Zuzenean
«Ez nuen mina zukutu nahi, ez delako nirea bakarrik»
Aitaren heriotza abiapuntu hartuta, baina heriotzean hiltzatu gabe idatzitako poema-liburua da 'Geratzen dena'. Ione Gorostarzuk (Berastegi, 1984) Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu du hirugarren eta azken olerki bilduma. Hiru ataletan antolatu ditu jolas, hots eta irudiz beteriko lerroak.
«Ez nuen mina zukutu nahi, ez delako nirea bakarrik»

Aitaren heriotza du ‘Geratzen dena’-k abiapuntu. ‘Des egiten’ (2012) eta ‘Ez da erditzea’ (2019) liburuek beste gai bat dute, baina izan daiteke galeraren hiruetan dagoen konstantea?
Egia da eta idazleok eta azkenean pertsonok ere beti gai beretsuen inguruan aritzen gara. Eta bai, nik uste dut liburu batetik bestera badaudela gai batzuk errepikatzen direnak, tonu bat, ikuspuntu bat. Galera izan daiteke hor dagoen zer edo zer bai, zerbait irabazten dugunean beti galtzen dugulako beste zerbait.
Xabier Mendiguren editoreak nabarmendu zuen zu izan zinela amatasunaz idazten lehenetarikoa. Hori orain asko aldatu dela esan dezakegu?
Egia esan, handi gelditzen zait niri lehenengotarikoa izan nintzela esatea. Ni ez nintzateke hainbeste esatera ausartuko. Baina egia da ‘Ez da erditzea’ kaleratu nuenean, hortxe paretsu, Leire Bilbaok ‘Etxeko urak’ poema-liburua atera zuela. Hura ere amatasunaren ingurukoa zen. Eta denbora gutxian asko jorratu den gaia izan da. Katixa Agirre, Alaine Agirre eta beste hainbat. Ikuspegi oso desberdinetatik egin dute gainera. Uste dut ematen ari zaiola baduen lekua euskal literaturan.
Azkenean, pizten zaituen horretatik sortzen duzu eta, normalean zu pizten zaituzten gaiak gizartean ere borborka daudenak dira. Gai batzuen inguruan agian gutxiago hitz egin da. Edo hitz egin da oso ikuspuntu zehatzetik. Eta esango nuke azken aldian egon dela ama idealaren figura hori apurtzeko joera bat, zirrikituak bilatzekoa. Eta hortik jo nuen bigarren liburuan. Baina bai, giro edo joera olatu horrek ere eragin du.
Liburu hasieran hala diozu: hitzek hotsa dute/ hitzak jostailu dira/ batzuetan hitzek guk baino lehenago dakite/ zer esan. Honek borobiltzen al du bildumaren funtsa?
Laburbiltzen du nondik idatzi dudan, bai. Hori atera zein behin liburua eginda nuenean, argi ikusi nuen horrek lehen orrialdean joan behar zuela. Liburuak hiru atal ditu eta hau atal horietatik kanpo dago. Sarrera moduko bat da. Ez dira liburuko ezaugarri guztiak aipatzen, baina bai esanguratsuenetako batzuk. Hotsa; uste dudalako nahikoa jokatu dudala belarriz eta oskidetasunarekin. Eta jolasa; hitza jostailu bihurtzen saiatu naiz, dutenaz aparteko esanahitik tiraka eta ea nora eramaten ninduten jolas horrekin. Batzuetan hitz batzuk bakarrik nituen eta hortik tiraka azkenean ideiak iristen ziren. Hirugarren esaldia ere hortik dator. Batzuetan hitzek guk baino lehenago dakite zer esan. Batzuetan, jolas horretan, zerbait esaten duzu eta, aiba, gero etortzen zaizu esanahia. Beste askotan ez. Hor geratzen da. Baina hortik tiraka joan naiz leku desberdinetara, ukitu nahi nituen leku, ideia eta sentimendu horietara. Bidaia berezia izan da alde horretatik.
