Zuzenean

Abenduan egingo den kongresuak Joxe Azurmendi, Euskal pentsamenduaren erreferente eta sustatzaile nagusia oroitzeko balioko badu ere «Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia» Iñaki Zabaletak nabarmendu du honen ardatza hausnarketa eta Euskal pentsamenduari jarraipena ematea izango dela. Zabaletak modu sinple batean azaldu du ideia hau: «Euskal pentsamendua euskal arazoez pentsatzea da, Euskal Herriaren erronkez eta beharrez».
Jakineko kideak, kongresuaren helburua azaldu du: «Nik uste helburua dela Azurmendirekin pentsatzen jarraitzea. Berak egindakoa hor dago, baina ez relikia bat, eta pentsatzeko aukera asko ematen ditu berriro gaurko egoerari begira ere, eta nik uste dut horrela begiratu beharko genukeela. Berari omenaldia bai, duela urtebete hil zen eta Joxe, eta horrek ere merezi du gogoan ekartzea; baina Kongresuak batez ere Euskal pentsamendua eraikitzen jarraitzeko bidea ematen digu».
Kongresuan 11 aipagai izango dira guztira, baina Haritz Azurmendik azaldu duen moduan, ez de zerrenda itxi bat.«Lan ildo horiek hasieran proposamen bezala jarri genituen, jendea ere bultzatzeko esploratzera Joxe Azurmendirekin zenbat gai desberdinen inguruan pentsatu daiteken». Besteak beste, kultura, nazioa, kooperatibismoa edota feminismoa jorratuko dituzte.
Haritz Azurmendik azaldu duenez, pentsalari zegamarrarekin lotuago dauden gaiak badaudela, esaterako kultura, nazioa, estatuari buruzko gogoeta... Baina badira adimen artifiziala eta medikuntza bezalako gaiak, «lehen kolpean Joxe Azurmendirekin lotzen ez diren gaiak». Oinarria Joxe Azurmendiren obran badago ere, gai eta erronka horiei Euskal pentsamenduaren ikuspegitik erreparatzeko beharra antzeman dutela azaldu du Jakineko kideak.
Gaiak ez daude zerrenda itxi batean, eta uztailera arte proposamen berriak gehitu daitezke kongresurako. Bestalde, parte-hartzea irekia izango da ere, aipagaien moduan; Azurmendik jakinarazi duenez «modu irekian» parte hartu daiteke, eta hizlariak ez dira zertan arlo akademikotik etorri behar, Euskal pentsamenduari ekarpena egin dakiokeen orori parte-hartzeko gonbita luzatuz.
Gauzak horrela, abenduaren 16tik 18ra bitartean ospatuko da «Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia», eta uztailaren erdialdera arte, ekitaldian parte-hartzeko izen ematea irekita egongo da.


