urtean zehar ere; ia sei hilabetez ematen diren murrizketak dira. Gabonetan edota Aste Santuan ere gabeziak agerikoak dira. Administraziotik erabiltzen dituzten eufemismoen eta leungarrien atzean murrizketak baino ez daude».
Plataformako ordezkariak salatu duenez, osasun zentroak irekita daude, baina bertan ez daude behar adina profesional. Hori murrizketak ezkutatzeko beste estrategia bat dela tamaldu du. Bestalde, mediku faltak ardura erizainen gain geratzea eragiten duela azaldu du, pazienteei emandako zerbitzua nabarmen kaltetuz. «Osakidetza talde multidiziplinarrez osatuta dago, langile guztiak beharrezkoak dira. Hanka bat falta denean, arreta motz geratzen da».
Egoera EAE osoan errepikatzen dela salatu du Saizek, eta bereziki larria dela lehen arretan, etengabeko arreta guneetan eta ESIetan. Lehen arretara sarbidea ez badago, edo honek gabezia asko baditu, gaixoak larrialdi zerbitzuetara jotzen dute, eta horrek zerbitzu horren kolapsoa eragiten du. Plataformatik arazoa larria dela diote.
Lurralde osora hedatzen den aferaren oinarrian, osasungintza eredu pribatu baten aldeko apustua dagoela kritikatu du Saizek. Urte luzez pertsonala eguneratu ez dela eta lan baldintzetan hobekuntzarik eman ez dela nabarmendu du. OPAko kidearen iritziz «badago bide bat zehaztuta, eredu publikoa bere osotasunean baztertu eta eredu dual bat bultzatzeko». Administrazioak osasuna negozio bezala ikusten duen eredu bat sustatu nahi duela deitoratu du.
Finean, Osakidetzan ematen diren murrizketen eta gabezien atzean urteetan zehar Lakuak gauzatutako politika publiko okerrak daudela laburbildu du Saizek.
Euskal Osasun Ituna
Azken hilabeteotan hainbesteko entzutea izan duen Osasun Itunaz eta medikuen grebaz ere aritu du plataformako bozeramailea. Lehen unetik osasun ituna «marketing» kanpaina gisa ikusi dute; itunak jaso duen «propaganda» guztia alde batera utzita, Osakidetzaren egoera okerrera doala salatu du Saizek, ez baita egiturazko aldaketa bakar bat ere eman ordura arte.
Ituna, oinarrian, eskatzen denarekin bat ez datorrela nabarmendu du, besteak beste, ez delako prozesu parte-hartzaile baten emaitza izan. Tartean beste interes batzuk egon direla adierazi du OPAko kideak, osasungintza eredu pribatua eta interes pribatua interes orokorraren gainetik gainjarri nahi izan dituztenak. Sindikatuek eta osasun sistema defendatzen duten plataforma desberdinek, beren exijentziak mahigaineratzeko aukerarik ez dutela izan tamaldu du.
Ildo horretan, itxarote-zerrendak murrizteko helburuarekin ebakuntzak eta frogak zentro pribatuetara bideratzea «aitzakia» bat baino ez dela salatu du. Lakuak zerbitzu publikoak pribatizatzeko «mekanismo klasikoa» baliatu duela azaldu du: «publikoa ahuldu eta gero pribatua konponbide gisa aurkeztu. Negozio hori elikatzeko azpiegitura publikoa desegin behar dela ikusten dugu».
Bestalde, administrazioak itxarote-zerrenden arazoa medikuen grebari lotu izana arbuiatu du. «Lakuak greba itxarote-zerrendak handitzeko arrazoia dela esatea manipulazio narratiboa da». Euskadiko Sendagileen Sindikatuaren jarrera kritikatu du ere, interes korporatiboak defendatzen dituela berretsiz, ez osasun sistema publikoa, eta Pradalesen exekutiboak honi eskua eman izana tamaldu du.
OPAk osasun sistema publikoa defendatzen jarraituko duela azpimarratu du Saizek, eta «udazkena beroa» izango dela aurreikusi du. Mobilizazioak gauzatzea aztertzen ari dira, eta aurreratu duenez, jada harremanetan daude herritarrekin, beste hainbat plataformarekin eta sindikatuekin, horrela «denon interesak defendatzeko, %100ean publikoa, integrala eta duina izango den eredu bat defendatzeko».



