Zuzenean

Euskaltzaletasunak astindua eman dio Urepelek bere egunerokotasunean bizi duen giro lasaiari. Bi autobusetan heldu diren 70 gazteek bat egin dute Gazte Euskaltzaleon Sareak partekatzen duen pizkunderako deialdiarekin. Martxaren hasiera iragarri duen suziriaren aurretik, Izar Zubillaga, Gazte Euskaltzaleon Sareko kideak harrera egin die bertaratuei. «Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako gazteok batu gara hemen, Urepelen, euskararen herriranzko bidea urratzeko modu kolektibo batean, ilusio eta grina konpartitu batekin», aldarrikatu du.
Dinamikak Euskal Herri osoan entzuna izateko deia egin du. «Gazteok euskararen alde borrokatuko dugu. Lege arrotzak desobedituko ditugu, eta hau dena antolakuntzaren bidez egin dugu», berretsi dute. Keinu propioa egin diote ere Azterketak Euskaraz kolektiboari. Aldarria jasoa zuen pankartarekin talde-argazkia atera dute gazteek, Baxoan aurrerapausoa eman arren, ez dela helburu osoa lortu oroitaraziz.
Saretzea, aliantzak sortzea, ongi pasatzea eta aldarriak zabaltzea jarri dituzte helburutzat. Horixe bera berretsi dute Sarriguren, Usun eta Urdiaindik heldu diren hiru neska gaztek. «Euskara bultzatu eta lagun berriak egiteko», bat egin dute martxarekin. Jakina da lehen eguneko ibilbidea bereziki malkartsua zela. Hala ere, baikortasun osoz, «lagunen artean dena da posible» edo «elkarren artean errazagoa» izango dela aurreikusi dute.
Euskararen alde, aldaparik ez
Urepele eta bazkaltzeko txokotzat hartu den basoak guztiz frogatu du lehen eguneko ibilbidearen gogortasuna. Aldudetako bailara eta Urepele-Banka arteko bidegurutzeak gorantz egiten du besterik ez. Umore giroan, gazte batzuek aipatu dute sinatu beharreko baimenetan ez zegoela halako iragarpenik. Izar Zubillaga, Gazte Euskaltzaleon Sareko kideak Zebrabidea saioan esan du, presarik ez dela, ez kezkatzeko. «Hasiera pixka bat gogortxua izan da, baina ondo. Pasa dugu. Geldo edo azkar beti goal aurrera. Bat eginda joan gara uneoro».
Bazkal osteko ibilbidea askoz arinagoa izan da. Ibañetatik igaro ostean, Orreaga izan da erdibideko helmuga. Bertan, Joxepe Irigarai historia zalearekin elkartu da martxa. Herriari buruzko legenda eta istorioak azaldu ditu, toponimia, Carlo Magno eta Roldanen kontuak barne. Hala ere, askorentzat selektibitatearen ondorioz epe laburreko oroimenean den Mendizabalen desamortizazioak deitu du atentzioa.
Orreaga izan zen neurri honetatik kanpo gelditu zen herri bakanetako bat, Estatu frantseseko erosleen beldur. Hala ere, deigarria izan da Irigaraik gaur egungo Santiagoko bideko erromesaz duen ikuskera. Garaian salbuespenekoa zena, egun turisten menpe dagoela azaldu du: «Aldatu da. Herria aldatu da. Gaur egun turistak, turistak eta turistak».
Martxarekin lotura zuzena du ere Auritzeko historia zalearen azken ikerketak: XX. mendean, herrietan jarri ziren azulejozko herrien izenak. Diputazioaren eskariz, Nafarroa da seinalean herriaren euskarazko izena gehitu zuen lurralde bakarra. Gaur egun, zonifikazioaren bueltan, seinale elebidun batek «kristoren zalaparta» eragin dezakeela, oroitarazi du.
Gaua Auritzen
Orreaga eta Auritz banatzen duen Sorginaritzaga izeneko basoa zeharkatu ostean, Pirinioetako herriko frontoia da Gazte Euskaltzaleen Martxako kideen ostatua. Unai Irigaray alkatearen ongietorria jasota, bisitaren oroitzapena betirako utziko duen murala margotu da. Esker onez jasoko dute afaria ibiltariek: ostiraleko etapari aurre egiteko Auritzeko gazteek sukaldatutako makarroiak tomate eta haragiarekin.




