Zuzenean

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia

«Kubaren alde egitea da edozein herriren autodeterminaziorako eskubidea defendatzea»

Euskal Herrian Kubarekiko elkartasuna oso bizirik dago. ‘Argia eta Indarra Kubarentzat’ kanpainak ia 250.000 euro bildu ditu, William Soler ospitalean eguzki plakak jartzeko. «Uste dugu Kubaren egoera lehen lerrora eraman behar dela», dio Miriam Campos Hegoak plataformako kideak. 

«Kubaren alde egitea da edozein herriren autodeterminaziorako eskubidea defendatzea»

Loading player...
Ehunka lagunek erantzun zioten Kubaren alde egindako dei internazionalistari.
Ehunka lagunek erantzun zioten Kubaren alde egindako dei internazionalistari. (Mikel Martinez de Trespuentes | FOKU)

Ehunka lagun bildu ziren larunbat honetan Bilboko Udaletxearen aurrean, Euskal Herria-Kuba Ekimenak, Euskadi-Cuba elkarteak eta Hegoak plataforma internazionalistak deitutako protesta kutsuko ekitaldian. Eragileok elkarrekin antolatutako 'Argia eta Indarra Kubarentzat' kanpainaren amaierak, Kubak 60. hamarkadatik pairatzen duen blokeo ekonomiko estatubatuarra salatzeko balio izan zuen, baita Kubako herriari eta bere iraultzari babes internazionalista agertzeko. NAIZ Irratiarekin izandako elkarrizketan Miriam Campos Hegoak plataformako kideak nabarmendu duenez, «Kubaren alde egitea da edozein herriren autodeterminaziorako eskubidea defendatzea»

«Kuba bakea nahi duen herrialde bat da eta ez dauka inolako asmorik gerra batean sartzeko. baina aldi berean Kubak argi dauka menpekotasunik gabeko burujabetza defendatuko duela», azaldu du Camposek, «herritarrek ere argi dute aberria defendatu nahi dutela», gaineratu du. 

Hain zuzen ere, kanpaina honen ardatzetako bat babes internazionalistan oinarritu dela azaldu du Camposek, Donald Trumpek eta bere aliatuek inposatu nahi duten mundu-ordena berriari erreferentzia eginez; «ez dugu inongo konfiantzarik AEBtik etor daitekeen bidearekin. Guk defendatzen duguna da uneoro herriaren alde egon behar dugula. Herrien burujabetza eta autodeterminazio eskubidea defendatu behar ditugu. Euskal Herrian beti aktibatu ditugu elkartasun internazionalistarako bide desberdinak. Bide horretatik jarraituko dugu». 

Kuban «bizi den egoera larria da», Hegoak plataformako kideak berretsi duenez eta ondorioz, «uste dugu Kubaren egoera lehen lerrora eraman behar dela», elkartasun politikoa eta materiala uztartzen dituzten ekimen gehiagorekin.

Elkartasunaren emaitza

Martxoan hasi zen ‘Argia eta Indarra Kubarentzat’ kanpainaren emaitzarekin «oso pozik» daudela adierazi du Camposek, 244.000 euro bildu baitituzte 1.255 dohaintzari esker, «egin dugun ekarpenarekin, bi azpiegitura elektriko jarriko dira». Eguzki plakak dira jarriko dituztenak urtero 160.000 haurrei arreta eskaintzen dien William Soler pediatria ospitalean. 

Aipatu kanpaina honetan, hainbat euskal artisten babesa izan dute. Bestalde, 'Firmo por Cuba' nazioarteko kanpainarekin bat egiteko aukera dagoela ekarri du gogora Hegoak plataformako kide Miriam Camposek. 

Jaurlaritza Logoa