Zuzenean

Laga hondartzan duna bat eraikitzeko lanak ez dira hasiko hondartza-sasoia amaitu arte. Hala adostu du Ibarrangeluko Udalak eskumena duten administrazioekin. Duna artifiziala da altxatu nahi dutena, gaur egun hondartzako aparkalekua dagoen lekuan eta hain zuzen ere, lanak atzeratzeko erabakia, egunotan aparkatzerako garaian izan den anabasaren ondorio izan da. Izan ere, proiektuak kezka handia sortu du inguruan, eta honen aurrean Laga Baketan Laga plataforma sortu dute, uste baitute duna artifizial horrek ez dituela beteko hasieratik egokitu zaizkion helburuak.
«Kaos hutsa sortu da Lagan eta inguruan», Eder Corres plataformako kidearen arabera eta gogora ekarri du duna hori, «inoiz egon ez den leku batean» kokatu nahi dutela. Surflaria ere baden Corresek ongi asko ezagutzen du eremua eta Kostalde Mugarteko Erakundearen helburua «birnaturalizazioa» den arren, mesede baino kalte gehiago eragingo duela aurreratu du, «harea hondartzatik bertatik hartu da, hau da, Lagari lehenengo barrera fisikoa kenduta, atzeko partean duna artifizial eraikitzeko».
Hondarra eramateak, korronteetan eta uraren ohiko izaeran eragingo duela uste dute plataforman. Era berean argi utzi dute ez daudela ingurumena zaintzearen aurka, duela hamarkada batzuk jada hainbat duna egin baitziren Lagan, herritarren gehiengoaren adostasunarekin.
Hau guztia dela-eta, behin behineko etenaldi hau, proiektua birpentsatzeko erabili dezatela esan die erakundeei Laga Baketan Laga plataformako Eder Corresek, «duna artifizial hau eraikitzeak sortzen dituen kalteak kontuan hartuta, ekologikoki kontraesan handia da». Momentuz Ibarrangeluko Udala baino ez da beraiekin bildu. Erakunde eskudun guztiei bidali beharreko gutun bat prestatzen ari dira ordea.



