Urdaibai aurrera begira jarri da
Guggenheimen proiektua bertan behera geratu ostean ospakizun festa egin du proiektuaren aurkako plataformak. Aurrera begira eskualdeak dituen erronkak izan dituzte hizpide eta horiek jaso ditugu aste honetako Gelditu Makinak saioan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Urdaibaiko Guggenheim proiektua bertan behera utzi dutela eta, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak ospakizun festa antolatu zuen pasa den larunbatean, otsailaren 7an. Ez zen, ordea, ospakizun soila izan edo, behintzat, ez zuten horretarako bakarrik baliatu. Urdaibairen mehatxu bakarra ez da Guggenheima, museoa gora-behera, eskualdeak baditu beste zenbait erronka sozial eta ekonomiko eta horiei komunitarioki heldu beharra aldarrikatzeko baliatu zuten eguna.
Egun osoko egitaraua izan zen eta, besteak beste, trantsizio ekosozialaren gaineko solasaldia izan zuten Mirene Begiristain EHUko irakasleak eta Martin Lallana LAB sindikatuko kideak. Lokalki eragiten duen auzi globala izaki, maila askotako kontuak aztertu zituzten, beti ere, Busturialdeari erreferentzia eginez. Aipagai izan zuten krisi ekologikoaren aurrean ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako irizpideen araberako antolaketa baten garrantzia, horrela izango baita komunitatea inguruaren zaintzaile. Zaintzaile, zentzu zabalenean, alegia, zaintza-lan erreproduktiboetatik harago. Hain zuzen ere, zaintzaile den komunitatean ikusi beharko da zer nolako tokiko ekonomia dibertsifikatua garatu daitekeen bertako identitatea eta bertakoen zein eremu naturalaren eskubideak errespetatuko dituena.
Zaintza eta ekoizpen ereduei begira, elikadura burujabetza ere aipagai izan zuten, zeina ez den elikadura ziurtasunaren sinonimo. Ekologikoan ekoiztea soilik ez, estrategia politiko sozial bat lantzea da agroekologia, hizlarien ustez, elikadura burujabetza lantzeko zehar-lerroak eskaintzen ditu. Elikadura burujabetza eta agroekologia sustatzea, baina, balio handiko lurrak eta lur horiek defendatzeko tresnen beharra azpimarratu zuten, figura juridikoena, esaterako.
Esan bezala, aurrera begirako jardunaldia izan zen Gernikakoa, prozesu sozial baten ernamuin izan nahi duena. Praktika komunitarioak eraikitzeko orduan, beraz, kontuz landu beharrekoei eta ekidin beharrekoei ere begiratu zieten, hau da, ekimenen koptazioari, dibertsitatea aintzat hartu ez eta ikuspegi teknikoa soilik balioesteari eta denborak ez errespetatzeari.
Helburuetara heldu ahal izateko eta proiektu sozioekonomiko iraunkorrak garatu ahal izateko, ezinbestekotzat jo zuten aliantza publiko-komunitario sendoak sortzea.