Zuzenean

Peli Lekuona | Iraia Cambra

«Etxebizitza negoziorako eta inbertsiorako eremu bihurtu da»

LAB sindikatuak ohartarazi du etxebizitza politika publikoek errenta asmoa bultzatzen dutela, eta egoera iraultzeko langileen antolaketan eta politika eraginkorretan jartzen duela arreta. Sindikatuak aurkeztutako txostenari buruz hitz egin digu NAIZ Irratian.

«Etxebizitza negoziorako eta inbertsiorako eremu bihurtu da»

Loading player...
LABen prentsaurrekoa ikasturteko erronkei buruz. Argazkian Endika Perez.
LABen prentsaurrekoa ikasturteko erronkei buruz. Argazkian Endika Perez. (Aritz Loiola | FOKU)

Endika Perez, LABeko ekintza sozialaren arduradunak azaldu duenez, «Euskal Herrian etxebizitza eskubidea ez da bermatzen, horretarako politika publikoak ez direlako existitzen». Bere ustez, etxebizitzak duen funtzio soziala alboratu eta merkatuaren esku utzi dela salatu du. Perezek bi egiteko nagusi azpimarratu ditu: «Batetik, etxebizitzarekin arazoak dituzten langileak antolatzea, eta bestetik, etxebizitza politika eraginkorren alde borrokatzea».

Sindikatuak azpimarratu du egoera irauli eta etxebizitza eskubidea bermatzeko, lehentasunak jarri behar direla epe luzerako begirada batean eta «etxebizitza merkatu espekulatiboaren logikatik askatzea» beharrezkoa dela.

Alokairu seguruaren kasuan, LABek ekimen bat abiatu du maizterrekin batera, «atez ate informazioa emateko eta proposamen osoak lantzeko, lapurtutako dirua berreskuratzea eta negozio ereduari aurre egitea helburu dutenak». Orain arte, Hego Euskal Herriko maizterrek adierazi dute kanpainarekin bat egiteko prestasuna dutela. Perezek azaldu duenez, «alokairu grebaren proposamena berria da, eta eraikitzen joango garen prozesu bat izango da; betiere maizterrek erabakiko dute noiz eta nola parte hartu».

Ezkutu Sozialaren Dekretua erori zenetik, etxegabetze arriskuak areagotu dira. LABek bitarteko juridikoak eskaini dizkie maizterrei, baina «tentsio guneko eremuetan bizi diren maizterrek luzapen-eskaerak egin dituztenean, gehienetan etxejabeek ezezkoa eman dute». Perezek kritikatu du etxejabeek eta higiezin aholkulariek «etxebizitzaren negozioa elikatzen duten irizpideak» erabiltzen dituztela, kontratuak ez luzatzea eta alokairua igotzea bultzatuz.

Azkenik, sindikatuak ohartarazi du gatazkak adierazten duela arazoen jatorri komun bat dagoela: «Etxebizitza oinarrizko eskubide izan beharrean, gaur egun negozioa egiteko eta inbertsiorako eremu bihurtu da. Eta ez edozein inbertsio, etekin handiena ematen duena baino ez». Perezek salatu du patronalak eta etxejabeak merkantilizazio horretan parte hartzen dutela, «logika espekulatiboaren menpe».

Endika Perez, LABeko Ekintza Sozialaren arduradunak adierazi du etxebizitzaren inguruko gatazkak konpontzeko bidean «sindikatuaren jarduna funtsezkoa» dela, eta egoera hau hobetzeko «antolaketa eta politika publiko eraginkorrak beharrezkoak direla».

Jaurlaritza Logoa