Zuzenean

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Gorka Nieto
Bidasoako kapitaina

«Izan ditugun lesioen aurrean taldeak une oro aurpegia nola eman duen positiboa da»

Gorka Nieto (Etxebarri, 2002) Bidasoako kapitainak positiboki baloratu du taldearen denboraldia. Kopako finalean itsura kaskarra eman bazuten ere, helburu nagusia Europarako txartela lortzea zen, eta hori lortu dute irundarrek. 

«Izan ditugun lesioen aurrean taldeak une oro aurpegia nola eman duen positiboa da»

Loading player...
Gorka Nieto Europako partida baten ostean zaletuak agurtzen.
Gorka Nieto Europako partida baten ostean zaletuak agurtzen. (Jon URBE | FOKU)

Denboraldi luze eta zorrotz baten ostean, Bidasoa berriro ere Europan izango dela ospatzeko moduan dago. Gorka Nieto kapitainaren hitzetan, «taldeak une zailak bizi izan ditu urtean zehar», baina lehiakortasuna eta konpromisoa ez dira inoiz falta izan. «Taldeak aurpegia nola eman duen uneoro positiboa da», nabarmendu du kapitainak.

Kopako finalaren zapore garratza oraindik presente dagoen arren, irundarrek egindako ibilbide osoa balioan jarri nahi izan du. Europako txartela eskuratzea zen sasoi hasieran jarritako erronka nagusietako bat, eta helburu hori betetzeak denboraldiaren balorazioa baikorra izatea ahalbidetzen duela azaldu du. Orain, atseden hartu eta datorren ikasturteari begira indarrak berritzea izango da hurrengo pausoa.

Kopan txapeldunorde eta Europarako txartela dagoeneko esku artean. Badituzue ospatzeko gauzak, ezta?

Bai, albiste onak dira. Espero genuena eta nahi genuena lortu dugu; beraz, oso pozik egon behar dugu.

Kopako finalean taldeak ez zuen itxura oso ona eman, baina gainontzean txapelketan zehar itxura ona eman duzue eta Europarako txartela eskuratu duzue. Nolakoak izan dira sentsazioak?

Egun batzuk pasata, ziur aski positiboago ikusten dira gauzak. Egia da finala oso txarra izan zela; ez genuen partida ona egin. Beraiek oso ondo zeuden, prest daude Europako Txapelketa irabazteko; beraz, beste urrats bat aurrerago daude. Zaila da positiboki baloratzea, baina, nire ustez, egin dugun Kopa eta egin dugun denboraldia oso onak dira, eta denborarekin hori ikusiko dugu.

Bartzelona izugarri talde indartsua da, noski, baina zer gertatu zen finalean? Europarako txartela eskuetan zenutela, taldea agian erlaxatu egin zen?

Bai, beharbada hori gertatu zen pixka bat; baina, nire ustez, gauza positibo bezala ere ikus zitekeen. Presio gabe heldu ginen finalera, baina partida hasieran ikusten baduzu ez dela ezer ere ateratzen... Ona da ere ikustea eurak errespetu osoz ateratzen direla gure kontra; beste partidetan, agian, erlaxatuago jokatzen dute. Balio behar digu ikusteko beste maila batzuk daudela, eta, horretara heltzea nahi badugu, lan asko egin behar dugula.

Ligaren bidez ezin izan zenuten Europarako txartela eskuratu, baina, aldiz, Koparen bidez lortu duzue. Beste behin ere Europan jokatu ahal izatea funtsezkoa da, ezta?

Oso albiste ona da, bai. Argi dago azken urteetan Espainiako Ligako goiko taldeak oso indartsu bilakatzen ari direla. Europara sartzea gero eta zailagoa da; batez ere Ligan, Europa jokatzen ez duten taldeek plus bat dute, askoz ere zentratuago daude Ligan, eta zaila izaten da. Sailkapena Kopan lortzea ez da beharbada espero genuena, baina bai oso baliagarria.

Granollersen aurkako Artalekuko Ligako porrotak min dezente egingo zuen taldean, ezta? Zalantzarik sortu al zuen Kopari begira?

Kolpea izan zen, baina bagenekien momentu onean geundela. Beharbada ez genuen gure partidarik onena egin, baina bagenekien ondo ari ginela entrenatzen eta azken partidetan oso ondo ari ginela; beraz, konfiantza guztiarekin iritsi ginen Kopara eta bagenekien beste partidetan izan genuen maila mantentzen bagenuen, bigarren postu hori lortu ahal izango genuela.

Kopako finala agurra izan zen batzuentzat: Piotr Mielczarzki, Dariel Garcia, Nacho Valles eta aipamen berezia merezi duen Rodrigo Salinas txiletarra, bederatzi urteren ostean esan baitio agur taldeari.

Bai, bai, aipagarria da. Berarekin hitz egin nuen partidan zehar. Eskerrak eman nahi nizkion urte hauetan erakutsi didan guztiagatik eta elkarrekin bizitako guztiagatik. Besteekin ere oso harreman ona izan dut azken urte honetan eta atzerago ere. Pena handia da, jokalari onak dira, baina hala da kirola eta ondo egingo duten beste batzuk etorriko dira.

Aldagelak nola hartu du Rodrigo Salinasen agurra?

Berezia izan da. Azkenean, bizipen asko dira elkarrekin eta apur bat hunkigarria izan da. Zaila da orain pentsatzea beste jokalari batzuekin konexio hori bilatu behar dela; zaila izango da. Rodrigo [Salinas] oso jokalari ona da, taldearekin lan egiteko oso erabilgarria eta beti oso positiboa izaten da; beraz, zaila izango da bera ordezkatzea, baina saiatu egin beharko dugu.

Aldaketa asko espero dituzue datorren denboraldira begira?

Espero dugu berriketa batzuk egotea, baina, nire ustez, taldearen ideia berdina izango da. Gure ideia korrika egitea da, eskubaloi fisikoa egitea; beraz, profil horretako jokalariak etorriko direla eta ondo joango zaigula uste dut.

Sasoia amaituta, zein balorazio egiten du kapitainak?

Balorazioa oso positiboa da. Nire ustez, zaila da baloratzea denboraldi bat bakarrik lortu ditugun postuengatik eta irabazi ditugun partidengatik. Dena ikusi behar da, eta, nire ustez, izan ditugun lesioekin eta izan ditugun partida pila ikusita, taldeak momentu oro nola funtzionatu duen, aurpegia nola eman duen ikusita, baikorra izan behar da.

Europan aurkari indartsuak izan dituzue. Horrelakoen aurka jokatzeak ilusioa egingo dizue, baina, akaso, txapelketan aurrerago heltzeak izan behar du helburua?

Bai. Gertatu denak balio izan digu ikusteko beste maila batean dauden taldeak daudela, ikusteko zer bide jarraitu behar dugun euren mailara heltzeko. Etorkizunean seguru hobera egingo dugula eta euren aurka borrokatzeko aukera izango dugula. Hori da garrantzitsuena.

Orain atsedena hartzeko momentua iritsi zaizue, ezta?

Atsedena, gutxi gorabehera. Izan ere, orain, ekainean, Bordelen jokatuko den Munduko Txapelketa Unibertsitarioa dut [ekainaren 20tik 28ra]. Horren ostean iritsiko da atsedena.

Jaurlaritza Logoa