Zuzenean

Astearte honetan (apirilak 14), Espainiako Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren 95. urteurrena omendu zen, Eibarren lehenak izan zirela ahaztu gabe. Herri honen memoria kolektiboan mugarri beharko lukeen beste saiakera errepublikazalea, nahiko ahanzturan erori da ordea. Datorren igandean, (apirilak 17) 95 urte beteko dira Bizkaiko udal ordezkariek Mundaka, Getxo, Bermeo eta Elorrioko alkateek sustatutako euskal Errepublika ezartzearen aldeko adierazpena sinatu zutenetik. «Guzti hau nondik datorren jakin behar da, momentua ulertzeko. Errepublika ezustekoa izan zen, baina ez hainbeste», dio Iñaki Goiogana Sabin Arana Fundazioko historialariak «errepublika etorri zen monarkia erori zelako eta monarkia erori zen, besteak beste, errepublikazaleen eraginez. Errepublikaren etorrera marrazten urtebete lehenago hasi ziren errepublikazaleak Donostian egin zen batzar batean». Batzar horretan baina, ez zen aktarik idatzi eta hainbat buruhausteren iturri izango zen.
Borboitarren ahuleziaz baliatuta, udalak ahaldunduta ikusi zituzten euren gaitasun politikoak eta giro horretan ulertu behar da, udal hauteskunde batzuetako emaitzak izan zirela Alfontso Borboikoa erbestera eraman zutenak. II. Errepublika, «Eibarren beste inon baino» lehen aldarrikatu zela ekarri du gogora Sabin Arana Fundazioko ordezkariak, «baina etorri zen errepublika urtebete lehenago Donostian marraztutako errepublika izan zen». Euren eragin mugatuaz jakinik, espainiar errepublikazaleek Kataluniakoak deitu zituztela azaldu du Goioganak, «onartu zuten errepublikaren alde jotzea, Kataluniari errepublikartasuna (propioa) onartzen bazitzaion».
Finean, kataluniarrek espainiar errepublika babestea onartu zuten, baldin eta egitura horren barruan Kataluniaren burujabetasun politikoa onartzen bazen, sistema federal baten barruan. Laikotasunarekiko mesfidantza tarteko, EAJk 1930ean Donostian egindako bilkuran parte hartu ez bazuen ere, kataluniarren aldarrikapenak eurek ere mugitzea ekarri zuen, garaian Getxoko alkate eta ostera, lehen lehendakari izango zen Jose Antonio Agirreren gidaritzapean. «Euskal Errepublikaren aldarrikapen sinbolikoa izan zen, etorri berria zen errepublika horretan (Espainiakoa) eragiten hasteko», esan du Goioganak, «egingo dutena da Gernika batzarrera deitu Bizkaiko udal ordezkaria hortik bideratzeko errepublikarekin elkartzeko modua».
Gernikaren blokeoa
Bizkaiko udal ordezkariek Mundaka, Getxo, Bermeo eta Elorrioko alkateek sustatutako Euskal Errepublika ezartzearen aldeko adierazpena sinatu zuten eta Gernikan jarri zuten hitzordua. Madrilgo agintariek ordea, «Espainiako Errepublikaren aurkako keinu gisa ikusi zuten» aldarrikapen hori Goioganaren esanetan, eta militante abertzaleez betetako autobusak geldiarazi zituzten Busturialdeko herrian sartu aurretik, armada eta Guardia Zibila bidaliz.
Alegia, agintean ziren alderdi errepublikazaleak izan ziren jeltzaleen ekimen autonomista blokeatu zutenak, indarrarekin mehatxatuz. Batzuk eta besteak 1936an gerraren alde berean amaituko zuten arren, elkarren arteko konfiantza faltak markatu zituen aldebiko harremanak errepublikaren hasieran. Goioganaren arabera, «errepublikazaletasuna Espainian zerbaitek irudikatzen bazuen, laikotasuna zen. Eta Eusko Alderdi Jeltzalea ez zen laikoa, alderantziz, alderdi katolikoa zen izenetik hasita. Errepublikak bakean izan zituen bost urteak hori konpontzera bideratu ziren».
Madrilen beti Madril
Askok Espainiako II. Errepublikako garaian izandako lorpenak goraipatzen dituzte, bereziki sozialak, eta bistan da aurrera pausu ugari eman zirela. Lurraldetasunean ordea, trabak izan ziren nagusi eta giro gatazkatsu politikoan lortu ziren, Katalunian bezala, edota 1936ko gerraren testuinguruak zabaldutako aukeren artean, Euskal Herrian bezala.
Izan ere, jatorritik zen errepublikazaletasuna federala estatuan, baina Espainiako I. Errepublikaren porrotak XIX. mendean, unitarismoa besarkatzera eraman zuten ostera euren buruak aurrerakoitzat joko zuten alderdi eta mugimendu aurrerakoi asko. «Errepublikanoak ziren, espainiar nazionalistak, Espainia bat eta kito. Alde horretatik ez zuten ezberdintasun handirik monarkikoekiko. Batzuek egon edo besteak egon, Madrilen antzeko pentsatzen zuten», ondorioztatu du Iñaki Goioganak.


