«Hildakoen alargunek ere konpentsazioa jaso behar dute»
Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa martxan dagoen arren, aurreikusitako onuradunen %1era baino ez da iritsi. ASVIAMIE, EAEko amiantoaren biktimen elkarteko kide den Jesus Uzcudunek salatu du hildakoen senideak kanpoan uzten dituela sistemak, eta enpresen erantzukizunaz gogorarazi du.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsak 82 lagunengana baino ez dira iritsi orain arte, aurreikusitako onuradunen ehuneko txiki batera. Egoera horren aurrean, ASVIAMIE Euskal Autonomia Erkidegoko Amiantoaren Biktimen Elkarteak funtsaren funtzionamendua aldatzea eskatu du, hildakoen alargunek eta senideek ere kalte-ordainak jaso ahal izan ditzaten.
Jesus Uzcudun ASVIAMIEko kidea NAIZ Irratian izan da egoerari buruz hitz egiten. Uzcudunen arabera, gaur egun indarrean dagoen araudiak bizirik dauden gaixoak baino ez ditu aintzat hartzen: «Bizirik dagoenarentzat bakarrik dago pentsatuta». Gogorarazi du amiantoarekin lotutako gaixotasunak askotan oso berandu diagnostikatzen direla eta, ondorioz, biktima askok ez dutela konpentsaziorik jasotzeko astirik izaten.
Funtsaren mugak eta alargunen egoera
Uzkudunek azaldu du funtsak baliabide ekonomiko nahikoak dituela, baina legeak ez duela aurreikusten hildakoen senideentzako ordainketarik. Horregatik, araudia aldatzea eskatu du: «Dirua badago, eta gutxienez hildakoen alargunek konpentsazio bat jasotzeko aukera izan beharko lukete».
Horren adibide gisa aipatu du Usurbilgo langile baten kasua. Telefonican lanean aritu zen eta mesotelioma diagnostikatu zioten. Gaixotasuna atzeman eta hiru hilabetera hil zen. «Ez genuen lortu amiantoarekiko lotura frogatzea, eta alarguna inolako kalte-ordainik gabe geratu da», salatu du.
ASVIAMIEren esanetan, konpentsazioak eskatzeko prozesua ere konplexua da. Lehenik, lan-gaixotasunaren aitortza lortu behar da, eta ondoren administrazio-izapideak egin. Uzkudunek dioenez, kudeaketa horietan laguntza espezializatua ezinbestekoa da.
Enpresen aurkako epai berriak
Azken asteetan hainbat epai ezagutu dira amiantoaren ondoriozko gaixotasunen inguruan. Horietako batek Cofivacasari eragin dio, eta beste batek BBVArekin lotutako kasu bat izango du aztergai datozen egunetan.
Uzkudunek gogor kritikatu du enpresa batzuek erabiltzen dituzten defentsa-argudioak. Bere hitzetan, zenbait kasutan gaixotasunak bestelako arrazoiei egozten saiatzen dira, nahiz eta amiantoarekiko esposizioa frogatua egon. «Kristoren aurpegia behar da horrelako argudioak erabiltzeko», adierazi du.
BBVAren kasuan, bankuko bulegoetako langile batzuk amiantoaren eraginpean egon zirela azaldu du. Eraikinetako instalazioek eta aire girotuko sistemek zuntzak zabaltzea erraztu zutela dio. «Jende askok pentsatzen du bulego batean ezin dela amiantoaren eraginik egon, baina kasu hauek kontrakoa erakusten dute».
Arriskua hamarkadetan luzatzen da
ASVIAMIEko kideak gogorarazi du amiantoaren arriskuak aspaldidanik ezagunak direla. Asbestosia 1947an aitortu zen lan-gaixotasun gisa, eta 1977an biriketako minbizia eta mesotelioma ere amiantoarekin lotutako gaitzen artean sartu ziren. Hala ere, urte luzez prebentzio-neurri egokirik gabe jardun zutela salatu du.
Amiantoaren berezitasunetako bat da gaixotasunak agertzeko hamarkadak igaro daitezkeela. «20, 30 edo 40 urte geroago azal daitezke sintomak», azaldu du. Horregatik, datozen urteetan kasu berriak agertzen jarraituko dutela uste du.
Gainera, bigarren arrisku bati buruz ere ohartarazi du: gaur egun egiten ari diren amianto-erretiratze lanetan sortzen diren esposizioak. «Beldur gara bigarren olatu bat etor daitekeelako, amiantoa behar bezala kendu ezean».
Udalen erronka, 2028ra begira
Europako araudiaren arabera, udalek amiantoaren inbentarioak osatuta izan beharko dituzte 2028rako, eta material hori pixkanaka desagerrarazi beharko da ondorengo urteetan. Uzkudunen iritziz, administrazio askok oraindik ez dute behar adinako lana egin.
«Presaka eta korrika hasiko dira lanean Europako zigorrak iristen direnean», adierazi du. Horregatik, udalei eta aldundiei eskatu die amiantoaren arazoa «zintzotasunez eta seriotasunez» hartzeko.
Era berean, herritarrek amiantoa euren kabuz kentzea edo hondakinak edozein lekutan uztea gaitzetsi du. «Amiantoa ez da edozein hondakin. Kontrol zorrotzak behar dira, bestela arriskua herritar guztientzat da», ohartarazi du.
ASVIAMIEren ustez, amiantoaren ondorioak oraindik urte luzez nabarituko dira Euskal Herrian, eta biktimen aitortza zein kalte-ordainak bermatzea izango da erronka nagusietako bat.