Zuzenean

Itxaso Leon Kareaga
NAIZ Irratia

Deserrotuak: ‘Ez da klima, kapitala baizik’

Ekainaren 16 honetan Donostiako EHUko Zuzenbide Fakultatean duten hitzordua eta 20an ospatuko den Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna oinarri, NAIZ Irratira gonbidatu ditugu Marta, Abdoulaye eta Mar, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak ekoitzitako lan-ildoari eta lekualdaketa behartuei buruz hitz egiteko.

Deserrotuak: ‘Ez da klima, kapitala baizik’

Loading player...
'Deserrotuak' proiektuaren baitako bideo batetik ateratako irudia.
'Deserrotuak' proiektuaren baitako bideo batetik ateratako irudia. (Zehar Errefuxiatuekin)

Ezagutu izan ditugu aurretik ere Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak martxan jarritako txosten eta proiektuak. Oraingo honetan, ‘Deserrotuak’ dugu hizpide NAIZ Irratian, 2022 eta 2024 artean garatutako lana eta orain argitara aterako dutena berriro. Marta Garcia elkarteko eragin eta parte-hartze sozialeko zuzendariaren hitzetan, «begirada aldaketa bat» eta «pauso berri bat» da proiektu hau lekualdatze behartuarekiko.

Izan ere, migrazio klimatikoaz ari garenean, klima aldaketa bera kokatu ohi dugu horren oinarrian, baina bada gehiago sakontzerik. ‘Ez da klima, kapitala da’ leloa erdigunean jarrita eta lan honetan parte hartu duten eragile desberdinen ondorioak bilduta, bi txosten ondu zituen Zeharrek ‘Deserrotuak’ proiektuaren baitan. Lehenengoa teorikoagoa; bigarrena praktikoagoa. Senegalen kasu zehatza aipatzen da bigarren horretan, eta baita Euskal Herriko errealitatearekin lotzen ere. Artisau-arrantza egiteko aukera galduta desplazatu behar duten arrantzaleengan ipini zuten fokua.

Ekainaren 16 honetan hitzordua dute migrazio prozesu behartuez eta Migrazio eta Asilorako Europako Itunaz hitz egiteko, besteak beste. Mintegia egingo dute Donostian, zehazki EHUko Zuzenbide Fakultateko Gradu Aretoan, ekainaren 20an izango den Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuta. ‘Deserrotuak, bipiltze eta mugen arteko ibilbidea’ azken txostena aurkeztuko dute topaketa horretan.

Itsas-zeharkaldi behartuak

Mintegi horretan parte hartuko duen izenetako bat da Abdoulaye Sarr-ena. Gipuzkoako SOS Arrazakeriako ekintzaile eta hezitzailea da, eta teknikaria erreferente heldurik gabeko gazte migratzaileei arreta emateko lanean.

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak 2024an argitaratu zuen txostenean, ‘Senegal itsasotik’ izeneko atalaren funtsezko parte izan zen, pertsona senegaldarren taldeak koordinatuz haien esperientziak jasotzeko. Amadourena bezalako kasuez hitz egiten da, garai hartan Kanariar Uharteetatik Euskal Herrira iritsi ziren pertsona askoren ibilbidearen adibide gisa. Arrantzak leku handia hartu du pertsona horien bizitzetan eta, hain zuzen, jarduera horrekin lotutako erbesteratze behartuaren biktima izan dira.

Eredu aldaketa

Marta Garciarekin konponbideez hitz egitean, alternatiba ekofeministak atera dira mahaigainera. Horien inguruan sakonean galdetu diogu Mar Garroteri. Nekazaria da bera, agroekofeminista, hezitzailea eta taldeen bideratzailea. Zerbatik uzta agroekofeministen proiektuan edo Maskilu lantegi kolektiboan aritu izan da, besteak beste. Uneotan, Etxaldeko Emakumeak taldean dago sartuta.

Hain zuzen, talde horretako ordezkari gisa, ‘Deserrotuak’ proiektuaren bigarren txostenean parte hartu zuen; produkzioko, banaketako eta kontsumo neoliberaleko eredu kapitalistaren aurreko alternatiba ekofeministak eskaintzen dituen atalean. Hazkunde mugagabea oinarri duen sistema kapitalista baten testuinguruan, agroindustria basatiaz aritzen da.

Elikadura-subiranotasuna, agroekologia, feminismoak, ekologismoa, Naturaren Eskubideak, internazionalismoa edo begirada kolektiboa bezalako kontzeptuak agertzen dira orduan, guztiek ere ekarpena egiten diotela gizarte zein ekologia arloko eredu iraunkorragoetarako trantsizioari.

Jaurlaritza Logoa