Zuzenean

Aski ezaguna da pop-aren esparruan dauden artista askok ez dituztela euren abestiak konposatzen; hain zuzen ere, beste artista batzuek konposatutako abestiak erosi egiten dituzte, eta eurenak bihurtu. Bitxia da abesti batzuek artista baten eskuetan erori aurretik egin duten bidea: Rihannaren ‘Umbrella’ ospetsua da, agian, kasu esanguratsuenetako bat; bere eskuetan erori aurretik Britney Spearsek baztertu egin baitzuen.
Pop abesti entzuetsu horiek konposatzen dituztenen artean badira, batetik, ofizioz konposatzaileak direnak (diskoetxe batek abestiak egiteko kontratatzen dituen sortzaile kasik anonimoak), baina badira besteentzako abestiak konposatu ez ezik, euren ibilbide propio eta oparoa egitea ere lortu duten zenbait artista. Azken horietan jarriko dugu fokua.
Nazioarteko sei artista oso ezagun hautatu ditugu gaurko ad Libitum-eko atalean, musikaren industrian oso baliotsua den konposizioaren dohainari buruz hitz egiteko. Sia australiarrarekin hasiko gara; bere ibilbidea eztandarazi zuten ‘Chandelier’ edota ‘Titanium’ bezalako abestiez gain; besteak beste, Rihannarentzako ‘Diamonds’ bezalako hit-ak egin dituen artista.
Bisitatuko dugun beste artista polifazetiko horietako bat Charli XCX da. Bere itxura axolagabearen atzean talentu handiko konposatzaile bat ezkutatzen da, bere hyperpop estilo propiotik oso urrun gelditzen diren konposizioak egiteko gai dena; Camilla Cabello eta Shawn Mendesentzat egindako ‘Señorita ’latino kutsuko abestia adibide.
Prince, Carole King, Julia Michaels...
Klasikoagoak diren artistak ere ez ditugu aipatu gabe utziko, adibidez, Prince edota Carole King. Bi hauek artista andanarentzat egin dituzte abestiak; lehenak Sinnead O’Connor, Chaka Khan edota The Banglesentzat; bigarrenak Aretha Franklin bezalako ahots eternalentzat. Horrez gain, noski, esan beharrik ez dago euren ibilbide oparo bezain entzutetsuak aurrera ateratzeko gaitasun paregabea ere izan dutela.
Artista gazteago eta ez hain ezagun bat ere aipatuko dugu: Julia Michaels. Justin Bieber, Selena Gomez, Demi Lobato edota Fifth Harmony bezalako taldeentzat konposatzaile gisa aritu da nerabe zenetik; baina horrek ez dio denborarik kendu bere ibilbidea sustatu duten beste hainbat abesti egiteko, hala nola, 2015ean eztanda egin zuen ‘Issues’.
Pop izar handi batekin amituko dugu atala: Bruno Mars. Honek ere, ibilbide propio arrakastatsu eta eklektikoa egiteaz gain, beste hainbat artistarentzako abestiak egin ditu, hala nola, entzungo dugun Flo Ridaren ‘Right Round’ dantzagarria.