«Poema batzuk hitzekin egindako argazkiak izan litezke. Gorputzetik idatzitakoak dira, soinuetatik baita ere»
Geratu aditzak pisu handia du liburuan. Baina bi adiera posible ditu, iraun edo eten.
Hasiera batean poema bat izan behar zen, jolasten zuela hainbat ideiekin: geratzea dena, guztia geratzen zaizun shock edo golpe hori, geratzen garenok, geratzen ez direnok, geratu, konformismo batetik edo nolabait geratu, ez geratu... Jolas horrekin poema bat egin nahi nuen, baian ez zen ateratzen. Hor neukan zirriborroen artean eta idazten nindoala bat batean bai ikusi nuen hitz joko horrek eman zezakeela atal desberdinetarako. Argi une bat bezala izan zen eta hala ikusi nuen liburuaren egitura guztia.
‘Geratzea dena’ atala, nolabait atalik bortitzena da: heriotza gertatzea, albistea jasotzen duzun une hori, hasierako zoramen ordu horiek... ‘Geratzen (ez) dena’ atalean saiatu nintzen jokatzen hainbat galderarekin: zer geratzen den, zerk irauten duen, zerk ez duen irauten, joandakoak, ez dauden denak... Eta hirugarren atalean hainbat tematika nituen, desberdinak, baina gizarteari eta norberari kritika izanik, bazutena arlo sozialago bat, erabaki nuen ‘Geratzen garenak’ izenburua jartzea. Bizirik gaudenok, baina ezin dugunok geratu. Horrek dakarrelako munduko arazo, dinamika eta borroka horiek guztiak ez ikustea. Bai, askorako eman dit hitzak.
Poema batzuk oso deskriptiboak dira, eszena barruan kokatzen du irakurlea.
Poema batzuk hitzekin egindako argazkiak izan litezke, nire ustetan. Gorputzetik idatzitakoak dira, soinuetatik baita ere. Bidaia bat egin dut, bidai bat aitarengana. Eta diskurtsoan, sentimenduetan, hitzetan, sartu beharrean, oroitzapenetatik jo dut gehiago. Ez a priori horrela pentsatu nuelako, baina bidea oroitzapenak izan dira: irudi bat, usain bat, belarrarena, belar zuloarena, segaren soinua... Kasik gauza fisikoetatik iritsi naizela esango nuke.
Eutsi nahi izan diozun gauzei tiraka.
Bai, euskarri bat behar nuen, bestela abstraktuegi geratzen zitzaidan mundu batera iristeko. Eta esango nuke mundu bat ekarri dudala baita ere, txikitako mundua batez ere. Aitarekin partekatutako une gehienak etxean bizi nintzenekoak dira. Txikitako giro horretara eraman nau, gaur egun ez da giro arrotza niretzat baina ez da hain nirea baserri mundu hori. Baina nire txikitako mundua da; animaliekin, etxeko tresnekin, baserri giro hori, belarra... Horretara eraman nau.
Aitarenaz geroztik, aldatu da heriotzarekin zenuen harremana?
‘Des egitea’-n heriotza agertzen zen. Uste dut modu teorikoan behintzat, nik ez dudala inoiz tabu bezala hartu heriotza. Hasieratik ekarri nuen nie literaturara eta horri buruz hausnartu. Baina desberdina da pentsamenduan edo gorputzean bizitu. Nik neuk esaterako aiton-amonarik ez nuen ezagutu eta benetako lehen heriotza gertu aitarena izan da. Eta horrek noski aldatzen dizu heriotza bizitzeko modu hori. Ezin nuen beste ezertaz hitz egin. Nik uste dut, behintzat hala bizi dut, zerbait bizitzen ari zarenean, zure gorputzean, oso zaila da hortik aparte beste zerbaitetaz idaztea.
Zentraltasuna hartzen du, nahiz eta gero munduak aurrera jarraitu.
