Zuzenean

Maria Laespada Lazpita

1977ko amnistiaren aldeko borroka, gorputzean eta memorian

Amnistiaren aldarria erdigunean izan zen 1977an, tartean Lekeition herritarrek egin zuten itxialdian. Lehen eskuko testigantza dakarte Antxone Telleria eta Karmen Marina Arteagabeitiak Oroimenaren Geltokira. 

1977ko amnistiaren aldeko borroka, gorputzean eta memorian

Loading player...
Amnistiaren aldeko garaiko protesta bat
Amnistiaren aldeko garaiko protesta bat (Euskal Memoria)

Antxone Telleria eta Karmen Marina Arteagabeitiaren lekukotasunak 1977ko amnistiaren aldeko mugimenduaren erdigunera garamatza, diktadorea hil eta gutxira Euskal Herrian bizi zen giro politiko eta sozial nahasira. Garai hartan, kartzelak preso politikoz beteta jarraitzen zuten, eta amnistiaren aldarria herriz herri zabaltzen ari zen. Lekeitio, ez zen salbuespena izan, herrian hainbat ekimen egin ziren, euretako bat 1977ko otsailaren 26an egindako itxialdia izan zen.

Dozenaka herritar Lekeitioko elizan sartu ziren amnistia aldarrikatzeko asmoz itxialdia eginez. Aste batzuk aurretik tankera berdintsuko beste ekimen bat egin zen, hortaz, giroa lasaia zen. Itxialdia iraun bitartean jarraitzeko arau batzuk jarri ziren eta ekimena normaltasun osoz hasi zen.

Goizaldean, apaiza elizara heldu zen jakinarazteko eliza Guardia Zibilak inguratuta zegoela. Barruan zeudenak irteten hasi ziren, baina kanpoan egoerak bortizki egin zuen eztanda. Irten ahala herritarren kontra oldartu ziren, hainbat herritar zaurituz, euretako bat Antxone Telleria.

Antxonek berak ez du momentu hartako oroitzapen osorik, baina ingurukoek, tartean Karmen Marina lehengusinak, kontatu zioten zer gertatu zen. Hasieran Lekeition artatu zuten, eta ondoren ospitalera eraman zuten, zauri oso larriak baitzituen buruan eta aurpegian. Handik aurrera, sendatze prozesu luzea hasi zen.

Urte asko pasatu behar izan dira Antxonek nolabaiteko aitortza jasotzeko, baina 2012an, Antxone Telleria indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak. Aitorpen hori garrantzitsua izan zen, gertatutakoa ofizialki izendatu eta bidegabekeria aitortzen zuelako; baina, aldi berean, berandu iritsi zen eta ez zen nahikoa izan.

Jaurlaritza Logoa