Zuzenean

Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna

Iruñeko txupinazoarekin ekingo dio NAIZ Irratiak udako programazioari

Uztailaren 6an Iruñetik egindako 'Kosta ala kosta' saio bereziarekin sartuko da NAIZ irratia uda giroan. Tourraren jarraipenak tarte nabarmena izango du aurten ere.

Ion Garate eta Iker Gurrutxaga, ‘Kosta ala kosta’ saioko gidariak
Ion Garate eta Iker Gurrutxaga, ‘Kosta ala kosta’ saioko gidariak (Maialen Andres | FOKU)

Urtea amaitzen da Sanferminetan iruindarrentzat eta hiri buruzagiaren egutegi horrekin itxi ohi du denboraldia NAIZ Irratiak ere.

Uztailaren 6an 'Kosta ala kosta' saio berezia eskainiko du irratiak Iruñetik (9.05-12.15) festen hasierako txupinazoa zuzenean eskainiz. Udako sasoia abiatzeko aitzakia izango da.

Albistegi zerbitzuek ohiko erreferentziazko ordutegiari eutsiko diote (6.00-22.00) baina aktualitate magazinak murriztuta, garaiak eskatzen duen eskaintza freskoagoa indartu asmoz.

Ezkerretik eskuinera: Amagoia Mujika ‘Berria’ egunkariko zuzendaria, Denis Itxaso Lakuako Etxebizitza sailburua, Iñaki Soto GARAko zuzendaria eta Peli Lekuona Haria 1eko gidaria (Maialen Andres / FOKU)

Informazioaren Hariaren lehen edizioa ohikoan baino lehenago amaituko da 'Kosta ala kosta' magazin udatiarrari tartea egiteko (astelehenetik ostiralera, 9.05-11.00). Euskal Herria aldez alde zeharkatuko dute Iker Gurrutxaga eta Ion Garatek protagonista herritarrak bihurtzen dituen saioan.

Tourra da udako beste izarra. Uztailaren 4an, larunbatarekin, abiatuko da gizonezkoen proba eta egunero (16.00tatik 18.00tara, gehienean) etapa bakoitzeko azken kilometroak zuzenean eskainiko ditu NAIZ Irratiak. Abuztuko lehen bederatzi egunetan izango da emakumeezkoena eta, ohiko legez, zuzenean jarraitu ahalko dira lasterketa honen azken kilometroak ere.

Denboraldiko azkenak

Ikasturte oso intentsoa izan da hau NAIZ Irratiarentzat, 70 bat saio berezi eskaini ditu ikasturte honetan (tokian tokiko saio bereziak, kirol emankizunak, kaletik egindako magazinak...) eta hainbat saio berri estreinatu ditu.

Urte hasieran heriotzaz sakon hausnartzeko aukera eman zuen Urtzi Ugaldek gidatutako 'Azken Kafea' podcastak; Mikel Laboaren inguruan inoiz egin den lanik mamitsuenetakoa ondu zuen Julian Diaz Alonsok 'Mikel eta Laboa' podcastean; umoreak bide berriak aurkitu ditu 'Bi ta Piku' eta 'Punpairez' saioekin, memoria historikoari leiho berri bat ireki dio Maria Laespadak gidatutako 'Oroimenaren Geltokia'-k eta musika munduan ari diren emakumeen bizipenak jaso ditu Iraia Cambrak ‘Leku Baten Bila’ podcastean.

Ekaina eta uztaila elkar josi diren aste hauetan izaten ari dira saio hauek guztietako denboraldiko azkenak; datorren ikasturtean jarraipena izango dute.

Zebrabidearen kasuan aurkezle bikote berria izan da aurten, Gure Irratiko Arantxa Idieder eta NAIZ Irratiko Malen Frantsesena izan dira gidari. Arrosa irrati sarearen altzoan ekoitzitako saio honen ikasturteko azkena Arberatzen izan da, EHZ festibalean.

Indartzen eta egonkortzen ari da NAIZ Irratia eta bere entzulego komunitatea. Horren adierazle dira audientzia neurketak, etenik gabeko, eta batzutan izugarrizko, igoera erakusten ari baitira.

Abuztuaren 31n dena berriz martxan

Uda garaia amaitzear ekingo dio NAIZ Irratiak denboraldi berriari. Dabilena ez omen da ikutu behar eta parrillaren zutabe nagusiak bere horretan mantenduko dira: 6.00tatik 10.00tara izango da Haria 1, ondoren Bigarren Kafea magazin balioanitza, Musikharia, Kirolharia...

Parrillako saio gehienak ere bere horretan mantenduko dira baina berrikuntzak ere badatoz; su txikitan ari dira egosten eta denboraldi berriarekin ezagutuko ditu entzuleak ere.

Jaurlaritza Logoa