Bai. Eta liburuan ere hori irudikatzen saiatu naiz. Ez nuen heriotzari buruzko liburu bat izatea nahi. Are gutxiago aitaren heriotzaren ingurukoa, soilik. Ez nuen horretaz hitz egin nahi, zerbait zabalagoa egin nahi nuen. Eta uste dut lortu dudala errealitatea ere horrela delako. Zuri gauza handiak, txikiak gertatzen zaizkizu, denak batera. Baina gauza txiki horiek ere hor segitzen dute eta egunero ogia erosi behar duzu, lanera joan behar duzu eta telefonoan mezuak erantzun behar dituzu.
«Ez dut inoiz heriotza tabu bezala hartu, baina desberdina da pentsamenduan edo gorputzean bizitzea»
Askotan norbaiten heriotza pertsona hori beste modu batean ezagutzeko parada da. Horren inguruan ere idatzi duzu. Zenbat pertsona kabitu daiteke pertsona bakar batean?
Pertsona bakoitzak beste pertsonaren alderdi bat ezagutzen dugu, lankide moduan, asteburutako aldartean... Pertsona bat osoki ezagutzera gutxitan iristen gara. Poema bat belategian kokatua dago, kuriosoa egiten zitzaidalako. Belategiak sormen askorako ematen du, oso leku berezia da. Alde batetik, bada oso metodikoan egin behar duzuna. Eskela, bata eta beste antolatu behar duzu. Batzuk lanean ari dira bertan zure inguruko heriotza hori kudeatzen. Bestetik, eusten zaituen leku bat ere bada. Ingurukoen babes eta maitasun handi bat jasotzen duzu. Badirudi denei bizitza aldatuko zaiela. Eta gero ez da egia, handik ateratzen zara eta bakoitzari, normala den bezala, neurri desberdinean eragiten dio heriotza bakoitzak. Horrez gain, bada beste elementu bat eta da hil den pertsona horren inguruan hitz egiten duzula normalean. Batak modu batera ikusten du pertsona hori, besteak beste batera. Eta kuriosoa da nola iritsi pertsona baten alderdi desberdin horietara.
Morboa eta sentimentalismoa saihestu nahi zenituen. Zein arrisku ikusten zenuen?
Arrisku dezente ikusten nituen. Behin baino gehiagotan pentsatu nuen argitaratzeko pausoa eman aurretik zergatik argitaratu, merezi ote zuen... Arrisku literarioak eta ez literarioak sumatzen nituen. Alderdi pertsonalenetik hasita, ez nuen minaren erabilpen edo esposizio bat egin nahi. Ez delako nire mina bakarrik, inguruko mina ere bada ezinbestean. Nire senideak etab agertzen dira, zaila egiten zitzaidalako hori kenduta esan nahi nuen hori esatea. Bestetik, biktimismoa ez da hitza, baina ez nuen mina zukutu nahi. Argi nuen niri gertatutakoa askori gertatu zaiela. Argitaratu behar banuen, argi nuen ni ezagutzen ez nauen irakurle bati ere, distantzia daukan bati ere, iritsi behar zitzaiola. Hau da, beste ikuspuntu bat eman behar nuela, ekarpen bat egin literaturari eta poesiari heriotzaren gaian. Nire asmoa izan balitz nire ingurukoei aita zenbat maite nuen eta zenbat min nuen esatea, beste gauza bat egingo nukeen.
Banuen baita ere beldurra ia non amaituko ote zen liburua. Heriotzarekin hasten da, baina nik ulertzen nuen garapen bat behar zuela, ezin zela minean bakarrik geratu. Ez nekien oso ongi nondik atera, hasierako poemak oso bortitzak eta indartsuak dira, pisu handia dute shock bat adierazi nahi dutelako. Beldurra nuen nola eutsi indar edo energia horri guztiari. Arintasun bat sartu nahi nuen, baina betegarri batzuk sartzeak ere beldurra ematen zidan. Nire nahia zen liburua arintzen joatea era natural batean, baina aldi berean ekarpen bat eginez.



