Zuzenean

Lakuako Justizia Sailak azpimarratu du Zubietako presondegi berria ezinbesteko izango dela eskumena jaso zutenean bultzatu nahi zuten eredua bizkortu eta egonkortzeko. Martuteneko espetxean zeuden presoak, Zubietako berrira lekualdatzeko operatiboa amaitu eta biharamunean, azpiegitura berria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako «espetxe eredu propioa» sendotzen lagunduko duela azaldu du NAIZ Irratian Alfonso Gomez Lakuako Justizia sailburuordeak.
Martutenerekiko ezberdintasun nagusiez galdetuta, alde batetik, «presoak moduluz modulu» sailkatzen direla aipatu du Gomezek, eta ondorioz «errazagoa da bakoitzari aplikatzea tratamendu propioa». Bestetik, espetxera heldu eta berehala presoei egingo zaien ebaluazio bizkorrak, urrats esanguratsua suposatuko duela aurreratu du sailburuordeak, «erabakitzerakoan zein modulutan sartuko den ebaluazio hori garrantzitsuena da eta Zubietan badaukagu unitate berezi bat».
«Erregimen erdi irekia» lehenetsi zen Lakuak espetxeen eskumena bereganatu zuenean, Gomezek gogora ekarri duenez, «azken helburua da birgizarteratzea». Zentzu honetan, hezkuntza eta formakuntzarako baliabide berriak, areagotu eta hobetu dira, baita espetxe barruko lantegia ere eta lana topatzen laguntzeko zerbitzu ezberdinak eskainiko dira, beti presoak «birgizarteratzeko» helburuari jarraiki.
Ez baita aski ikasketak bermatzea, bizimodu independiente bat garatzeko lana ere funtsezko baitute askatasuna erabat berreskuratu aurretik. 'Aukerak' programaren bitartez esaterako, hitzarmenak sinatu dira hainbat enpresekin. «Momentu honetan esango nuke 600 preso baino gehiago daudela soldata jasotzen», dio Gomezek.
Zalantzarik gabe, batez ere hobekuntzak dakartza Zubietako espetxeak Martutenekoarekin alderatuta. Baina badu gabeziarik, adibidez, garraio publikoan, ez baitago gaur gaurkoz Eskuzaitzeta industriagunetik igarotzen den garraio publikorik. Justizia sailburuordeak nabarmendu duenez, «ailegatzen azkenak izan gara poligono honetara». Bertatik igaro daitekeen garraio linea bat ezartzea, Lakuaren ardura ez dela azpimarratuz, gaur gaurkoz, espetxetik irteten (baita hirugarren graduan ere) direnen mugimenduak Justizia Sailaren «baliabide propioekin edota senideekin», egin beharko dira. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin «hitz egiten» ari direla aurreratu du Gomezek, «gu ere interesatuta gaudelako poligonoaren kudeaketan».


