Zuzenean

Peli Lekuona - Hegoi Belategi

SME: «Gauzak ez badira aldatzen ziur asko greba mugagabea egongo da»

Estatutu Markoan sendagileen berezitasuna aitortzearen beharra berretsi du Euskadiko Sendagileen Sindikatuko Ainhoa Albizurik, «ezin gara alderatu beste maila batzuekin». Administrazioari egindako aldarrikapen nagusien artean, «mediku gehiago kontratatzea» edo guardiak «borondatezkoak» izatea. 

SME: «Gauzak ez badira aldatzen ziur asko greba mugagabea egongo da»

Loading player...
Euskadiko Sendeagileen Sindikatuak ekainaren 17an Bilbon deitutako mobilizazioa.
Euskadiko Sendeagileen Sindikatuak ekainaren 17an Bilbon deitutako mobilizazioa. (Aritz Loiola | FOKU)

Medikuen greba batzordeak beste pauso bat eman du berriki, greba mugagabea deitu du uda amaierarako iragarriz. Gizartean ondorio nabarmenak ekar ditzakeen deialdi honen jatorria, hilabetez kateatu den sendagileen sindikatu eta administrazioaren arteko negoziazioan dago, osasun arloko langileen lan baldintzak erregulatzen dituen Estatutu Markoa tarteko. Azkenean, medikuen sindikatuekin akordiorik lortu gabe onartu zuen estatutua, Monica Garciaren Osasun Ministerioak. «Gauzak ez badira aldatzen ziur asko greba mugagabea egongo da», dio Ainhoa Albizuri Euskadiko Sendagileen Sindikatuko ordezkariak, «gure lan baldintzak hobetu nahi ditugu eta horretarako behar dugu bai Madrilen eta bai Gasteizen gure lan baldintza bereziak ezagutzea eta kontuan hartzea», gaineratu du. 

Administrazioei dagokienez, Madrilen Espainiako Osasun Ministerioak entzungor egiten jarraitzen diela kritikatu du Albizurik, «ministerio honekin ikusten dugu ezin dela egin». Beraien ekarpenak baztertzea egotzi dio Monica Garcia Osasun Ministroari. Alberto Martinezen Osasun Sailarekin berriz, «behintzat eseri egiten gara», Albizuriren esanetan, baieztatuz harremana Lakuarekin Moncloarekin baino hobeagoa izaten ari dela. 

Madrilen onartu den Estatutu Markoa gainontzeko osasun arloko profesionalak biltzen dituzten sindikatuekin adostu zen arren, «ezin gara alderatu beste maila batzuekin», Euskadiko  Sendagileen Sindikatuko kideak dionez. Izan ere, sendagileentzako oinarrizko izaten jarraitzen du beraien izaera berezia aitortuko duen akordio batera heltzea. Eta behar horretan kokatu ditu Albizurik euren aldarrikapen nagusietako batzuk;  «ahalik eta mediku gehien kontratatzea», «guardiak derrigorrezkoak izan beharrean borondatezkoak izatea», eta jubilaziorako «kontuan hartzea egindako orduak». 

Pribatuarekiko harremana

Lan baldintza kaskar horietan kokatu du besteak beste Euskadi Sendagileen Sindikatuak osasun publikora profesionalak erakartzeko zailtasunetako bat. «Lan egin behar da baldintza egokiekin, bestela jendea joan egingo da pribatura», ondorioztatu du Albizurik, zehaztuz osasun publikoa ezin dela erortzen utzi.

Eta balizko lan baldintza horiek osasun publikoarekiko esklusibotasunarekin lotu beharko ote litzatekeen galdetuta, «bai, baina lan baldintza egokiekin», erantzun Albizurik, «ezin badugu lehiatu pribatuekin zerbait egin beharko litzateke». 

Jaurlaritza Logoa