Zuzenean

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia
Elkarrizketa

«Egun oso gogorra izan zen, eta burua hotz mantentzeak garaipena lortzea ekarri zuen»

Helene Alberdi Espainiako distantzia erdiko txapeldun berria da, Iruñeko proba irabazi eta gero. Bigarrenez ama izan ondotik, sasoi bikainean itzuli da, eta horretan berak bakarrik sinesten zuela aldarrikatu du. NAIZ irratian bere ibilbidea aztertu eta aurretik dituen erronkak zerrendatu ditu. 

«Egun oso gogorra izan zen, eta burua hotz mantentzeak garaipena lortzea ekarri zuen»

Loading player...
Helene Alberdi Iruñeko helmugan garaipena ospatzen
Helene Alberdi Iruñeko helmugan garaipena ospatzen (FETRI)

Helene Alberdi euskal triatletak Espainiako distantzia ertaineko Txapelketa irabazi berri du Iruñean jokatu den proban. Badira lau urte azkenekoz irabazi zuela eta tartean beste garaikur batzuk erdietsi ez ezik, ama ere izan da. Akaso hori saririk preziatuena izango da. Iruñeko proba izan du hizpide NAIZ irratian: «Tenperatura altuek asko zaildu zuten eguna». 

Iruñean txapeldun

Nafarroa izan zen Espainiako Txapelketaren plaza, Iruñeko Half Triatloiaren baitan. Allotzen egin zuten igeri, eta Iruñerako bidea bizikletan. Helmuga Iruñeko bihotzean zegoen, Gazteluko Plazan, eta helmugara lehena iristen Helene Alberdi izan zen, txapela eta zapi gorria jantzi zituela. Egun «oso gogorra» izan zela onartu du; izan ere, eguzkiak gogor jo zuen egun osoan zehar.

Bizikletan sufritu zuen gehien, eta korrika partean txapelketa irauli, aurretik zituen bi aurkariak aurreratuz: «9. kilometrotik helmugarainoko bidea bakarrik egin nuen». Aurretik ezarritako helburuekin «azkar» ahaztu zela azpimarratu, eta «bizirauteko eguna» izan zela gehitu du. Testuinguru horretan, Alberdik buruaren garrantzia nabarmendu du: «Sentsazioak eta datuak txarrak direnean, burua hotz mantentzea ezinbestekoa da helmugara iristeko».

Ekaina maldatsua 

Alberdik denboraldia ezin hobeto hasi du, baina aurretik ere beste lasterketa batzuk irabazi ditu, Zizurko Duatloia kasu. Gasteizen jokatuko du hurrengoa, ekainaren 6an. Hasierako zerrenda argitaratu gabe badago ere, «dena emateko» helburua du emaitza on bat erdiesteko asmoz. 

Alberdi Zumaian bizi da, eta urte luzez Zarautzen egin du lan. Triatleta afizioz, eta medikua ofizioz. Goi mailako kirola eta lana uztartzea erraza ez dela onartu du: «Nahiko eroak izan ohi dira nire egunak». Hala ere, ongi moldatzen dela argi utzi du. 

Hain zuzen ere, Zarautzen jokatuko du ekaineko bigarren proba, hirugarren asteburuan. Alberdiren ustetan, urteko probarik garrantzitsuena da, «egutegian gorriz markatutako eguna». «Egunero inguru horietatik entrenatzen dut, eta senideak zein lagunak animatzen izango dira», gehitu du. 

Txapelketak ez ezik, erronkak egiteko gogoa ere badu. Pello Osoro triatletarekin batera, Euskadi Irratiaren eskutik, ekainaren 20an Euskal Herriko hiru kirol proben arteko uztarketa egingo dute: «Ez dakigu ezetz esaten». 

Triatloiaren formatuarekin, gure herriko «hiru proba mitiko» gauzatuko dituzte. Lehenik eta behin, igeri eginez Getaria eta Zarautz lotuko dituzte, itsas zeharkaldian egiten duten moduan. Hortik, bizikletaren gainean Euskal Herriko Itzuliaren etapa bat gauzatuko dute, Zarautzetik abiturik eta Arantzazun helmuga. Azkenik, Zegama-Aizkorri mendi maratoiko zati bat beteko dute, Aizkorri igoz eta jaitsiz. Alberdiren erronka 7 ordutik jaistean datza, eta, Osorok 6 ordu eta 30 minututan bete beharko du bidea. 

Amatasuna eta kirola

Bigarrenez ama izan zen 2025ean, eta itzulerako bidean sinesten zuela aldarrikatu du. Izan ere, zenbait babesle galdu zituela deitoratu du, eta beste batzuei alboratu izana leporatu die: «Itzultzeko gai ez ninduten ikusi». Erretiratu nahi izan zutela ere azaldu du, beraz, itzulera eta Iruñeko garaipena «deiadar txiki bat» izan dela onartu du.

«Alde horretatik poza bikoitza da», adierazi du. Horren karira, emakumeak ama izan ondotik bere kirol mailara itzultzeko gai direla azaldu du: «Gure kirol bizitza ez da amaitzen, ez zaigu goiz erretiratu behar». Europako txapeldun izan zenean, 7Kn egindako elkarrizketa honetan aldarri bera egin zuen, orain lau urte. 

Jaurlaritza Logoa