Zuzenean
«Gizarteak galderak dauzka eta museoak erantzuna izan behar gara»
Mireia Massagueri erreleboa hartuta, Chillida Lekuko zuzendari berria da Mikel Chillida (Donostia, 1982). Aurrez komunikazio lanetan aritu da museoan zein familiaren izenean. Konexio berezi bat du aitonak sortutako «enkontrurako leku» berezi honekin eta bisitariak ere konexio bera lortzea nahi du.
«Gizarteak galderak dauzka eta museoak erantzuna izan behar gara»

2019az geroztik Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioko garapen arduraduna izan zara. Zer lan egin duzu?
Publizitate eta komunikazio arloan ikasitakoa naiz. 2014an, museoa oraindik itxita zegoela, hasi nintzen fundazioan eta familian komunikazio ardurak hartzen. 2019an museoa berriro ireki zenean, komunikazio lanen ardura hartu nuen eta 2020an eman nuen garapen zuzendari izateko pausoa. Ibilbide horretan beti saiatu naiz museoa ondo-ondo egokituta egoten gure ekosistemara. Kultur eragileekin baina baita instituzioekin ere. Museo pribatu bat gara baina, hala ere, gure harremana erakunde guztiekin ikaragarria da eta hala izan behar du.
Aitonak hemen legatua utzi zuenetik, toki honek ikaragarrizko zentzua du gure gizartearentzat. Eta ondo ikasi behar dugu entzuten zer-nola izan garrantzitsu gure gizarterako eta gure kultura ekosistemarako. Hori da hartu dudan ikaspen handienetakoa. Zein garrantzitsuak diren lotura horiek, jendeak uler dezan Chillida Leku ez dela Chillida familiarena edo Chillidan oinarrituta dagoen zerbait bakarrik. Bai, Chillidan oinarritua dago, berak egin zuen eta berak sortu zuen leku hau; baina ez zuen berarentzat sortu, jendearentzat baizik. Ulerkera hori ondo sustraitua egon behar da. Jendeak ere ikasi behar du nola konektatu leku honekin, hori lortzean, aurkitzean zergatik den garrantzitsua beraientzat, sortzen dena betirako konexio bat baita.
«Bai, Chillidan oinarrituta dago, berak egin zuen eta berak sortu zuen leku hau; baina ez zuen beretzat sortu, jendearentzat baizik»
Berrirekiera inflexio puntu bat izan al zen begiradari dagokionez ere?
Bai, zeharo. Leku hau ez da, irekita ez baldin badago. Inork ez badu joateko, bizitzeko eta bisitatzeko aukerarik, orduan ez da leku bat, beste gauza bat da. 2019az geroztik berriro ere leku bat bihurtu da Chillida Leku. Urte hauetan zehar museo baten definizioa ere aldatu da; hiztegian begiratu besterik ez dago. Lehengo museoek bilduma zuten oinarri, bilduma hori zen propositoa. Gaur egun zeharo aldatu da hori. Zure bilduma gaur egun, nahi baduzu, zure prisma da. Baina zure definizioa museo bezala da gizarteak dituen galderentzat erantzunak dauden leku bat bihurtzea. Eta zure bilduma, esan bezala, ikuspuntu bat bihurtzen da, non ulertu behar duzun zein diren gaur egungo problematikak, kezkak, galderak, betebeharrak... Eta zure bildumatik sartu, dena mugitu pixka bat eta berriro gizartearentzako erantzun bihurtu behar zara. Horrek 2019az geroztik garrantzi ikaragarrizkoa izan du museoaren bilakaeran. Oso pozik gaude egindako ibilbidearekin. Horrez gain, mendeurrena, aitonaren 100 urteak, ospatzea sekulako leihoa izan zen guretzat mundu osoan. Olatu hori oraindik mugitzen ari da.
Krisian daude museoak?
Bueno, gizartea dago krisian. Museoak ez gaude gizartetik kanpo. Azken urteotan sumatu dugu nola gizartean, ez dut esan nahi norabidea galdu, ez litzatekeelako egia izango, baina polarizazio asko dugun; sekulako tentsio momentuak bizi ditugu, baita ekonomikoki ere. Aste batetik bestera krisia datorrela dirudi. Ezegonkortasun handiko momentuetan bizi gara, baita balio eta konpromisoetan ere. Orduan, museoak ez gaude hortik kanpo, barnean gaude, ekosisteman. Horrek garrantzi handiagoa ematen digu museooi; esan bezala, gu erantzuna izan behar garelako. Gizarteak galderak ditu, baina gaur egun bizi garen moduan bizita, dena azkartasun ikaragarri batean, digitalizazio prozesuak tarteko. Jende guztiak mugikor bat ateratzen du, gauzatxo bat ateratzen du bere poltsikotik, eta munduko informazio guztia du. Baina ez daki informazio hori benetan oinarri eta baldintza onetan egindakoa den edo den sistemaren barneko beste tresna bat. Alde horretatik, gu irla bat gara.
