Zuzenean
Linfedemaren Nazioarteko Egunean, Rosa Otxoa-Errarte AGALDELPRISE elkarteko zuzendaria izan da NAIZ Irratiko Aztarna Solidarioaren tartean. Elkarteak jada urte mordoa daramatza linfedemaren inguruan gaixotasuna pairatzen duten pertsonei laguntza eta informazioa eskaintzen eta ezbehar horren aurrean eragindako pertsonak bizi duten egoera gizarteratzen. Azaldu duenez, «ikusgarritasuna eman nahi diogu gaixotasunari, ez gizartean bakarrik, baizik eta medikuntzaren sektorean ere».
AGADELPRISE 2013an jaio zen, Gipuzkoan patologia linfatikoak dituzten pertsonei laguntzeko. Otxoa-Errartek nabarmendu duenez, «elkartea bi pertsonak sortu zuten, ezer-ezetik. Gasteizen, Araban, jada bazegoen elkarte bat sortuta, eta Arabako presidenteak eta Donostiako emakume batek sortu zuten duela 13 urte jada». Gerora, Bizkaian beste elkarte bat sortu zutela azaldu du, eta egun, EAEko hiru elkarteak Euskoadelprisen bitartez elkartuta daudela azpimarratu du.
Elkarteak patologia linfatikoak pairatzen dituzten pertsonak biltzen eta laguntzen ditu, baina badira beste tankera batzuetako gaixotasun batzuk pairatzen dituztenak ere AGADELPRISEn, lipedema eta flebema esaterako. Fundazioko presidentearen esanetan, «bildu egin gara, beti esaten den bezala, batuta indar gehiago dugulako».
Linfedema sistema linfatikoaren nahasmendu kroniko bat da, eta sistema linfatikoa gizakion gorputzaren inmunitate sistemaren ardatza da. Otxoa-Errartek honen gaineko ezjakintasuna handia dela tamaldu du, «ez dugu ezagutzen, arnas edo zirkulazio sistemak eskolan ikasten ditugu, baina hau ez da hain ezaguna, nahiz eta oso garrantzitsua izan». Azaldu duenez, arazoa ez da bakarrik herritar arruntok ez dugula sistema hau ezagutzen, baizik eta medikuek ere ez dutela ondo ezagutzen. Horrek arazo asko eragiten dituela berretsi du, diagnostiko azkar batek asko lagundu dezakelako gaixotasuna kontrolpean mantentzeko, «diagnostikoa berandu iritsiz gero, asko konplikatzen da».
Linfedemak eragindako arazoen artean ikusgarriena dena lokomozio arazoak dira, gorputzeko atal desberdinak puztu egiten baitira, baina uste orokor horren aurrean, AGADELPRISEko presidenteak arazo larriagoak daudela nabarmendu du. Gaixotasun honek gorputzaren drenaje sistemek behar bezala ez funtzionatzea eragiten du, eta horren ondorioz infekzioak sortu daitezke. Otxoa-Errartek berak linfadema sekundarioa pairatzen du, eta azaldu duenez, azken urtean bost aldiz joan behar izan da ospitalera eta antibiotikoekin egin behar izan dio aurre gaixotasunetik eratorritako gaitzei.
Ezbehar honen aurrean, elkartetik autodrenaje eta autokonpresio lanak nola egin erakusteko tailerrak antolatzen dituzte besteak beste, eta informazioa eskaintzen diete eraginako pertsonei. Otxoa-Errartek «ondo elikatzea eta ariketa fisikoa egitea» gaixotasunaren aurrean ezinbestekotzat jo ditu, eragindako arazoak neurri batean mugatu eta kontrolpean mantentzeko.
Bestalde, ikusgarritasunari begira eta gizarteak izan dezakeen paperaren aurrean, elkarteko presidenteak oso argi du: «idealetik kanpo dauden gorputzak dituzten pertsonei errespetuz begiratu behar zaie». Linfedema pairatzen duten pertsonek askotan aurreiritziak jasan behar dituztela tamaldu du, eta ildo horretan gogora ekarri du, linfedema eratorria adibidez minbiziaren aurkako ebakuntzek eragiten dutela kasu askotan, eta hori pairatzen duten pertsonek gaixotasunari aurre egin behar izateaz gain, gizartearen aurreiritziei aurre egin behar izaten dietela ere.


