«Euskal Herria eraikitzeko eta askatzeko prozesua, izatekotan, herri prozesu bat da»
Sortuk koordinatzaile orokor berria du: Xabi Iraola. Hautaketa Herri Gogoa ponentziaren onarpenarekin batera heldu da. Sortuz zein gaurkotasun politikoaz hitz egiteko, NAIZ Irratiko estudioetan izan dugu.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Aste eta erdi igaro da Xabi Iraola Sortuko koordinatzaile nagusi dela. NAIZ Irratian kontatu digunez, «ohitze prozesu» betean dago, baina «ilusio handiz» hartu du erronka.
Helburu nagusitzat hartu du Sortuk herri gogoa piztuko duen nazio bulkada bat martxan jartzea. Izan ere, Iraolak zalantzarik ez du «Euskal Herria eraikitzeko eta askatzeko prozesua, izatekotan, herri prozesu bat» dela. Horregatik jarri dio mugimenduak bere buruari gogo hori pizteko edo, behintzat, ahal den heinean alea ipintzeko egitekoa.
Iraolak azpimarratu du herri honek badituela horretarako baldintzak, baina bulkada ere behar duela. Gainera, diagnostikoa gero eta orokortuagoa dela sumatu dute sektore desberdinetan, eta erreakzio nahi bat ere azaleratu dela –horren adibide lirateke Euskal Selekzioa eta Palestinaren arteko partidaren harrera, edo Kontseiluak Miribillan egindako ekitaldiarena–. Hortik aurrera, beharrezkoak dira «estrategia eta misio partekatua, militantzia zein elkarlana».
Eraldaketa politiko eta sozialak egingarria dirudi, beraz, baina atzeratu egiten da, faktore anitzak tarteko. Ponentzian ere aipatu izan dute, Sortuko koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, testuinguru globala zaila eta ezegonkorra dela; Pello Otxandianok berak esan izan du «Londresko auzo bat» garela, eta horrek ere ematen du herri honen dimentsioaren irudi bat.
Hala ere, munduaren egoera autoritarioaren parean, badira bideak herri honetan. Horren adibide gisa aipatu ditu Iraolak «sindikalismo maila esanguratsua, ezkerreko indarren presentzia edo herrigintzarako sena»; guztiak ala guztiak, esan duenez, «munduaren bilakaeraren kontrara, gure herrian bestelako prozesuak martxan jartzeko baldintzak».
Atxikitze berriak
Ezker independentismoa hazi eta indartu dadin, proiektu horretara gerturatu daitekeen pertsona bati zer eskaini dakiokeen galdetuta, argi dauka Iraolak eskaintzen duten proiektua dela «herritarrentzat erakargarriena edo herritarren kezkei hoberen erantzuten diena».
Proiektu horrek, jarraitu du, «eskaintza politiko sakona» egin du azken urteetan arlo programatikoan, euskalduntzean, hezkuntzan, industrian edo etxebizitzan, besteak beste. Hau da, eremuz eremu, ezker independentismoak gehiengo herritargoari eskaini dio bere proposamena.
Zentzu horretan, elkarrizketatuak aipatu du hori izango dela aurrerantzean ere norbanakoak proiektu horretara batzeko bidea. Xede taldeei dagokienez, berriz, ez du uste profil zehatzik dagoenik, «herritar bakoitza burujabe» baita. Hala ere, azken urteetan egon diren hauteskunde joerei so, ezker independentismoa bi eremu nagusitatik ari da edaten, haren esanetan: «Iraganean EAJ bozkatu izan duen jendea eta uneren batean ezker espainolari botoa eman izan diona».
Nazioa eta estatusa
Nazio askapena ere izan du hizpide Xabi Iraolak NAIZ Irratian. Aliantzez eta bloke historikoez hitz egin izan da baina, hala ere, «egoera oso bestelakoa da Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroa Garaian». Bigarren horrek markatzen du bidea, haren esanetan, siglen gainetik aliantzetan eta edukietan lanean aritu direnek jakin badakitelako horietan dagoela gakoa.
Hain zuzen, EAJ jarri du kontrako jardunaren adibidetzat, interes alderdikoiak lehenesteko joera tarteko. Izan ere, «Pasaiako portuaren aferan, delitugileen jatorriaren ingurukoan edo etxebizitza gaietan» agerian geratu izan dira talde horren eta PSEren arteko desadostasunak eta euren aliantzen komenigarritasunezko izaera.
Iraola sinetsita dago blokeen eraketaren norabidean aldatu behar dela, bloke handien kasuan egiten jakin duten bezala.
Estatus berriaren eztabaidaren atzerapenari dagokionez, nabarmendu du hiru tradizio politiko desberdinen balizko adostasunaz ariko ginatekeela, eta «epemugak jartzea edo presaz aritzea», kasu askotan, «kaltegarria» dela. Edonola ere, ez dira eurak izan epe horiek jarri dituztenak, eta lan horrek diskrezio handia eskatzen duela ere argi utzi nahi izan du.
Horrekin batera, laster Pedro Sanchezen legegintzaldia amaitu liteke, eta beste kolore bat gailendu Moncloan. Ez du horrek Iraola kezkatzen: jakitun da Espainiako Estatuko agertokia «oso ezegonkorra» dela eta ez dakitela zenbateraino emango duen denboretan eta aukeretan, baina uste du herri honetako tradizio desberdinen arteko akordioa izango dela lehen urratsa. «Gero ikusi beharko da aukerarik dagoen betetzeko».
Ponentziaren osteko aipagaiak
Hedabideetan zein sare sozialetan, sarritan, lehian jartzen dira ezker abertzalea eta EHKS. Horri buruz dio Iraolak ez daudela «inorekin lehiatzeko, herri hau askatzeko baizik». Gaineratu du aski ezaguna dela ezker independentismoak herri hau askatzeko egiten duen eskaintza, baita bide eta elkarlanak ere: «Bidea herriarekin eta herritarrekin egitean gaude», amaitu du.
Ponentziatik arreta eman duen elementuetako bat da ez dela herri eta auzoetako egiturarik egongo. Horri dagokionez, azaldu du Sorturen mugimendu izaeran jarri dutela azpimarra militanteek. Alegia, mugimendu politiko bat direla oinarri hartuta, militantzia forma ez konbentzionalak dituena, baina betiere «herri honen zerbitzura». «Gure militantzia ez da hainbeste geure siglak elikatzera bideratutako zerbait», esan du, «ahalik eta herritar gehien aktibatzea da helburua eta gutako bakoitzak bestelako herri edo sektoreekin lanean arituz egitea ekarpena».
Hala, tokian tokiko funtzionamendua, orain artekoarekin alderatuz, «arinagoa» izango da: «Ulertzen badugu herri honen taupada askatzailea Sortutik harago ere badagoela, eskatzen digu gure militantzia ere harago egitea, bestelako esparruetan».
Amaitzeko, Komunitate Historikoaren Zaintzarako Batzordea sortzeko aurreikuspenaz ere aritu da Iraola. Hamarkadetako ibilbidea duen mugimendu bat izanik, horren baitan komunitateak sortu dira. «Badago kidego multzo handi bat, adinagatik egitura militante horretan hain sartuta ez dagoena, baina horien jakintza eta esperientzia metatuarekin zubi lan hori» egitea dute helburu, «harremanak estutuz, jorratuz eta elikatuz».