«Helburua beti gora iristea da, baina ez da presarik izan behar»
Unai Amianok bere lehen txapela eskuratu du profesional gisa, debutatu eta urtebete ere pasa ez denean. B Serieko Buruz Buruko txapelduna da irundarra, baita Lau t'Erdiko azpitxapelduna ere. Ander Murua azpiratu zuen finalean, partida bat bera ere galdu gabe.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Unai Amianok hasieratik erakutsi du maila handiko pilotaria dela. Profesionaletara jauzia egin zuenetik, joko sendoa, heldutasuna eta norgehiagokak irakurtzeko gaitasun handia erakutsi ditu. Buruz Buruko Serie Bko txapelketan egindako bidea bikaina izan da: neurketa guztiak irabazi izan ditu eta finalean ere nagusitasunez aritu zen Ander Muruaren aurka.
Irunen ilusio berezia piztu du gaztearen arrakastak, lehen urtean bi final eta txapel bat. Lehen urtean lortutako emaitzek pilotazale askoren arreta bereganatu dute dagoeneko. «Helburua beti gora iristea da, baina ez da presarik izan behar», azaldu du pilotari irundarrak NAIZ Irratian egindako elkarrizketan.
Maila profesionalera iritsi berri, Lau T´erdiko finalera izan zinen, orduan txapela eskuratzerik ez, baina, Buruz Burukoan berriz ere aritu zinen finalean eta, oraingoan, ez diozu aukerarik ihes egiten utzi.
Bai, hala da. Oso positiboa izan zen finalera iristea. Buruz Burokoan berdin, baina irabaztea beste sentsazio bat da.
Espero zenuen lehenengo urtean halako maila emango zenuenik?
Sentsazio onak eduki nituen, hori argi dago. Baina, hortik, txapela eskuratzera urrunegi ikusten nuen. Azken finean, pilotari askok urteak pasatzen dituzte final batera heltzeko, eta nik uste dut hori dela ohikoena; batez ere, ikasteko eta garatzeko. Nire kasuan, lortu dut bi finalera iristea, eta, egia esan, ez nuen espero. Ondo harrapatzen badizu, aukera egon daiteke, baina jakinda oso zaila dela.
Eman duzun ikuskizuna erreparatuz, maila nagusian kokatu nahi dizute dagoeneko. Pozik hartuko zenuke proposamena?
Bai, bai, jakina. Nire helburua da goraino iristea baina ez da presarik izan behar. Nik uste dut Bigarren Maila ondo datorrela lehenengo urtea ikusteko zeintzuk diren sentsazioak, ikusi da gaitasuna badaukadala, baina hori baino askoz gehiago landu behar da. Horren atzean, erregulartasun bat funtsezkoa da. Orain ematen du dena ondo dihoala, baina ziur nago gero momentu txarrak ere etorriko direla, eta hemen inork ez du barkatzen.
Su baxuan sukaldatzea beti hobe orduan, ez?
Hori da. Beti saiatzen da ahalik eta azkarren salto ematea, baina dagokion denboran eman behar da. Kasu honetan, Buruz Burukoan irabazi dut aukera hori eta ea nola doa datorren denboraldia.
Aipatu duzunaren harira, tendentzia bat dago barneratuta kirol alorrean talentoa bilatzeko eta ahalik eta lasterren txapeldun bilakatzeko kasik kirolariari denborarik eman gabe bere burua lantzeko eta maila nagusian esperientzia metatu gabe.
Nik uste dut kirol orotan gertatzen dela berdin, beti dago ilusioa eta kirolari berriak ateratzeko. Nire debuta oso ona izan zela esango nuke, baina askotan bekatu egiten da, presak direla eta.
Datorren urtean maila nagusiko Buruz Burukoaren atarian lehiatzeko aukera irabazi duzu, behintzat aldaketarik ez badago. Aukera paregabea izango duzu izen handiekin neurtzeko.
Gutxinez aurrekanporaketa irabaztea dut xede, oso gustura hartzen dut erronka eta ilusio handiarekin prestatuko dugu, hori ziur.
Atzera begira, ligaxkan bai estutu zizula Muruak, baina finalean kolorerik ez; erabat nagusi.
Demaren aurretik komentatu genuen biok ez zuela izango zerikusirik Arrasateko partidarekin; izan zitekeen nere aldetik hobeto izatea edo Muruak irabaztea. Hori egunaren arabera ez dakizu. Zorionez, askoz hobeto jardun nuela esango nuke eta finalean beste maila bat igo nuen.
Lau T´Erdiko finala etxean jokatu zenuen, Irunen. Nahiago duzu etxean jokatu ala ez?
Ahal den heinean, etxean hobeto. Urduritasunak zu ez menperatzea da kontua. Final-erdian eta finalean egia da pixka bat tentsioa sentitu dudala, baina, batez ere, jokatzeko gogoak eraginda. Egia esan, beste partida bat ere Diman jokatu nuen Xabier Rekalderen etxean. Uste dut lekua baino, partidaren garrantziak baldintzatzen duela.
Finalera helduta, etxean jokatuz, arantza kendu behar hori sumatu zenuen edo ez zinen askorik gogoratu?
Egia esan, ez. Jende askok balorazioak egin zituen, nik ez nuen penarekin geratu, haserrean momentu bai. Finala ondo hasi nuen, kriston maila handiarekin, baina, gero, buelta eman zion partidari eta merituak egin zituen irabazteko. Nik behintzat disfrutatu nuen, ezagutu nuen zer zen final bat jokatzea profesionaletan. Eta hilabete gutxi lehiatzen egon ostean, finala jokatzea opari bat izan zen niretzako, oso ondo etorri zitzaidan, oroitzapen onak gordetzen ditut.
Sekulako gaitasunak ikusten zaizkizu kantxa osoan eta partida guztiak irabazi dituzu, ez da erronka makala.
Oso gustora ari nintzen entrenatzen, baina partida iristen denean aupregia eman behar da. Final-zortzirenetan partida oso ona egin nuen, eta horrek indarra eta konfiantza ematen dizu. Ligaxkan oso txukun aritu nintzen, gero luze samar egin zitzaizkidan atsedeneko bi aste horiek final-erdietara arte. Baina, hori kudeatzen ikasten ari behar da.
Herrian pozik izango dituzu bizilagunak, ezta?
Bai, bai. Azken finean Irunek behar zuen pilotari bat, eta, gehienbat pilotari bat jarraitzeko. Gainera, esango nuke herrian pilota beste leku batzutan baino gehiago mugitu dela eta jaialdi gehiago antolatzen direla. Niretzako oso seinale ona da hori, jendea ere oso ondo erantzuten ari dela eta jarraitzaile asko ateratzen ari dira.
Botilero lanetan Iker anaia izaten duzu beti alboan, harreman estua duzuela ikusten da.
Txiki-txikitatik izan da nire babesa, ni baino urtebete zaharragoa da eta kategoria bat gorago izan arren, beti jarraitu ditut bere pausuak. Hamaika aldiz jokatu dut berarekin eta botilero lanetan edukitzeko ez dago beste hoberik, oso ondo ezagutzen nau zentzu guztietan: tentsio aurrean, adibidez. Denbora librean ere partidak prestatzeko tartea ateratzen dugu, eta hori asko eskertzen da.