Zuzenean

Naiz Irratiko MusikHaria saioan izan da Euskal Herriko Beatbox txapeldun birritan izandako Boris Bringas ‘Orodreth’ beatboxerra. Asteburuan Sodupen, Gueñesen, izango den zazpigarren edizioaren harira beatboxaren munduan murgildu gara inprobisatzaile bizkaitarrarekin.
Jardunaldia goizeko 15:30ean hasiko da Sodupeko Kultur Etxean egingo diren kanporaketekin eta finaleko saio nagusia, berriz, gaueko 21:00etan izango da Sodupeko Herriko Plazan, eta edonork ikusteko moduan, ez baitute sarrerarik kobratuko. Urban Gugaz ekimenaren baitan antolatutako txapelketa izango da eta hip-hopa, breakdancea, parkourra, graffittiak edota DJak izango dira bertan beatboxerrez gainera.
Epaimahikideak, berriz, nazioartetik etorritakoak izango dira. Belgikako FootboxG eta Supernova, munduko txapeldun izandakoa lehena; Prichia frantziarra, bertako txapeldun eta munduko txapeldunorde izana eta Nils espainiarra, hau ere munduko onenen artean kokatzen dena.
Mundu interesgarri bezain ezezagun bat musikaren maitaleentzat ezbairik gabe, izan ere, gainerako musika generoek bezalaxe eboluzio nabarmena izan baitu beatboxaren munduak ere Bringasek kontatu digunez. Ekainaren 13an, Sodupen da hitzordua.



