Euskarak eskertuko duen martxa
Bukatu da Gazte Euskaltzaleon Sareak Urepele eta Iruñea artean antolaturiko hiru eguneko martxa. Ikusmina nabaria zen Karmen kalean bildutako Euskalgintzaren Kontseiluko kide, guraso, lagun eta kazetarien artean. Alaitasun eta harrotasunez lepo heldu dira martxako ibiltari guztiak.
55 kilometro egin ostean, bertso eta hitzartzearekin amaitu da Gazte Euskaltzaleon Sareko kideen martxa. Hiru egunez, gazte sareak ondu dituztela kantatu du Ibai Lekuonak. Hori bai, borroka ez dela amaitu oroitarazi du, Euskalgintzaren Kontseiluak deituriko manifestazioari men eginez. Elkarrekin abestu dute «dena errazago egiten da behin bidea urratuta» zihoen azken bertsoa.
Nahia Mitxelena arduratu da Gazte Euskaltzaleon Sarearen mezua plazaratzeaz. «Zita garrantzitsu bat dugu, euskararekiko ematen ari den oldarraldi honi hortzak erakustekoa, azken hiru egunetan egin dugun moduan», esan du. Gazteek esateko, borrokatzeko eta bide asko urratzeko dutela aldarrikatu du. Zehazki, auzo eta herrietan euskararen alde antolatzeko «pizgarritzat» jo du dinamika.
Martxaren zaintzaileak
Ezinbestekoak izan dira hiru etapak autoz jarraitu duten Gazte Euskaltzaleon Sareko kideak. Joanes Arangurenek bigarren eguneko bazkaria Lintzoaineraino eraman zuen, besteak beste. «Asmatu dugu. Martxa iritsi orduko bertako gazteekin sinbiosi moduko bat gertatzeak lagundu du bertako gazteei jakinarazteko mugimendu euskaltzalea badabilela eta martxan dabiltzan gazteek badutela lekua Euskal Herriko txoko guztietan», esan du. Ezinbestekoak izan dira ere martxako kideentzat afaria prestatzen ibili diren Auritz eta Larrasoañako gazteak.
Larrasoaña - Iruñea
Azken etapako nekeak aurretiaz egindako kilometroen ondorioz heldu dira. Arga ibaia jarraituz, ibilbideak beherantz egin du nagusiki. Bidean, Aritz Armentiak NAIZ Irratiari kontatu dio, gazteek euskararen pizkundea aurrera eramango dutela. Sare sozialetarako euskarazko edukia sortzen du, eta pozik dago euskal komunitateak duen harrerarekin. «Sareak boga-bogan daude gaur egun. Hortaz, euskara eremu horietan normalizatzea ezinbestekotzat ikusten dut. Oso publiko hurbila lor dezakezu».
Atarrabiara bidean, adineko emakume batek guztiz gelditu du Gazte Euskaltzaleon Martxa. Taldearen noranzkoaz eta zergatiaz galdetu du. Xedea Euskalgintzaren Kontseiluko manifestazioarekin bat egitea zela azalduta, guztiz poztu da. Gazteekin batera «gora euskara!» oihukatzen bukatu du.
Trinitate zubia pasata, atzean gelditu dira bide bazterrak, arriskak ala basoak. Tenperatura ia 30 gradutara heldu da Atarrabia, Burlata eta Aranzadiko baratzeen arteko bidean. Hala ere, erronkari aurre egin diote Gazte Euskaltzaleon Martxako kideek. Aurretiaz kontaturiko anekdota baten ostean, bolo-bolo izan dute «eskertzen da» esapidea. Euskarak eta euskal zaletasunak eskertuko du hiru egunez Urepele eta Iruñea artean buruturiko bidea eta bertatik sortuko diren fruituak.