Hemen sartzean, lehenik eta behin, denbora aldatzen da. Dena pausatu egiten da. Naturaren ziklo, denbora eta erritmoetan sartzen zara. Horrez gain, artelanek beren espazioa dute, ukitu ditzakezu lasaitasun osoz, ibilbide bat edo beste aukeratu dezakezu... Hemen oso fisikoak, tangibleak eta lasaiak gara. Berriro ere hankak lurrean jarri, arnasa hartu eta gauzak berriro lasaitasunez begiratzeko leku bat gara, galdera onak eta benetakoak berriro egitekoa. Tolerantzia, elkarrizketa, bakea... Horiek beti dira galdera, beti izango dira garaikideak. Horregatik gara erantzun bat. Krisian gaude, bai, baina museoak krisi ikaragarri honetatik ateratzeko tresna oso interesgarria gara.
Zeintzuk dira, zehazki, Chillida Lekuk gaur egun dituen erronkak?
Hasteko, dinamika ikaragarrian sartuta ginen. 2019an ireki berri genuen, pandemia etorri zen eta berriz gelditu ginen, eta gero martxan jarri behar izan genuen. Hau leku berezia da, 11 hektareako baso, zelai eta baserri bat gara. Orduan, aktibotasun ikaragarria izan dugu, proiektu piloa egin dugu, udako programazio ikaragarria sortu dugu... Eta batzuetan, ez dut esan nahi gehiegi denik, baina has zaitezke dinamika batean, oso interesgarria izanda ere, zure ibilbidetik ateratzen zaituena. Ez dut esan nahi gauza gutxiago egin behar dugunik, baina denbora azkar doa gaur egun. Batzuetan denbora gehiegi ematen dugu ordenagailu baten aurrean, e-mailak kudeatzen, erantzuten. Ikasi behar dugu gure momentutxoak bilatzen programazioa ondo pentsatzeko, proiektuak aukeratzeko... Hori berreskuratu nahi dut. Gure betebeharrarekin lotu behar gara; aitonaren filosofiak eta lanak prisma izan behar du. Ez dugu soilik Chillida landuko, noski, baina beti izan behar du zentzua guretzat. Bestela, akabo, beste gauza bat izango ginateke.
Horrez gain, mantendu behar ditugu erakunde eta kultur eragileekin ditugun konexio guztiak. Oso trebeak izan behar gara konexio horiek bizi mantentzen. Baita nazioartean ere. Eduardo Chillida eta Pilar Belzuncek oso izen berezia dute. Konexio horiek guztiak ere ondo bermatzea gustatuko litzaidake. Orain arte egin dugun baino hobeto. Badirudi nahi dugula atzerritarrak ona etortzea. Bai, noski. Baina nahi dugu ere hemengo norbaitek Berlin bisitatzean eta aitonaren eskultura bat ukitzean sumatzea etxean dagoela. Hau da, Chillida bereganatzea, eta dagoen lekuan dagoela, Chillida baten aurrean dagoenean etxean sentitzea.
«Bizitzarako ardatz bat da. Gustatuko litzaidake etortzen den jende guztiak nik ikusi eta ukitu dudana ikusi eta ukitzeko aukera izatea»
Turista eta bertakoa. Nola kudeatu tentsio hori?
Non gaude? Hemen gaude, Donostian, Hernanin, Gipuzkoan, Euskal Herrian. Zein da arreta jarri behar dugun lehen taldea? Bertakoa. Hori funtsezko oinarria da. Horretarako, programazioak zentzu handia du guretzat, bertakoak gainera ezin dituzulako denak berdin tratatu. Gazteak, musika gustuko dutenak edo artea, natura... Chillida ere oso transbertsala da: musika, filosofia, arkitektura... Lehenik gure ardatzak zeintzuk diren begiratu behar dugu eta programazioa jende horri begira bideratu. Mediazio egitasmoekin eta tailerrekin ere, haien kuriositatea landu eta garapen pertsonalerako lekua izan behar gara. Hona norbait etortzen denean eta joaten denean ez da pertsona bera. Hau asko esatea da, baina joaten denean pertsona hobea da.
Nabaritu duzue turismoaren garapena Donostian?
Egia esaten badizut, ez dugu gehiegi sumatu. Donostiak bisitari askoz gehiago dauzka, baina guk ez dugu aldaketa handirik sumatzen. Eta hori, adibidez, guretzat aukera bat da. Donostia deskongestionatzen lagundu beharko genuke. Eta lasaitasun pixka bat gehiago eman Donostiari. Hemen, adibidez, 400 bisitari izanda ere ez duzu gainezka dagoen sentsaziorik.
Aitonaren ondarea oso presente duzu museoaren norabideari begiratzerakoan.
Bizitzarako ardatz bat da, tente-tente eta adi egotekoa. Sintesi txikitxo batean esan beharko banu zer nahi dudan daukadan aukera berri honekin, esango nuke gustatuko litzaidakeela etortzen den jende guztiak nik ikusi eta ukitu dudana ikusi eta ukitzeko aukera izatea. Nik ikusten dudan lekua, ideiak, filosofia... Hori guztia da Chillida.



