Zuzenean

Konponbidea, bakea eta elkarbizitza. Ausazkoak izatetik urrun daude Hondartzetako Ekimenaren aurtengo edizioa iragartzeko hautatu dituzten hiru kontzeptuak.
Igande honetarako ezarrita dagoen hitzorduaren xehetasunak eskaini ditu ostegun honetan Sare Herritarreko kide den Beñat Uribe-Etxeberriak NAIZ Irratian eta, bertan azaldu duenez, ekainean Arrasateko Monterron parkean agerraldi jendetsua egin zutenetik, erabakia hartua zuten udako eta udazkeneko kanpaina osan zehar egiteke zeuden ekitaldietan betiere lerro bera mantentzea.
Izan ere, asteburu honetakoak ere badarama ‘Helmuga Denak Etxera’ lelopea, eta horretan jarri dute azpimarra. Helmuga metaforiko horren atzean dagoena azaldu du Uribe-Etxeberriak: «Oraindik akaso batek edo bestek pentsa dezake, eta arrazoi guztiz gainera, guk ere pentsatu izan dugulako edo pentsatzen dugulako, goizegi izan daitekeela hondartzetako mobilizazioa bera, adibidez, azkena izango dela esateko». Hala ez bada ere, behar bat identifikatu eta nahi bat adierazi dute.
Hala ere, uste dute datozen hilabeteetan aurreikuspenak beteko balira eta lege arrunta aplikatzera bidean oraindik emateke dauden pausoak emango balira, beteko lituzketela baldintzak «aurtengo hondartzetako mobilizazioa zein udan eta udazkenean zehar egingo ditugun hainbat dinamika ere azkenak izan daitezen».
Hain zuzen, horrek erakutsiko lukeelako urtetan zehar gehiegi luzatu den sufrimendu horri «nolabaiteko konponbidea eman zaiola eta bagaudela beste eszenatoki batera, beste fase batera pasatzeko moduan Euskal Herrian». Eta, noski, gizartea bera ere egongo litzatekeelako horretarako baldintzetan, aurretik beste zenbaitetan egin moduan. Adibide gisa, dispertsioaren fasea. «Gainditu genuen fase hura, eta gainditu nahi dugu nolabait ‘etxerako bidea’ deitu diogun fase hau ere».
Urte luzez atxikimendu handia izan duen ekimena da asteburu honetan azkendu nahi dutena. Anekdota moduan, Sareko kideak kontatu du asteazkenean Donostiako Aste Nagusiko mobilizazioa iragartzeko egin zuten agerraldian saiatu zirela hondartzetako lehen mobilizazioari data bat jartzen, baina ez zirela gai izan. Horrek, haren ustez, agerian uzten du «egon den belaunaldi erreleboa».
Izan dira senideak atzean, izan da Etxerat bera ere, eta azken urteetan Etxeratek eta Sarek elkarlanean antolatu dute. Ekimenak «erresilientzia handi bat» erakusten duela gaineratu du, senideekiko eta dispertsioak berak ezarri zuen sufrimendu horrekiko elkartasun olatu handi bat. Aurtengoa ere jendetsua espero dute hondartza orotan eta formatu desberdinetan. «Momentu historikoa» izatea nahi dute gainera; arrazoi desberdinengatik aspaldi elkartu ez direnen arteko «elkargune bat».
Konponbide integrala
Uribe-Etxeberriak nabarmendu du urteak daramatzatela auziaren konponbide integrala exijitzen, benetan aurrera egiteko eta «benetako elkarbizitza agertokietara» begira jartzeko. Azaldu du «hamarkadatan zehar sufrimendu izugarria jasan duen herria» dela gurea, baina oraindik ere zenbait sufrimenduk indarrean jarraitzen duten herrian bizi garela.
«Batetik, urte luzez sufrimendu hori beren azaletan pairatu duten biktimen auziaz ari gara. Eta asko dira oraindik ere, kasu batzuetan gizartearen partetik aitortza hori jaso badute ere, oraindik errekonozimendu instituzionala jasotzeko dutenak». Ezinbestekotzat jo du egitura demokratiko batean biktimek hori jasotzea, eta Nafarroan azkenaldian zentzu horretan eman diren aurrerapausoek Euskal Autonomia Erkidegoan ere isla izatea espero du.
Gaineratu duenez, «oraindik ere sufrimenduak indarrean jarraitzen du, oraindik ere salbuespenak indarrean jarraitzen du, oraindik lege arruntetik urruti gaude, eta zer esanik ez iheslari eta deportatuen kasuan». Guzti hori gainditzea eta orain arte beharrezko izan diren elkartasun eta esfortzu horiek epemuga bat izatea positibotzat du Sarek, hortaz.
Udako hitzorduak
Datorren asteazkenean, abuztuaren 5ean, Gasteizko Aste Nagusiaren baitan egingo du Sarek urteroko manifestazioa, eta aste honetan bertan eman dute bigarrenaren berri. Donostian izango da, abuztuaren 14an.
Ondoren etorriko da, udako kanpaina borobiltzeko, Bilboko Aste Nagusiko mobilizazioa. Datozen egunetan emango dituzte argitara xehetasunak.




