Zuzenean

Julie Rouault ‘Julie’ (Baiona, 1997) Uztaritzen hazitakoa da. Txikitatik du kanturako zaletasuna. Bordelen Ergoterapia ikasi zuen 5 urtez eta, egun, elbarritasuna duten haurrekin egiten du lan. Baionako kontserbatorioan kantu lirikoaren trebakuntza klasikoa jaso zuen eta 13 urte zituenean taula gainean igo zen. Kantu ikastaroak egin zituen irakasle ospetsuekin. 18rekin Arpège orkestrako kantari eta dantzari izan zen. Anna Smile & Cieren kabaretean egon zen kantari eta dantzari. 2022an ekin zion bakarkako ibilbideari. 2025ean argitaratu zuen ‘Eklore’ diskoa. Euskaldun berria da, baina ederki landu du solasaldia. Inklusioaren gaiarekiko sentsibilitate handia du. Haur elbarrien autonomia lortzea du helburu. Soziologia eta psikologia erabiltzen ditu ergoterapia saioetan.
Solasaldi samur eta xaloa utzi du Juliek Otea Lili saioan. Entzuteko erraza, laño eta baretasunetik eskainitakoa.
«Begiek asko esaten dute, haur elbarri batzuk ezin dute hitz egin baina anitz gauza pasatzen dira haien begiradan».
«Haur elbarriek inspiratu naute kantuak idaztean».
«Gure bizitzaren historia pasatzen da gure begietan, eta itsasargiak dira, argitzen dituzte gure pentsamenduak eta emozioak, eta gakoak ematen dituzte gure barnean diren gauzak ulertzeko».
«Batzuetan zaila da emazte gazte gisa oholtza gainean egotea, baina zuzenki ez dut erreakzionatzen beldurrarengatik, ez naiz seguru sentitzen, ahul sentitzen naiz. Karriketan, batzuetan, ez naiz sentitzen errespetatua»
«EHZ jaialdiak azterketa bat egiteko esan zidan, zenbat emazte egon den aztertu nuen, eta jaialdiaren hasieratik %25 izan dira emazteak».
«Euskarak egiten du Euskal Herria eta Euskal herrian garrantzitsuena euskara da»
«Lapurtar bat bezala mintzatuko naiz: hasteko, Ipar Euskal Herrian, autonomia behar dugu hegoaldean duten ber».
«Hego Euskal Herrian nagoenean beti nahiago dut euskara erabiltzea»
«Diskoa nostalgikoa da, baina beti baikorra naiz, aurrera egitearen aldekoa, erresilientziarekin».
«Segur naiz hil ondoren badela zerbait, arimak segitzen du bere bizitza eta bidea gorputza hil ondoren».



