Zuzenean

Bigarren Kafea

Euskal Herriko bazterrak oinez ezagutzeko gonbita

Ekainaren 3an aurkeztu zuten Ordiziako Herri Antzokian “Euskal Herriko mugak oinez” liburua Goierriko Mendizale Beteranoen taldeak. 

Euskal Herriko bazterrak oinez ezagutzeko gonbita

Loading player...

Lanak Euskal Herriko zazpi herrialdeak lotzen ditu 66 etapatan banatutako ibilbide baten bidez, kostaldetik mendietara eta lautadetatik basoetara, herrialdeko bazter ugari ezagutzeko aukera eskainiz. Bertan lanean aritu dira Mendizale Beteranoen taldeko kideak, eta gurekin izan ditugu Juanjo Muxika, Marisa Galdeano eta Joxean Insausti.

Proiektu honen atzean, urte askotako lana dago. «14 kidekin hasi ginen 2009an, eta Euskal Pirinioen bira egin genuen, ondoren euskal zazpi hiriburuak oinez eta gero Nafarroako mugetan zehar ibilaldia» diote mendizaleek. Esperientzia horiek guztiak lotzen hasi zirenean sortu zen gaur egun liburuan jaso duten erronka. «Ibilbideak eta birak lotzen hasi ginenean konturatu ginen ahal zela hori egitea», azaldu dute.

Mendizaleek haien esperientzia partekatu dute, egin dituzten 66 etapen inguruan, eta bideak urteen poderioz izan ditzaken aldaketak ere aipatu dituzte. «66 etapak balizatutako edo markatutako bideetatik egin dugu, agian bide bat edo beste galduta egon daiteke sastrakengatik»

Liburuaren sortze prozesua ere luzea izan da, SUA argitaletxea izan da liburu hau argitaratu duena, eta hiru urte aritu dira elkarrekin lanean. «Argazkiak eman, iritziak jaso… eta azkenean erditu dugu liburua» diote gonbidatuek. Askok pentsa dezakete horrelako liburu bat mendizaleentzat bakarrik dela, baina badirudi paisaiez gain, istorioak, herriak eta bizipenak ere badituela barruan. «Balio izan digu zahartzaro aktiboa edukitzeko, eta edozeini gomendatuko genioke gure bazterrak ezagutuz ibiltzea».

Euskal Herriko mugak oinez liburuak Euskal Herria pausoz pauso ezagutzeko gonbita egiten du. Eta egileek elkarrizketan azpimarratu bezala, helburua ez da erronka osoa egitea bakarrik, bidean aurkitzen diren paisaiak, herriak eta istorioak gozatzea ere bada

Jaurlaritza Logoa