IRRATIA

«Adikzioa duena bat da, baina kaltetutak inguruko guztiak dira»

Ludopatiaren eta bestelako mendekotasun psikologikoen errehabilitazioan espezializatuta dagoen elkartea da Ekintza Bibe Bizi. «Geroz eta jende gehiago etortzen da, baita gazteagoak ere» esan digute.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Urteak daramatza Ekintza Bibe Bizi Berria elkarteak jokoaren nahasmendua eta/edo bestelako jokabide menpekotasunak dituzten pertsonei laguntzen. 2015etik ari dira langintza horretan eta aurrez beste hainbat urtez Ekintza Dasalud elkarteak egindakoari jarraipena ematen ari direla esan daiteke. Bi elkarteen jarduna batuz gero, hiru hamarkadatik gora daramatzate aipatu menpekotasunak dituztenei laguntzen. 

«Etortzen diren % 95 jokoarekin arazoak dituzten pertsonak dira» kontatu digu Ana Retegi, elkarteko kideak. «Hurbiltasuna eta ulermena topatzen dituzte gure elkartean». Hori da elkartearen gakoa, eta hortik abiatuta, baliabide ezberdinak erabiltzen dituzte laguntza eskaintzeko.

Errenteriako Udalak, 2022an, Ohorezko Sarioa eman zion elkarteari, ausazko jokoarekiko eta apustu-jokoarekiko mendekotasuna dutenei laguntza desinteresatua ematen egin duen ibilbide luzea aintzatesteko.