Zuzenean

Euskaltzaindiak hiztegia gaurkotu du. Bixi-bizi, berotze global ala euskañol hitzak hiztegiaren parte izango dira hemendik aurrera. Guztira, 603 hitz berri dira guztira. Aitzitik, zaharkituak gelditu diren arruket ala atzandel esaterako kendu egin dira hiztegitik, besteak beste.
Euskañol hitzak bereziki, nolabaiteko zalaparta eragin du eta berehala euren lan ildoak zertan oinarritzen diren zehaztu nahi izan du Euskaltzaindiko Hiztegiaren zuzendari Miriam Urkiak, «guk dagoena jaso egiten dugu, ez dugu erabakitzen polita edo itsusia den». Beste modu batera esanda, eragin dezakeen polemika gora behera, euskañol hitza gizarte mailan ez ezik, dokumentazio eta argitalpen ofizialetan presente dago aspaldi.
Kasu honetan adibidez, «corpusean 94 adibidetan azaldu dela» aipatu du Urkiak. Eta zer da corpusa? Euskaltzaindiko ordezkariaren esanetan, «corpusa da testu bilduma ikaragarri bat literatura, testu liburuak, administrazioa, prentsa... jasotzen duena».
Izan ere, Euskaltzaindiaren Hiztegia, jarraitu beharreko zuzentarau linguistiko bat baino, «euskararen argazki bat» dela dio Urkiak. Garrantzitsua da esatea ordea, hiztegian sartu diren hitzak ez dutela zertann egokienak izan behar, eta kontrara, bertatik kentzen dituztenak ez dira desagertzen, hauek jasota baitaude oinarri historikoagoa duen Orotariko Euskal Hiztegian.
Urtean bitan eguneratzen den hiztegia da (azkena aurtengo urtarrilean) Euskaltzaindiarena eta egiari zor, azkenak ohi baino leku dezente hartu du hedabideen lerroburuetan. «Egia aitortuko dizut. Pixka bat harrituta gaude eguneraketak izan duen oihartzunarekin. Orain arte isil isil pasatzen zen kontua eta oraingoan leku guztietan zabaldu da, beraz. balantzea positiboa izango da. Behintzat Euskaltzaindiari kasu egiten diote behingoagatik», adierazi du Miriam Urkiak.


